Agustin Urretabizkaia Urnietako Magale ikastetxeko zuzendariari elkarrizketa

Aiurri 2020ko mai. 29a, 09:41

Prestaketa lan handia egin eta gero, aste honetan ikasturteari berrekin dioten ikasleak normaltasun osoz hasi dira. Agustin Urretabizkaia Urnietako Magale ikastetxeko zuzendari pedagogikoa da.

Nolakoa izaten ari da ikasgeletara buelta, zuen ikastetxean?

Nahiko lasaia izan da hasiera. Tailerreko lanak egiteko edo errepasoa egiteko ikasleak talde txikitan antolatu ditugu. Ezarritako segurtasun eta garbitasun neurri guztiak ondo betetzen ari dira. Txintxo-txintxo.

Geletan giroa nolakoa da?

Segurtasun distantziarekin eta elkarrekintza gehiegi eduki ezinik, hotzagoa da. Lehen tailerretan beste giro bat ikusten zen. Lehen zegoen zalaparta hori orain ez da somatzen.

Ikasgelak egoera berrira moldatzeko lana nolakoa izan da?

Lan asko egin behar izan dugu. Duela hiru aste desinfekzio eta garbiketa lanekin hasi ginen, eta moldaketa pila bat egin behar izan dugu. Tailerrean ere moldaketa handiak egin ditugu, lanpostu batetik bestera distantzia handiagoa izan dadin.

Zein mailako ikasleak itzuli dira?

Astelehenean Lanbide Heziketako 2.mailako ikasleak hasi ziren, praktikaldiarekin jarraitzeko asmoz. Asteartean 1.mailakoak hasi ziren, eta datorren astean DBHko 4. mailako ikasle gutxi batzuk hasiko dira, eta baita batxilergokoak ere. Batipat unibertsitateko sarbide-proba prestatzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!