"Hobeto iristen naiz helmugara"

Andoni Urbistondo 2020ko ots. 24a, 08:00

23 urterekin, bere kirol ibilbideko hirugarren denboraldiari ekin dio urnietarrak. “Urte erabakigarria”, bere hitzetan.

Argentina aldean bi astez ibili zen urtarrilean Mikel Alonso (23 urte). Han ikusi du iaztik hona jauzia eman duela, txirrindulari azkarrenengandik hurbil egon daitekeela. Entrenamenduak aldatu ditu, Jorge Azanza kirol zuzendariak lagunduta: indarra lantzen ari da, fondoa baino gehiago, eta fruituak jasotzen ari da. Euskal Herriko Itzulia korritu nahi luke, baina jakitun da ibilbidea ez dela aproposa berarentzat, eta zail ikusten du.

Zer moduz San Juango Tourrean?

Ondo. Bidaia gogorra, batez ere itzulerakoa. 32 urte pasa genituen San Juan hiritik irten eta etxera iristerako. Handik Buenos Airesera bi ordu, gero han Madrilgo hegaldia hartzeko itxaronaldia, Madrilera beste 12 ordu, batere lorik egin gabe, eta aireportutik etxera furgonetan, beste bost ordu. Etxean ia bi egun buelta emateko. Aurreneko egunean 12 ordu lo, hurrengoan lo pixka bat egin eta entrenamendu laburra…

Azken unean sartu zinen San Juango taldean.

Bai, Mikel Aristi taldekidea zen joatekoa, baina belaunean mina zeukan. San Mames zelaian egin genuen aurkezpenean egoera zein zen azaldu zidaten, eta badaezpada prest egoteko, hegaldian izena aldatzea lortzen bazuten Argentinara joango nintzela, eta hala izan zen. Gaueko 11.30an deitu zidaten, konfirmatuz, eta hurrengo goizean, 10.00an hegazkinean nengoen ja.

Lasterketa hori ez zegoen zure plangintzan. Zer moduz moldatu zara?

Ondo. Kide baten hutsunea betetzen duzulako penatuta sentitzen zara hasieran, baina esperientzi polita izan da. Beroarekin ondo moldatzen naiz, baina hangoa gehiegi da. Egunero 40 gradu baino gehiago. Tira, 12-13 egun egin ditugu kulote motzekin entrenatzen eta lehiatzen, Ipar Hemisferioan negu betea denean, eta hori ere garrantzitsua da.

Zer zenekien San Juango Itzuliaz?

Ezer gutxi. Basamortua dela, bero asko pasa behar genuela… Ibilbidez itzuli egokia da niretzat, bukaera gehienak esprintean direlako, eta esprinterren maila oso ona delako.

Zer sentitzen da alboan Gaviria, Peter Sagan eta beste dituzunean? Sagan akerren pare, ezker-eskuin burukoak ematen ikusi genuen esprintetan.

Bai, ni ere han nintzen, eta niri ere eman zizkidan buruko batzuk, ez pentsa. Ez mina egiteko asmoz, kokapena babesteko baizik. Lasterketetan gertatzen diren gauzak dira, eta barruan gertatzen diren gauzak barruan utzi behar dira. Sagan mutil jatorra da, hitz egin genituen hitz batzuk, zer moduz nindoan eta beste.

Eta, beldurrik ez?

Hor ezin duzu beldurrik eduki, beldurrarekin sartzen bazara 40. postura joaten zarelako aitaren batean. Aurreko urteetan beldur gehixeago neukan, baina aurten ziurrago ikusten dut nire burua. 

Bakarren batek esango zuen, agian, zuek hain gazte, eta oilarren pare jarri nahi izatea, oso zuzena ez dela…

Beno, norberaren jardunak asko laguntzen du egoera horretan. Gu lasterketa buruan ibili ginen etapa askotan, aurpegia ematen. Aurkariak ikusi gintuzten, Deceuninq-n ondoan, eta errespetu pixka bat irabazten duzu. San Juan Tourrean tropelean gure tokitxoa egin dugula esango nuke. Ez dugu garaipenik lortu, ados, baina neurri ona eman dugu, saiatu gara. Top 10etik gertu egon gara, eta ondoan izan ditugun aurkariak Tourrean garaipenak lortzen dituztenak dira.

Zale denak aho bete hortz geratu ginen Remco Evenepoel gazteak mendian bukatu zen etapa bakarrean egin zuen erakustaldiarekin. Nola bizi izan zenuen zuk?

Ba zinemako palkoan banengo bezala. Haize-babesak sortu ziren, eta ni lehen taldean sartu nintzen. Ondoren etorri zen Evenepoel, atzetik, eta ni aurretik atzera, indarrak gorde behar nituelako, hurrengo egunetarako. Baina ikaragarri dabil. Lehen aldia da berarekin korritzen dudala, eta oso ona da. Filipo Ganna jazarpeneko munduko txapeldunari 14 kilometroan 45 segundo sartu zizkion, eta hori denbora asko sartzea da.

Iaz Kontinental Mailan lehiatu zineten, aurten koska bat gorago, Kontinental-Profesional mailan. Aldaketaren bat nabaritu duzue?

