"Botika onenak gure inguruan eta gure barruan daude"

Andoni Urbistondo 2020ko ots. 15a, 11:55

Azkonobieta baserriko alaba da Garbiñe Larrea, Azkonita urnietarrez (43 urte). Abokatu izateko ikasi zuen, baina Kontseiluan lanean ordu asko pasa eta arnas pixka bat hartzea erabaki zuen. Orduan eman zion azken lema kolpea bere bizitzari: naturopata kolegiatua da.

Naturopata, ez petrikilo, edo antzekorik, ogibide hori arautzearen aldeko jarrera sutsua baitu. Kontsulta ematen du Donostia, Azpeitia eta Ondarroan, eta hitzaldi mordoa ere bai. Urnietan, baina, ez da oso ezaguna. Kalean arrotz samar sentitu izan omen da betidanik. ETB1 kateko Txoriene saioan ikusi zutelako ezagutu zuten askok. “Urnieta eta inguruetan Aiurriko elkarrizketa honek ezagunago egingo nau batzuentzat”.

Nor da Garbiñe Larrea?

Azkonobieta baserriko alaba, Inazioren alaba batzuentzat eta Josebaren arreba beste askorentzat.

Ogibidez, zer zara?

Gaztetan ez neukan garbi zer ikasi. Zuzenbidea ikasi nuen, eta bukatu ere bai, hasitako gauzak bukatzea gustatzen zaidalako. Ikasketak bukatuta urte gogor batzuk pasa nituen, alergiekin zerikusia duten osasun arazo serioekin. Aita ere orduan hil zitzaigun. Botika asko hartu behar izan nituen, horren ondorioak jasan… Han eta hemen bilatzen hasi nintzen, nire galdera askoren erantzuna baserrian bertan neukala jabetzeko. Amona, aita, senda belarrekin arituak ziren. Neuretzat ikasteko asmo soilarekin hasi nintzen, profesional izateko batere asmorik gabe. Gure anaiak dioen moduan, batzuk eskiatzen gastatzen dute dirua, besteek rallyetan, berak zaldiekin, eta nik kurtsoak egiten. Medikuntza egitea ere pasa zitzaidan burutik Zuzenbidea bukatu berri izan zen, eta beste ikasketa prozesu luze bati ekiteari ezetz esan nion.

Naturopata bilakatu zaren arte.

Bai. Jendeak eskatuta hasi nintzen ikasten eta ikasten. Jaione Iturbek esan zidan, aurrena, berak herrian zeukan lokalean tokitxoa egingo zidala, eta hala hasi nintzen. Pixkanaka lan edo zaletasun hori pisua hartzen hasi zen, eta erabaki bat hartzeko unea iritsi. Kontseiluan nengoen lanean, lan finko bat, militantzia, euskalgintza, 10-11 ordu egunero… Ainara De Miguel Ikasmin akademiakoak proposatu zidan, ukenduekin lanean hasteko, bere lokalean taldetxo bat sortzeko, eta taldea egin zen. Aurrena talde bat, gero beste bat… San Juan ukendua, hortzetako pasta nola egin, xaboia, senda belarren erabilera… Norberak behar dituen gauzak bere kabuz egiten irakastea zen erronka, baserrian betidanik egin izan den moduan. Baserriko mentalitatea daukat handia. Udan oporretara joaten banaiz, kamamila bezalako sendabelarren momentua pasa egingo zaidala, eta ezin izango ditudala bildu pentsatzen dut, ez naiz lasai egoten. Eta kamamila ez da nire zain egongo Adarrako zabalean.

Autodidakta izan zara, erabat.

Bai, baina horretaz gain ikertu egin dut asko. Aiton-amonak ez zeuden alfabetatuak, agrafoak ziren, baina jakintsuak baserriko kontuetan. Amonak, beste askok egin izan duten bezala, sendabelarrak zenbaki bakoititan batzen zituen. Bikoitietan inoiz ez. Fitoterapia ikasi nuen, Zuzenbidea adina bai.

Ayurveda Indiako medikuntza tradizionala ere ikasi zenuen.

Bai. Haiek zera diote, norberak dagoen lur eremuan bilatu behar duela sendatzeko behar duena, ez duela zertan Indiara joan behar, senda belarren bila. Hori porrota litzateke eurentzat. Ayurveda metodoarekin gaitza nola antzeman eta sendabelarrekin nola tratatu bilatzen da. Baserrian erabiltzen zen metodoaren antzekoa da.

Eta zer erakutsi dizu baserriko metodo horrek?

Paperean ikasitakoarekin bakarrik jarduten duena zaharkitua geratzen dela. Mihurak ze propietate dituen aztertzen ari dira, minbizirako, tentsiorako, pozoia nola kendu… Baina sagarrondoaren adarreko mihura hilda dagoen zuhaitzaren adar kontrako mihura baino aberatsagoa da. Hori ez da paperean agertzen. Gillue herrira, Huescako mendialdera joaten naiz sarri, bertan lan egiteko aukera eman zidatelako. Hango zaharrek duten jakinduria harritzeko modukoa da, bertako artzainek zera diote: “Hatzak sobratzen zaizkit, osasuntsu egoteko behar ditudan senda belarrak edukitzeko”. Bada sendabelarra, tomillo edo ezkaiaren senidea, ajedrea du izen ofiziala. Eurek sabiduria deitzen diote, landareak jakintza daukalako.

