Trikuharria aurkitu dute Onddi mendiko magalean

Xabier Lasa 2020ko mai. 30a, 11:45

Trikuharri bat aurkitu dute Goiburu auzoan, Onddi mendiaren magalean. Urnietako udalerriaren lur sailetan kokatzen da ondare megalitiko hori. Udaleko eta aldundiko teknikariak bertara hurbiltzeko asmoa daukate hurrengo egunetan, ondare historikoen aurkikuntzetan abian jarri ohi den protokoloari jarraiki. Aurkikuntzaren egilea den Artzaianea baserriko Igor Jauregi Gartxot-ek berak Aiurri-ri azalpenak eman dizkio.

 

Gartxotek azaldu du aurkikuntzaren nondik norakoa: “Onddoetan nenbilela topatu nuen trikuharria, basoaren erdian. Geroztik jakin dut baso langileak laster sartzekoak direla paraje honetan, pinua botatzeko asmoz. Beldurtu egin nintzen makinak bertan egin zezakeen txikizioa pentsatzen hutsarekin, eta berehala jakinarazi nien instituzio desberdinei. Arrisku bizian egon daiteke gure aurrekoen historia kontatzen duen ondare megalitiko bat, eta erakundeek babestu beharra daukate, Muliskorekin eta gainerako megalitoekin egin duten eran”.

Gartxot ez da aurrehistoriako monumentuetan aditua, baina harri pilari agudo hartu zion traza. “Bazterra pixka bat garbitu egin nuen, eta trikuharriaren kamara begiztatu zitzaidan agudo, nahiz eta gaineko harlauza edo tapa falta. Bestela ere, erraz antzeman daiteke harriz inguratuta dagoen aparteko zer edo zer behar duela izan; tumulua osatzen dute harri pila horiek”. Aztarnari argazkiak atera eta adituei bidali zizkien Gartxotek, haien iritzia jasotzeko. “Harlauzak eta tumulua ikusita ez zeukatela zalantzarik erantzun zidaten. Iñigo Txintxurreta arkeologoa ere etorri zen, eta tumulua aztertzen hasita, puntu kardinalak (iparrorratzaren lau norabide nagusiak, iparra, hegoa, mendebaldea eta sartaldea) markatu ohi dituzten harrietatik hiru identifikatu genituen”.

Izenik ez zaio jarri oraingoz deskubritu berri den trikuharriari. Adituen esku geratuko da izendapena, baina Gartxotek egin du iradokizuna: “ondo legoke megalitoari “Jeronimoren trikuharria” izena jartzea, gogoan hartuz iraganean bailara honetako hainbat baserrietako familietan izen horrek zenbateko predikamentua zeukan, mutiko jaio berriak bataiatzeko orduan”.

Megalitoen aurkikuntzatan ohitzen ari da Gartxot, jada. Izan ere, urtetan abandonatuta egon ostean birpopulatu zuten Arizkuren herrian (Artze bailara, Nafarroa) bizi zela, handik gertu, Zarikietako mendilerroan hain zuzen, harrespil bat aurkitu zuen orain urte batzuk. Artean ezkutatuta egon zen nekropoli aberatsa bistaratzeko bidean jarri zuen aurkikuntza hark. Geroztik, zazpi harrespil, bi menhir edo zutarri eta tumulu bat topatu dituzte arkeologoek.

Urumea eta Leitzaran, megalitoetan paradisu

Eusko Jaurlaritzak argitaratutako 'Onyi-Mandoegiko Estazio megalitikoa' izeneko eskuorrian –Euskadi.eus webgunean eskuragarri dago, 'Kultura ondarea' sailean– adierazten denez, Adarramendi-Mandoegiko mendilerroak eta Urumea eta Leitzarango bailarak aberatsak dira megalitoen ondarearen ikuspegitik. Hain zuzen, Leitza, Goizueta, Arano, Berastegi, Elduain, Amasa-Villabona, Andoain eta Urnietako herri lurretan, 140 megalito (mairubaratza, trikuharri, tumulo, zista eta cromlech edo harrespil) baino gehiago identifikatu dira.

Onddi-Mandoegiko estazio megalitikoan, 80 megalito (lau trikuharri, bi zista, 72 harrespil eta bi monolito) zeuden identifikatuta orain arte. Pozontarriko lepoa, Aballarri, Otsolepo eta Altxista dira katalogatutako lau trikuharriak, eta beraz, horiei berriki topatu dena gehitu beharko zaie.

Trikuharrien berezitasuna

Nolanahi ere, trikuharriak beste megalitoetatik bereizi litezke, eta ez bakarrik bere itxura ikusgarriagoa izateagatik. Izan ere, uste da Burdinaren aurrekoa den Brontze arokoak (K.a. 2500tik K.a. 1000 urte arte) direla. Era horretan, trikuharriak gure herriko lehen arkitekturak direla esan ohi da, artzaintza giroko gizakien eraikinak.

Goian aipatu eskuorriak trikuharrien osakera definitzen du: “landu gabeko hainbat harlauzaz edo blokez osatutako hilobi-ganbara bat alde batetik, eta hura erabat estaltzen zuen harri eta lur pilo edo tumulua beste alde batetik. Ganbara barruan, euren hildakoak ehorzten zituzten objetu arruntekin eta eskaintzekin batera”.

Trikuharriak, beste zenbait megalitoren antzera, euskal mitologiako zenbait pertsonaiekin identifikatu izan dira. Kondaira zaharretako izakiek jaurtitako harriekin (Jentilarriak, Sansonarriak, Erroldanarriak...) lotu izan dituzte, maiz.

Altxorrak gordetzen zirela ere pentsatu izan zen, eta ondorioz, altxor-bilatzaile eta arpilatzaileen biktima izan dira mendeetan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!