Goi mailako eskubaloiaz gozatzeko aukera izaten jarraituko dute urnietarrek

Andoni Urbistondo 2020ko eka. 4a, 08:34

Egun batzuk dira UKE eskubaloi taldeko gizonezkoen senior mailak mailari eutsiko diola ofizial egin zela. Martxoan, liga eten zenean, jaitsiera postuetatik kanpo zegoen. Beñat Senperena eta Josu Pagola taldeko bi kide dira.

Ofizial egin zain zeuden Urnietan, baina lasai, kirol merituak aintzat hartuta lotua baitzeukaten mailari eusteko erronka. Lehiaketa eten zenean sailkapeneko azken laugarrena zen UKE, beste hiru talde zituen azpitik, eta aurretik zuen Escolapios taldearekin berdinduta zeuden. Alegia, Liga bukatzeko lau jardunaldiren faltan, oso bideratua zeukatela salbazioa. Azkenean ofizial egin da eta UKEkoak irailetik aurrera 2. Nazional Mailan lehiatuko dira. “Hiru taldek maila gal zezaketen, baino lau gehitxo litzateke”, dio Beñat Senperena erdikoak. “Nire ustez garbi geratu da ez genuela mailarik galtzea merezi”, Josu Pagola hegalekoak. Bi hilabete daramatzate biek zakur amorratuen pare, entrenamendu saiorik egiteko aukerarik gabe: “Asko bota dut faltan”, dio Beñatek. “Nik ere, egunerokoan izerdi pixka bat botatzea, oihu batzuk egitea lagunekin, garrantzitsua baita. Etxetik ari naiz lanean, eta faltan bota dut eguneroko entrenamendua”, Pagolak. Gauza gutxi egin dute etxean: “Arrabola eta ariketa batzuk, baino azkar nekatu naiz”, Senperenak. Pagolak ere pazientzia gutxi: “Bizikleta estatikoa, ordu erdi bat, baina gehiago ezin da, nazka-nazka eginda bukatzen duzu”. Beñat eskaileratan gora eta behera ere ibili omen da etxean, kirol grina apaltzeko.

Liga bertan behera uztea logikoa izan omen da: “Jakina zen. Kontaktu handiko kirola da eskubaloia, eta urruntze soziala pandemiako faktore garrantzitsua zela ikusita, ezinezkoa zen”, Senperenaren ahotan. Pagolak txanda: “Berriz ere hasi ez garelako eskerrak. Takto handia galtzen duzu baloiarekin, eta beste hilabete bat beharko genuke, gutxieneko prestakuntza egoki bat lortzeko”. Mailari eusteko saria kantxan lortu dutela diote biek ala biek. Behetik utzi dituzten hiru taldeak menderatu zituzten Ligan, eta Pagolak hori egin izana jotzen du denboraldiko gakoetako bat: “Behar ziren puntuak poltsikoratu ditugu. Gure ligako taldeak zein izan diren asmatu dugu. Denboraldia gogorra izan da, lesio asko eduki ditugu, eta onenen aurka ahal izan duguna egin dugu, garaipena oso zaila zela jakitun. Gure ligako taldeen aurka, ordea, oso neurri ona eman dugu, eta horregatik eutsi diogu”.

Balantzea ezin hobea da Senperenarentzat: “Berriak ginen 2. Nazional mailan, eta irailean gure pentsamendua zen ea zenbat muturreko jasoko genituen, jokatu dugun kategoria Gipuzkoako Lehen Maila baino askoz fisikoagoa baita: jokalari handiagoak, indartsuagoak…”. Fisikoki indar handiko jokalariak omen daude, “eskarmentua dutenak maila horretan… Guk batere ez!”, Pagolaren ñabardura. Talde bezala moldatu egin behar izan dute, ahuldade edo gabezia horretara. Senperena: “6-0 defentsa bat egitea ezinezkoa izan da guretzat, 12 metroko jaurtiketa egiten duten alboko indartsu asko baitaude Ligan. Korrika egitea bilatu dugu, joko estatikoa baino, alor horretan ondo moldatzen garelako”. Pagola Gasteizko Corazonistas taldeko pibotarekin oroitzen da, “110 kilokoa, edo Basauriko hegalekoak, oso oso indartsuak, gimnasioan ordu asko sartu dituztela erakusten zutenak”.

Denboraldi berrian pentsatzen

Gonzalo entrenatzaileak ez du jarraituko, Usurbil igo berrira bueltatuko delako. Lejardik ere taldea utziko du, Usurbilekin jokatzeko. Ander Elustondo, Aiert Labaien, Peru Sanchez, Oier Duran eta Beñat Errazkin igoko dira jubeniletatik, eta taldea osatzeko nahikoa osagai izango dutela uste dute. Senperenak eta Pagolak jarraitzeko asmoa dute, eta Eneko Urruzola albokoa ere taldera itzuliko omen da, ikasketak direla eta etenaldia egin ondoren (Xabat Salaberria ere bueltatzekotan da). “Taldea eramaten dakien entrenatzaileren bat izatea nahi nuke, gure artean oso giro ona baitaukagu”, dio Senperenak. Zuzendari lana egin dezakeen norbait eskatu du Pagolak.

Datorren denboraldian garesti jarriko da mailari eustea. Jaitsierarik ez da egon, baina igoerak bai, bi: Usurbil eta Urdaibai. 16 talde denera, eta diotenez, 4 jaitsiera. Denboraldia luzeagoa eta gogorragoa izango da, “baina politagoa ere bai”, Pagolaren ustez. Aurtengoa baino lau jardunaldi gehiago, 30 denera, eta aurre-denboraldia ere lehenago hasi beharra, uztaila bukatzerako. Bai Beñat, bai Josu, entrenamenduak hasteko irrikan daude, uztaila bukaera lehenbailehen hasteko gogotsu: “Kirola egiten ohitua nago, ezin izan dut egin bi hilabetez, eta arraro sentitzen naiz”, dio Senperenak. Pagolak berriro entrenatzen hasteko benetako arrazoia eman du: “Lehen ere esan dut oso giro ona daukagula, familia baten parekoa. Entrenamenduek partidetara garamatzate, eta partida ostean afariak, parrandatxoak eta beste daude. Gutako askorentzat aisialdirako aukera garrantzitsua da, deskonektatzeko aukera ezin hobea. Ea laster denboraldi bukaera ospatzeko modua daukagun”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!