"Puertas" erakusketaren inaugurazio ekitaldia egin da Lekaio kultur etxean

Aiurri 2019ko abe. 20a, 11:58

"Puertas", artearen bidez indarkeria matxista ikusarazteko eta arazo larri horren gainean hausnartzeko Dimesion agentziak sorturiko proiektu artistiko bat da.

Erakusketak, ateak oinarri hartuta artista desberdinek sorturiko 48 obra erakusten ditu. Ateak 2018. urtean Estatuan indarkeria matxistaren ondorioz eraila izan zen biktima bakoitzeko egin dira. Ate horien artean dago Asier Niebla urnietarrarena.

Ildo beretik jarraituz, Juanjo Nieblak erakusketa hasi aurretik komunikatu bat irakurri du; Asier Niebla genero indarkeriaren biktima gisa onartzeko borrokan ari direla adierazi du Nieblak, anaiaren aurkako erasoa indarkeria matxista izan zelako. Horrez gain, azpimarratu du Asier Niebla ez dagoela genero indarkeriaren biktimen zerrenda ofizialetan sartuta mutila izateagatik eta, beraz, guztientzako legea ez dela berdina.

Esanak esan, legea berrikusi behar dela aldarrikatu du, eta genero indarkeriaren zuzeneko edo zeharkako biktimak, izan emakumezkoak edo gizonezkoak aipatutako indarkeriaren zerrenda ofizialetan sartu behar direla nabarmendu du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!