Gobernu taldea eta oposizioa deitu dituzte gaurko asanbladara

Jon Ander Ubeda 2020ko mai. 28a, 14:13

Urnietako merkatarien asanbladak bilera berria egingo du Lekaion, iluntzeko 20:00tan hasita. Merkataritzaren egoera zaila dela eta, bilera ezberdinak egin dituzte. Gaurkoan gobernu taldeko kideak eta oposizioko kideak deitu dituzte bilerara.

 

Zorpetzea saihestea argudiatuta, Udal Gobernuak astearteko plenoan gehiengoa baliatu zuen merkataritzari bideratutako proposamena onartzeko. EH Bilduk eta PSE-EEk alde bakarrez jokatzea leporatu diote EAJ-PNVri, merkatarien eskaerei entzungor egin diela leporatuz

Udal Gobernuak merkatari eta autonomoentzako diru laguntzak arautuko dituen kreditu aldaketa onartu zuen astearteko pleno telematikoan.

EAJk bere gehiengoa baliatu zuen, eta aldeko zazpi botoekin proposamena onartu. Oposizioko bi alderdiek kontra bozkatu zuten, bai PSE-EEko bi zinegotziek, baita EH Bilduko lau zinegotziek ere. Sei zazpiren aurka, orotara. Mikel Pagola alkateak 408.000 euroko kreditu aldaketa jasotzen duen proposamena eraman zuen plenora, eta diru kopuru horretan jasotzen dira merkataritza sustatzeko erabiliko diren kopuruak (herriko bi obretara zuzenduko den diru kopuruarekin batera). 195.000 euroko diru laguntza zuzena emango du Udalak merkatari eta autonomoentzat, eta beste 70.000 euro bono laguntzetan, herritarrek bono horiek Urnietako komertzioetan erabil ditzaten. EAJko Jorge Segurado bozeramaleak iragarri zuenez, bonoen %25 Udalak jarriko du, beste %75 komertzioek. Laguntza zuzenak jasotzeko bete beharreko baldintzak hurrengo egunetan jakingo dituzte merkatariek.

HERME GONZALEZ (PSE-EE):
"EZ GAITUZUE ENTZUN"

Oposizioko bi alderdiek hitz gogorrak izan zituzten Udal Gobernuarentzat. PSE-EEko Herme Gonzalez bozeramaleak onartu den ekimena EAJren jokamoldearen ispilua izan dela salatu zuen: “Gehiengoaz abusatzen duzue. Zuen plana egin duzue, eta zuen proposamena onartu. Ez gaituzue entzun, ez oposizioko bi alderdioi, ezta merkatariei ere”. Gonzalez-ek Udalaren zorpetzea defendatu zuen, “pandemiak oso gogor kolpatu duelako komertzioa. Eman dituzuen laguntzak eskasak dira, errealitate gordinetik urrun daudenak. Politikariok herritarren arazoak konpontzen saiatzeko gaude, baina gure ekarpenak aintzat hartu ez dituzuenez, aurka bozkatuko dugu”.

PSE-EEko bozeramaileak oposizioko bi alderdiek adostutako eskaera zehaztu zuen: 80.000 euro autonomoentzat, 200.000 komertzioentzat, 140.000 bonoetan, eta beste 100.000 giza larrialdietarako. “Gure ustez onartzeko moduko kopuruak, Udalak zorpetu egin behar bazuen ere. Baina herritarrak beharra dutenean, Udalek zorpetu egin behar dute”.

AINARA DE MIGUEL (EH BILDU):
"MERKATARIEI EZ ZAIE ENTZUN"

EHBilduko Ainara de Miguel bozeramalearen ahotan, “merkatarien desesperazioa entzun dugu, aurrea hartu digute, baina ez zaie erantzun”. Udal Gobernuak onartutako kreditu aldaketarekin norantz bakarreko politika bultzatzen dela esan zuen De Miguelek: “Nork agintzen duen erakutsi nahi izan zaigu, baina bide horrek guregan eta herritarrengan mesfidantza sortzen du”. Gobernatzeko orduan iritzi aberastasuna lagungarria dela esan zuen EH Bilduko bozeramaleak, “baina hitz itsusiak erabiliz, ipurdia airean dugula utzi gaituzue. Sinetsi egin genuen zuengan, Udal Gobernuarengan, denen ekarpenak aintzat hartuko zenituztela esan zenigutelako, baina zuen plana onartu duzue. Ez dugu zuen proposamenean sinesten”. Kritikak kritika, De Miguelek etorkizunean elkarrizketaren bitartez lor daitezkeen akordioak lotzeko borondate irmoa edukiko dutela jakinarazi zuen. EH Bilduko lau zinegotziek Udal Gobernuaren proposamenaren aurka bozkatu zuten.

JORGE SEGURADO (EAJ-PNV):
"DIRUA BEREHALA ERABIL DAITEKE"

Udal Gobernuak Jorge Segurado bozeramalea eta Mikel Pagola alkatearen bitartez eman zituen azalpenak. Seguradok bonoen laguntzan egin zuen indarra: “%25a jarriko du Udalak, eta %75a merkatariak. Efektu biderkatzailea izatea nahi genuke, bezeroa fidelizatu, eta urnietarrak erosketak Urnietan egiteko deia egin”. Kreditu aldaketaren bidea erabiltzeko hautuaz, azalpen hau eman zuen Seguradok: “Modu horretan dirua berehala erabiltzeko aukera izango dugu”.

MIKEL PAGOLA, ALKATEA:
"ZORPETZEA SAIHESTU DUGU"

Mikel Pagola alkateak ere hitza hartu nahi izan zuen, zorpetzeaz azalpenak emateko: “Matematika kontuak dira. Udalak 10 milioi euroko aurrekontua du, baina dagoeneko badakigu %20 gutxiago jasoko dugula pandemiak eragindako krisi ekonomikoagatik. Bi milioi euro dira, diru asko, eta gastuak 1.5 milioi eurotan murrizteko aurreikuspena egin dugu dagoeneko. Halere, oraindik 500.000 euroko zorra pilatuko dugula esan nahi du horrek, eta gure proposameneko 400.000 euroak zorpetzearen bitartez arautu izan bagenitu, gure zorpetzea 900.000 eurora iritsiko litzateke. Zorpetze handi hori saihestea erabaki dugu kreditu moldaketaren formula erabiliz”.

Merkatariek Udal Gobernuak babestutako ebazpena aztertuko dute zehatz, jaso bezain pronto, eta euren iritzia jakinarazi ahalik eta azkarren.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!