Dendari eta merkatariek gutuna helarazi diote Urnietako Udalari, eskaera zehatzekin

Aiurri 2020ko mai. 12a, 07:59

Maiatzaren 5ean merkatari talde handi elkartu zen, sektorearen analisia egin eta hurrengo pausuak definitzeko. 27 dendari ezberdin elkartu ziren. Bizipen "gogorrak" jaso zituztela eta, 57 dendari eta merkatarien izenean eskaera zehatzak egin dizkiote Udalari. Lerrootan, Urnietako Udalari helarazi dioten gutuna. 

"URNIETAKO UDALEKO MERKATARITZA MAHAIARI PROPOSAMENA

Badira 12 urte, Urnietako merkatari, ostalari eta zerbitzuetako kideak elkartzen hasi ginela, sektoreak gure herrian bizi zuen egoerarekin kezkatuta.

Orduz geroztik, saiakera desberdinak egin ditugu, gure sektoreak herri honen bizitzan duen garrantzia ikusarazteko, baina nonbait, ez dugu asmatu edo nahiko babesa izan, (edo biak batera), izan ere odolustea etengabea izan baita; gainera iruditzen zaigu, gure ongizatea kudeatzeko konfiantza eman genien gobernu taldeek, gure ustez, inoiz ez diotela eman gaiari eman behar zitzaion garrantzia.

Horren eredu, nahiz eta saiakera desberdinak egin, inoiz ez direla benetako politikak martxan jarri, eta horren lekuko, oraindik osatu gabe dagoen sektoreko zentsoa da. Egia da, pauso sendoak eta egiazkoak ematen hasita geundela mahai hau eratu zenetik, baina moxorroak harrapatu gaitu, eta beharrak areagotu.

Gaur hona dakartzagun proposamena ez da zorurik gabeko zakura dirua botatzea, baizik eta aurrera begirako inbertsio bat egitea, izan ere, hau ez baita dirulaguntza hutsa, une zail hau bizitzen ari direnei, esker ona eta atxikimendua adieraztea baizik. Gogorrak izan ziren, maiatzaren 5ean Lekaion elkartu ginenok entzun genituen adierazpenak.

Badakigu, eskatzen dugun kopuruak ez dituela beteko askoren beharrak, baina gutxieneko kopuru bat adostea erabaki genuen. Ondorioz, maiatzaren 5ean, Lekaion izan ginen merkatari, ostalari eta zerbitzuetako kideak, diru laguntza zuzena eskatzen dizuegu, bi hilabete hauetan ateak itxita izan dituzten guztientzako eta berdin ateak irekita ere, etekinik izan ez dutenentzako. Besterik gabe, gure proposamena onartuko duzuen itxaropenean,

Adeitasunez, maiatzaren 5ean bildutakoak"

Urnietan, 2020ko maiatzaren 11

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!