Senda belarrak ohikoak izan dira oinazeak murrizteko: enplastoak, berbenak eta beste.

Bai, oinazeak eta gaiztotutako zauriak zaintzeko erremedio asko dago. Eta erremediorik ez dagoenerako ere badaude “errukizko erremedioa” deitzen zitzaienak, erremedio tradizionalak direnak. Azkenetan dagoenari, oinazeak jota dagoenari laguntzeko landareak badaude; pertsonari heriotza gozoa emango diona. Baina horiek ez dira saltzen, eta liburuetan ere horiei buruzko informazio fidagarria aurkitzeko nahikoa lan.

Zein da zure lan jarduna?

Ikasminen ikastaroak ematen hasi ondoren, Zestoan aritu nintzen hiru urtez. Eta handik Mutrikura. Azkoitian, Donostian, eta Gilluen ari naiz orain ikastaroak ematen. Kontsultan belardendatan aritzen naiz; Azpeitia, Donostia eta Ondarroan.

Zein teknika erabiltzen duzu?

Iridiologia, begiak aztertzeko teknika erabiltzen dut. Joan den urtean analitikak interpretatzeko ikastaro bat ere egin nuen.

Medikuntza ofizialak eta tradizionalak talka egiten dute, ezta?

Medikuntza integratiboaren aldekoa naiz. Ofiziala eta tradizionala uztartzen dituena. Naturopata garenok beldurra badugu, eta zuhurtziaz aritu behar dugu lanean. Zein medikurekin tratatzen duzun, egoera asko aldatzen da. Askok medikuntza tradizionala ikusi ere ezin dute egin. Karmelo Bizkarra medikuak, aldiz, limoi ura emango dizu aurrena, eta ondoren botika. Eta mediku ofiziala da! Medikuntza ofiziala eta farmazia-industriarentzat osasunaren monopolioa dago jokoan, diru asko, medikuek presio handia dute. Egoera hau ulertzeko badut adibide on bat. Ikasleek eskatuta, hitzaldi bat ematera joan behar dut Leioara, medikuntza fakultatera, Herri Unibertsitatea deitzen diotenaren barruan hitzaldia ematera, otsailaren 19an. Beno, ba iaz ere eman nuen hitzaldia, baina ez zuten publizitaterik egin, beldurra zutelako ez ote zuten betorik jarriko, ni naturopata nintzelako. EHU-n bada zientzia dibulgatzeko elkarte indartsu bat, eta ikasketa ofizialetatik kanpoko ezer ere ez du onartzen. 400 ikasle elkartu ziren, eta aurten berriz egingo da. Ikasleek jakin-mina dute, buruz irekiak dira oso, galdera mordoa egin zizkidaten. Beraiek ikasten ari diren horretaz aparte beste zerbait eman behar zaiela esaten zidaten, baina batzuri jasanezina egiten zaie. Defentsiban, edo erasoan daude.

Gaixo al gaude? Gaixo al dago gizartea?

Eta bagaude zer? Berezkoa da. Ajea edukitzea bezala. Badaude loteria beltzak, onartzen gogorrak direnak, eta halako kasuetan umildu beste erremediorik ez daukagu, ez baikara dena sendatzeko gai. Gure bizilaguna eta anaiatzat genuena, Mikel Garaialde, 29 urterekin hil zen minbiziz duela bi urte, eta halakoak onartu beharra gogorra da oso. Egungo gizarteak gaitz handi hori du: ez dio gorputzari atseden hartzen uzten, exigentzia pilo bat jartzen dizkio eta zaindu batere ez… Autoari mantenua egiten zaio, olioa eta filtroak aldatu. Gutako zenbatek aldatzen dizkio olioa edo filtroak gorputzari? Baserri askotan, ez aspaldi, odol garbiketak egiten ziren udaberrian, pixa belarra hartu udazkenean...

Lurraren seme-alabak garela, alegia.

Noski. Geroz eta lur gutxiago. Lurra desjabetu eta txikitu egin digute, fumigatu egiten da etengabe, zabortegi erraldoiak eraiki… Zikin honetara egokitzen jakin beharko dugu. Hiroshiman arratoiak erradiaziora egokitu ziren bakarrak izan ziren, eta guk ere hartatik ikasi beharra daukagu. Toxikotasun maila batekin bizitzen ikasi beharko dugu, derrigor.

Gauzak, gaixotasunak kasualitatez ez direla gertatzen pentsatzen dute/ dugu askok, arrazoi batengatik gertatzen direla. Egia ote?

