Urteko lehen parte hartze prozesua, martxan

Jon Ander Ubeda 2020ko urt. 18a, 07:23

Dagoeneko zabalik dago aurrekontu parte hartzaileetan proposamena luzatzeko aukera. Herrian zabaldu duten eskuorrian informazioa xehetasun handiz agertzen bada ere, Urnietako Udalak urtarrilaren 24an eta 25ean informazio karpa jarriko du.

Laugarren urtez jarraian, Urnietako Udalak aurrekontuen partida bat herritarrekin batera kudeatzeko aukera jorratuko du. Urtez urte partida igoz joan da, eta aurtengoan 150.000 euro bideratuko dituzte. Prozedura doituz doa, eta kanal ezberdinen bitartez geroz eta proposamen landuagoak jasotzen dira. garapen hori Mikel Pagolak azaldu zuen astearte eguerdian, Jorge Segurado zinegotziarekin batera deitu zuten agerraldian: "Herritarren proposamen horiek aztertu ostean, aurrera eramaten saiatzen gara. Dinamika errotzen doa, eta garapen bat ikusten ari gara. Lehenengo edizioan, 2017. urtean, proposamen kopuru handiena jaso genuen. Gerora gutxiago jaso ditugu, baina jaso ditugun horiek landuagoak eta zehatzagoak izan dira. Geroz eta gehiago, jasotako proposamenetan, Udalak jarritako irizpideak betetzen dira. Horrek, zorionez, Udal teknikariei lana zailtzen die zeren eta baliozkoak diren proposamen kopurua handiagoa izaten da".

Informazio karpak

Herritarren esku iritsi da, honezkero, parte hartze prozesuaren xehetasunak biltzen dituen eskuorria. Baina horrez gain, herritarrek aurrez aurreko informazioa jasotzeko aukera izango dute. Informazio karpak jarriko baitituzte datorren urtarrilaren 24an eta 25ean. Urtarrilaren 24an, informazio karpa Etxeberri plazan eta Guria ondoan ipiniko dute. Lehena, goizez, eta bigarren, arratsaldez. Berrikuntza modura, urtarrilaren 24an "Photocall" delakoa ipiniko dute. Herritarrek gerturatzeko estrategia berria da, zeinaren bitartez herritarren parte hartze aktiboa sustatu nahi den.

Urtarrilaren 25ean, aldiz, kiroldegiaren kanpoaldean ipiniko dute. Bertara eraman daitezke proposamenak, baina Udalak beste bide batzuk ere zabalik ditu: Webgunea, Urnieta APP aplikazioa eta herrietan barrena ipinitako buzoi eta kutxa ezberdinetan. Jasotako proposamenak aztertu eta gero, zenbat egitasmo finantzatu daitezkeen ikusiko da. Proposamen bakoitzaren gehienezko inbertsioa 50.000 eurokoa izango da, aurreko urteetako gutxieneko kopurua igoz. Horrela arrazoitu zuen Pagola alkateak: "Aurreko urteetan ontzat ematen ziren hainbat egitasmo baldintza bezala ezarritako 25.000 eurotik gorakoak izatera iristen ziren. Muga ekonomikoa hainbat egitasmo kanpoan uzteko arrazoi bilakatzen zen. Eta hori saihesten ahalegindu gara, aurten. 25.000 eurotik 50.000 eurora arteko egitasmoak finantzatu ahal izango dira. Hori bai, diru kopuru handiko egitasmoak aukeratuz gero, ezingo dira egitasmo gehiegi egin. Egitasmo apalagoak eta handiagoak egiteko aukera zabaldu dugu, behintzat".

Beti ere, inbertsioak Udalaren eskumenekoak diren egitasmoetan egin ahal izango dira. Udalak, gainera, auzoen arteko oreka bermatzea irizpide modura ezarri du. Hartara, aukeratutako egitasmoak ez dira soilik eremu jakin batera bideratuko.

16 urtetik gorakoek parte hartu dezakete

Herrian erroldatutako 16 urtetik gorako herritarrek dagoeneko proposamenak aurkezteko aukera zabalik dute. Otsailaren 2ra bitarte zabalik dago epea.

 

Parkeak edo plazak estaltzeko prozesu berria, udaberrian

Aurrekontuko 150.000 euroak zertan inbertitzeko parte hartze prozesu horrez gain, Urnietako Udalak bigarren prozesua abiaraziko duela iragarri du. Eta hori haur parkeak estaltzeari buruzkoa izango  da. Aste honetako aurkezpen ekitaldian adierazi zutenez, zein parke estali erabakitzeko aukera izango dute herritarrek. Prozesu hori udaberrian abiatuko da, lehenengo parte hartze prozesua amaitu eta gutxira.

Aholku modura, Mikel Pagola alkateak bi prozesuak kontutan hartzeko gomendioa luzatu zien urnietarrei. Hots, lehen parte hartze prozesu honetan haur parkeak ez diren bestelako proposamenak aurkezteko eskaera egin zuen. Haur parkeez adierazteko aukera berria izango baita, etorkizun hurbilean.

Haur parkeak estaltzeko ekimena garrantzia handiko gaia izan da, antzeko prozesuak abiatu diren herrietan. Andoainen, iaz, parkeak estaltzeko prozedura parte hartze prozesuaren bitartez bideratu zuen Udalak. Eta hasiera-hasieratik parte hartzea oso handia izan zen. Udalak zortzi aukeren artean erabakitzeko eskaintza luzatu zuen, eta boto gehien jaso zituzten proposamenak bi izan ziren: Nafarroa plaza eta Zumea plaza. Negu amaieran abiatu zen parte hartze prozesua, eta lauzpabost hilabeteetan bi haur parkeak estaltzera iritsi ziren. Funtzio garrantzitsua betetzen dute.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!