Inoizko proposamen kopuru handiena lortu da

Jon Ander Ubeda 2020ko ots. 9a, 10:52

Urnietako Udalak sustatu duen parte hartze prozesuan inoizko parte hartze handiena izan da. Denera 344 galdetegi bete dira, horietatik 119 urtarrilaren 24an eta 25ean toki ezberdinetan jarritako informazio karpan aurkeztu zirenak

Aurtengo aurrekontuko 150.000 euro zertan inbertitu erabakitzeko parte hartze prozesua amaitu du Urnietako Udalak, eta jasotako erantzun kopuruarekin pozarren egon daitezke. "Inoizko galdetegi kopuru handiena jaso da aurrekontu irekien parte hartze prozesuan", goiburu duen prentsa oharrean datuak xehetu dituzte: 2020ko urtarrilaren 15etik otsailaren 2 bitarte, hamabostaldi horretan, 344 galdetegi jaso dituzte. Horietatik 119 urtarrilaren 24an eta 25ean herriko gune ezberdinetan jarritako informazio karpan. Beste 164 herriko puntu desberdinetan ipinitako buzoi eta kutxatan jaso dituzte. 26 Urnieta.eus webgunearen bidez, eta 35 proposamen gehiago Urnieta APP bidez.

Udalaren eskertza

2017an 201 galdetegi jaso ziren, 2018an 157, eta 2019an 171. Udal arduradunak pozarren daude: "Herritarrek erakutsi dute parte hartzeko kultura erabat barneratu dutela, eta herria hobetzeko bidean ekarpenak egiteko borondatea dutela. Emaitza horiek aintzat hartuta, Udalak oso balorazio positiboa egiten du eta herritarrei eskerrak eman nahi dizkie".

Baldintzak betetzen dituzten proposamen guztiak aztertuko dituzte Hirigintza saileko teknikariek. Ondoren erabakiko dute zein proposamenei bidea eman. Udalak bilera ireki bat egingo dela iragarri du, aukeratu diren proposamenen berri emateko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!