Hala dirudi, gauzak ez direla kasualitatez gertatzen. Igual guk geuk ere laguntzen dugu, oharkabean. Nik artoari izandako alergia batekin ikasi nuen hori, nahiz eta artoa lasai jaten nuen, kalte egiten zidala jakin gabe. Krisi gogor bat izan nuen eta talo hura ikertu ondoren irin transgenikoa zela jakin genuen. Nire ustez osasuna kapital bat da, bakoitza bere kapitalarekin jaio da eta bizitzan gastatuz doana. Batzuk, kapital oso txikiarekin jaiotzen dira eta bizitza zailagoa edukitzen dute. Nik uste gure etxean kapital gutxikoak izan garela. Zer egin? Kapital txiki hori zaindu, edo behintzat ez kaltetu. Nola? Zainduz, elikadurari erreparatuz, adibidez.

Botikek, farmaziek indar handia dute. Haiekiko menpekotasuna beldurtzeko modukoa da.

Botiken menpeko gara, eta beste asko botikek sortzen dituzten mozkinen menpekoak. Beldurraren industria erraldoia da. Mina gauza serioa da, eta joera botikara jotzea da. Gaixotzea, urtero katarro pare bat pasatzea ez da berez txarra, mintzak berak ere berritu egiten dira-eta katarroekin.

Zure figurak, naturopatak, mesfidantza sortzen al du jendartean?

Bai. Naturopata garenok bere garaian homosexualak zirenak bezalaxe ibili behar izan dugu, erdi ezkutuan, atentziorik eman gabe. Horregatik, niri sorgintxo, petrikilo edo kurandero deitzea ez zait gustatzen. Gure jarduna ofizialdu egin nahi dugulako, naturopata ogibide izatea. Lanbide Hezkuntza edo Gradu ikasketak arautu behar lirateke, Alemanian, Portugalen edo Suitzan egiten den bezala. Espainian mentalitatea oso atzerakoia dela esango nuke. Berlinen Charity izeneko erietxe unibertsitario eta publiko garrantzitsuenetakoan medikuntza ofiziala eta tradizionala uztartzen dituzte. Hemen zergatik ez? Erregulazioa eskatzen dugu, ez besterik.

Belardendak ere modan daude.

Bai. Negozio ikaragarria da eta kritiko samarra naiz. Belar dendak irekitzeko beste baldintza batzuk eskatuko nituzke, gaur egun langileen formazioan hutsuneak daudelako; ez dago derrigortutako ikasketarik, hau da, baldintza berak bete behar dira zapata edo belar denda bat irekitzeko. Belar dendetan, sarri, hornitzaileek emandako informazioarekin hasten dira lanean, eta ikasitako jendea egotea behar da, bestelako kalterik ez eragiteko. Gainera, belardendara joaten dena botikak hartzen ari den bezeroa da askotan, eta horrek inkonpatibilitateak eragiten ditu. 

Azpeitian bizi zara, baina astean bitan etortzen zara baserrira.

Behar dut Azkonobietara joatea, inguruak ikustea. Ni bertakoa naiz, ez Urnietako kalekoa. Ergoien auzoa eta Azkonobietatik gorako auzoa eta auzotarrak ezagutzen ditut, baina kaletarrak ez hainbeste. Egape ikastolako garaietatik oroitzapen on askorik ez daukat, horrek ere badu zerikusia kalearekiko distantzia horretan. Nik uste ez nintzela ondo egokitu. Baserritar moduan kaletarrek baztertu egiten gintuztela esango nuke, badakizu, baserritarrok usain txarra botatzen genuela eta horrelakoak
–gure baserrian behirik ez zegoenean!–. Graduak daude, batzuk gehiago eta besteek gutxiago, baina nik uste denok jasan genuela gaur egun bullying deitzen zaion hori. Niretzat Donostiara, Santo Tomas lizeora joatea halako liberazioa izan zen, hangoentzat ere gu herrietatik joandako jende eskasa ginen arren.

Non ematen duzu kontsulta?

Azpeitiko Kiribil, Donostiako Benta Berri auzoko Naturetxe eta Ondarroako ID belar dendatan. Ondarroan aritzen naiz oso gustura, Berriatuako baserritarrekin eta. Kaminazpi auzoan dago belar denda, eta han luizi handia gertatu zen 2016an. Antsietatea eta bestelako osasun arazoak izan dituen jende askorekin egon behar izan dut geroztik. Han denok ikasi genuen asko larrialdi egoera hartatik.

Ikastaroak ematen eta aritzen zara.

Bai, elkarte pribatuekin batez ere. Erakunde publikoekin ez hainbeste, papergintzak ordu asko jaten dizkidalako. Hitzaldiak ere ematen ditut. Aurrekoan Jon Garmendia Txuria-rekin hitz egin nuen, Ipar Euskal Herrian hitzaldiren bat eskaintzeko, handik ere idatzi didatelako jakin-mina azalduz. Aurten bigarren denboraldia egingo dut ETB-1eko Txoriene saioan kolaboratzen, eta jende askok horretatik ezagutzen nau. Ea ba honen ondoren urnietar edo Beterriko herritar gehiagorengana iristen naizen!

 

Harremanetarako: urdantza@hotmail.com

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!