Herri kirolarien lagunarteko bazkaria, Eula sagardotegian

Joxeba Lizeaga 2020ko uzt. 5a, 09:51
Juan Iguaran eta Luis Mari Bengoa, ezinbesteko bikotea herri-kirolen munduan.

Euskal Herri osotik hurbildutako ia ehun lagun elkartu ziren Urnietako Eula sagardotegian.

Ekainaren 27an egin zen Urnietako Eula sagardotegian, Juan Iguaranek antolatutako Herri Kirolarien urteroko bazkaria. Aurreko urteetan udaberria haseran egiten bazen, aurtengoa uda betean egin zen, Covid-19 pandemiaren ondorioz aurrez egitea ezinezkoa suertatu zelako.

Kanpoan beroa nagusi zela sartu ziren sagardotegiko freskura atseginera. Inoizko jendetsuena izan zen pasa larunbateko bazkaria, herri kirolen mundutxoan mugitzen diren ia 100 pertsona elkartu baitziren bertan. Euskal Herri osotik etorriak.

Kupeletik eta botiletik sagardoa edanez eman zuten menu tradizionalaren kontu, beti ere giro atsegin eta anaikorrean.

Bazkariaren 14. edizioa izan zen. Eta ziurrenik azkenekoa. Juan Iguaranek, adinean aurrera doala eta, bazkaria antolatu duen azken urtea izan baita. Ikustear dago ea aurrerantzean beste norbaitek edo herri-kirolariek beraiek prest egongo diren antolakuntza beren gain hartzeko. Eulako ekitaldian Juanek aulki bat jaso zuen opari moduan, aurrerantzean, eta herri kirolen alde horrenbeste lan egin ondoren bertan eserita atseden har dezan. Aulkiaren egilearen eskutik, –Julian Larrea, 91 urteko bizkaitarra–, jaso zuen oparia.

Bazkalostea, akordeoi doinuz girotua izan zen, eta egunari amaiera eman zitzaion, ohiko moduan, Oianume jatetxean kafea hartuz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!