Gazte Festak 2020

Musika eta dantza ikuskizunak Urnietan, "kultura bizirik dagoela erakusteko"

Aiurri 2020ko mai. 29a, 08:20

Urnietan Gazte Festak bere horretan ezin dira antolatu, baina asteburura begira herriko elkarteek kultur egitarau laburra prestatu dute. Musika, dantza eta bertso saioak izango dira, Urnietako Udalarekin elkarlanean antolatu direnak.

Urnietako Udalaren oharra adierazgarria da, oso. Asteburu honetan gizarte eta kultur bizitza ez da geratuko. Gazte festak bere horretan ospatzea ezinezkoa bada ere, hitzorduren bat edo beste izango dela iradokitzen ari da: "Musika eta dantza ikuskizunak izango dira Urnietako kultura bizirik dagoela erakusteko, betiere segurtasun neurriak errespetatuz eta bermatuz, eta kalean ikusle asko pilatzea saihestuz". Era berean, igandean 11:00tan hasita, bertso eskolako ikasleen bertso batzuk entzuteko aukera izango da Urnietako Udalak Youtuben duen kanalean.

Kultura balioan jartzeko asmoa adierazi du Urnietako Udalak

Udalak parte hartze aktiboa izango du  festen ordezko egitarauan, kultur jarduerekiko konpromisoa adieraztearekin batera: "Antolatu den egitarau txikiarekin kultura balioan jarri eta herria zertxobait alaitu nahi da, baina herritarrei arduraz jokatzea eskatuko zaie, kalean musika edo dantza ikuskizunen batekin topo eginez gero, pilaketak ekidin eta pertsonen artean mantendu beharreko segurtasun neurriak errespetatu ditzatela".

"Antolatu den egitarau txikiarekin kultura balioan jarri eta herria zertxobait alaitu nahi da"

Koronabirusak eragindako krisiaren ondorioz, Urnietako Udalak apirilean maiatzeko ekitaldi oro bertan behera geratuko zirela iragarri zuen. Hots, Santa Krutz eguna Azkorteko ermitan, San Isidro eguneko ospakizunak Lekaio kultur etxean edota Gazte Festak.   Baina ordutik hona panorama aldatuz doa, eta Udalak fase ezberdinen garapena kontutan hartu nahi izan du. "Oraindik egoera oso zail batean murgilduta jarraitzen dugun arren, egoera zertxobait egonkortu da eta herritarren mugikortasuna murrizten zuten neurriak malgutu egin dira". Asteburu honetarako kultur egitarau labur bat prestatu dute.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!