Taldean azpiegitura hobea dago, eta taldekideak entxufatuta ikusten ditut, hasieratik gauzak ondo egiteko grina handia. San Juanen ondo ibili gara, gurpilean ondo joaten zarelako. Haize babesak egon ziren etapan nahiko ondo moldatu ginen.

15., 14. eta 12. postuetan sailkatu zinen hiru etapetan. Emaitza politak.

Bai. 15. helmugaratu nintzen egunean Saganen atzetik nindoan azken zuzen gunean, eta bera hirugarren helmugaratu zen. Konfiantza eman didate postu horiek, ondo ikusi naiz, indartsu. Etapa bukaeretara iaz baino osoago iristen naiz, muga-mugan iritsi gabe.

Eta aldaketa hori, nolatan? Prestakuntza aldatu duzu?

Jorge Azanza kirol zuzendariarekin hitz egin nuen denboraldi hasieran, eta klik txiki bat egin dugu entrenamenduetan. Gimnasioan lan gehiago egiten ari naiz, iraganean nintzen txirrindulari azkar hori izateko berriz. Fondoa baino indarra lantzen ari gara, intentsitate handiagoa, eta momentuz aldaketa fruituak ematen ari da. San Juanen batez besteko handiak atera genituen, 45 kilometro orduko, eta 160-180 kilometroko etapak, 40-45 gradurekin… 7-8 litro likido edaten genituen egunero.

Taldean ondo?

Bai, sei lagun joan ginen Argentinara, eta oso harreman ona eduki dugu. Ihesaldian sartu ginen ia egunero, eta bukaeran hortxe, tropel buruan lanean, ni aurrera eramateko.

Zuretzat lanean aritu dira, beraz.

Bai, eta eskertzen diet konfiantza. Niri ere tokatuko zait taldekideentzat lan egitea, ez daukagu ego arazorik gure artean. Gustura egingo dut kideentzat lana. Lobatorentzat, adibidez. Eskarmentu handia du, badaki non eta nola kokatu, eta nik bere bideratzaile izateko lan ona egin dezakedala uste dut, ondo ikusten baitut nire burua. Eta bera alboan badut, ba ikasi, esprintetan mugitzen. Esprinter on bat izateko eskailera guztiak pasa behar dira: langile, bideratzaile, eta azkenerako, ahal bada, garaile.

Ze egutegi duzu Murtzia eta Almeriaren ostean?

Ba Alenteixoko Volta Portugalen, edo Coppi-Bartali klasikoak Italian, ez dakit ziur oraindik. Alenteixon lortu ditut nire kirol ibilbideko emaitza onenak, hirugarren etapa batean, eta joaten banaiz, garaipenetik gertu egotea espero dut.

Euskal Herriko Itzuliko zazpikoan sartzeko aukerarik bai?

Zaila. Oso menditsua da. Ni 5-10 minutuko aldapetan ondo moldatzen naiz, baina luzeagoetan ez hainbeste. Itzulian fondo handiko txirrindulariak moldatzen dira ni baino hobeto. Mendate luzeak pasatzen dituztenak. Gure taldean maila handia dago, Euskal Herriko errepideetan ondo moldatzen direnak. Frantzian egun bateko hiruzpalau proba badaude, garai berean, proba gorabeheratsuak, gogorrak. Desnibel handikoak, baina mendate txikiak dituztenak. Saiatu, saiatuko naiz, zazpikoan sartzen, baina gauzak diren bezala, nahiko zaila ikusten dut.

Vueltako gonbidapenak ziurra ez izateak zenbateraino baldintzatzen du zuen jarduna?

Zaila dago, eta puntu asko lortu behar dira, baina korritzea handia litzateke. Hasieratik lan ona egitera behartzen gaitu gonbidapena ez edukitzeak, eta horretan ari gara.

Oso gaztea zara oraindik, 23 urte, baino hirugarren urtea duzu dagoeneko profesionaletan. Txirrindularitzan bidea egin dezakezula pentsatzen duzu?

Bai. Azken bi urteak gorabeheratsu samarrak izan dira, arrazoi bategatik edo besteagatik izan. Jarraikortasun gutxi, egutegi laburra, lesioak… Urtetik urtera hobekuntza nabaritzen ari naiz. Jarraikortasuna lortzen badut aurrerapausoa eman dezaket.

Urte hau giltzarri izan daiteke zure garapenean?

Bai, guztiz. Lasai ibili zalea naiz, baina hazteko borondate handiarekin. Bi urteko kontratua dut Fundazioarekin, horrek lasaitasuna ematen dit, baina koskaz koska maila igotzen joan nahi nuke.

Jorge Azanza aipatu duzu. Figura garrantzitsua da zuretzat.

Niri dena eman dit. Aita baten parekoa da niretzat. Jubenil mailan nengoenetik dago nire alboan, eta nire kirol ibilbidea ezin da bera gabe ulertu. Bera eta gurasoak gabe agian ez nintzateke hemen egongo.

Egunero hitz egiten dugu, estutu egiten nau gauzak ondo egiten ez ditudanean, eta ondo egiten ditudanean sobera ez puzteko aholkatu… Motibazio handia daukat gauzak ondo egiteko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!