1936ko uztailaren 18a Urnietan, Iñaki Alkainen lekukotza

Aiurri 2020ko uzt. 18a, 10:55

"Uztailaren hemezortziaren bazkalondoa zen. Gure baserritik herriko errementariarengana ganaduekin joana nintzen, gurdi-gurpil berrien bila, eta hango nagusi Jose Lizeaga jaunak honela esan zidan:
—Iñaki, notizia txarrak ditiagu.
Zer bada, Joxe?
Afrikan ejertzitoa altxa duk, eta laster hemen altxako dituk.
Saltsa ederra badator orduan, lehendik soinu txarrak datoz eta".

Eta hala gertatu zen. Handik laster, Donostiako kuartela kalera ateratzen hasia zela. Baina Eibar, Arrasate eta alderdi horietako jendea Donostiara segituan etorri zen, eta Carrasco jaunak erretiratu egin behar.

Urnietan ere komite bat jarri zen. Ez abertzaleak bakarrik; baita errepublikanoak eta abar. Komite horren tokia batzokiaren azpian zen, Bar Antonio deritzonean, nire jaiotetxean hain zuzen.

Gu abertzale izenekoek, Roke Lasarte jauna jarri genuen gure kapitain. Oso gizon jatorra zen; Urnietakoa. Hamaika lan egiten zuen Euskal Herriko ohiturak zaintzen. Eta, hain saiatua izanik, bera aukeratu genuen gure kapitaintza egiteko.

Beste herrietan bezala, guk ere Urnieta zaindu nahi genuen, eta inor hil gabe kontu egin. Gauetan, txandaka-txandaka, bi lagunek guardia egiten genion herri guztiari.

Nik guardiatzan ibiltzen nuen laguna Rafael Barkaiztegi zen, kalean bizi zena. Ni, berriz, baserrian: Berrasoetan.

Senideetan nire aurretik bost arreba izanik, ni nintzen maiorazkoa; eta, baserri handia baikenuen, lan ugari izaten zen. Horregatik, guardia nuenean, egunez lanean jardunda, eta tarteka eta bazkalondoan kuluxka batzuk eginez, ilunabarrean Roke Lasarte horren mende jartzen nintzen.

Rafael nire lagun hori eta biok oso ongi elkartzen ginen.

Herrian bazeuden karlista batzuk eta abar gordeta, herritar ez zirenak, eta guk zaintzen genituen.

Gau batez, ordea, Donostiako CNTkoak etorri ziren, horietako batzuen bila. Ekarri zuten kotxea marka Buick zen; eta berak, pistola ametrailadora eta guzti, oso armatuak.

Gu, berriz, fusil italiano zahar batzuekin genbiltzan. Gure partidu nazionalistak besterik ez zuen. Ez geneukan segurantziarik, tiroa tira beharrez aurkituz gero, fusil haietako batek sutuko zuenik. Hura zen guardiatza!

Haiek hala ikusirik, nire lagunari honela esan nion:

—Ni Kaxetako baratzera noak, eta hik hauei esan behar diek, berek zerbait estutzen bahaute, hor daukaala tropa gordeta.

Haietako batek, kotxetik atera eta honela galdetzen dio:

—Oiga, guardia: ¿dónde viven aquí los señores de tal y cual?

—Pues en esa misma casa, subiendo esas escaleras. Pero tenemos orden de no molestar a ninguno de ellos.

Orduan, CNTko hura txulo jartzen hasi zen, eta nire lagunak esan zion:

—Como tengo esa orden, quiero cumplirla. Pero si usted se pone así, sepa que en esa huerta hay por lo menos cincuenta. Con que saque las cuentas.

Bitartean, badaezpada ere, han neukan apuntatua, miliziano haren ahoko zulora, neure fusil zaharra, gehienetan kartutxoa sutzen ez zuena.

Nire lagunaren hitz horiek entzunda, sartu zen ostera bere kotxean, bila zebiltzan gizon horien etxe ondoan buelta eman zioten kotxeari, eta isil-isilik alde egin zuten.

Gu bi gazte umezurtz ginen, eta bizkarrean genituen fusilekin ez geneukan geure burua salbatzerik; han ikasi genuen askotan buruak eta ausardiak armak baino lan gehiago egiten dutela.

Andoaingo herrian bazen gizon handi bat; ez diruz bakarrik, bai gorputzez ere. Haren izena, Luziano Pastor Añibarro zen. Luken esaten zitzaion. Jaun honek, erbeste-herrietan, gehienaz Suitzan, etxe askotako errepresentazioak ibiltzen zituen.

Gure partiduak jaun hori eta Rafael Pikabea aukeratu zituen, estranjeriatik armamentua ekartzeko. Txekoslovakian-edo bi trenkada erosi eta bidean zetozela utzi zituzten.

Jaun horrek ni ezagutzen ninduen, bere emazte zena nire aitaren lehengusu propioa zelako. Gure etxera askotan etortzen zen. Oso alaia zen; gizon atsegina, esan nahi nuke.

Txekoslovakiatik-edo ibili zen tokitik etorri eta gure etxera joan zen, eta aitari honela galdetu:

—Iñaki etxean al duzue?

—Ez; guardia egiten ia gauero hor zebilek. Hor duk nonbait ere.

Eta kalean aurkitu ninduen. Besarkatu ondoren, esan zidan:

—Iñaki, bi trenkada armamentu bidean ditugu. Hi iaioa haiz eta Buruntza mendi hori ikusi ezak ongi, zer egin litekeen.

Pastor Añibarro horrek burubidea zuen, Andoain hartzerako, bi trenkada armamentu horiek Donostiara sartuko zirela. Eta horregatik pentsatzen zuen Buruntza zela gogor egiteko mendi egokia.

Hurrengo egunean bertan, hartu ditut auzoko bi nire lagun, Buruntza mendi horretara joateko. Pastor Añibarrok lan hori isilisilik egiteko esan zidan. Horregatik, komiteari eta nire kapitainari kasurik egin gabe, hor abiatu gara.

Lasai-lasai hirurok goazela, bidean dagoen Azkorteko Santa Kruz ermita horretara iristean, hor azaldu zaigu lehenago Orian igitai batekin gizona hil zuen bat. Gallego horietakoa zela uste dut. Beltza esaten zioten. Eta honela dio:

—¡Alto! ¿A dónde vais?

—A dar un paseo por Buruntza.

—¿Un paseo? ¿No sabéis que estamos en guerra?

—Sí, pero nosotros no somos guerreros.

—Pues quedáis detenidos.

Hori entzunik, honela esan nion:

—Usted a mí me conoce perfectamente, porque usted es de Oria y yo de Urnieta. Y además creo que estamos defendiendo la misma causa.

Baina halaz guztiz ere ez zen gurekin fidatzen. Honela esan zigun:

—Bajaréis conmigo al comité de Urnieta.

 

Eta jaitsi behar izan genuen. Komiteko lehendakari egiten zuena Antonio López zen, errepublikanoa. Berarengana Beltza haren mendean azaldurik, honela diost:

—¿Qué pasa, Iñaki?

—Pues íbamos los tres a dar un paseo al monte Buruntza, y éstos estaban en la ermita de Santa Cruz, y parece que nos han tomado por espías, por no tener documentación.

Orduan Antonio jaun horrek, guregandik apartaturik, zerbait jatorbide ematen hasi zitzaion Beltza horri.

Tarte horretan, gure kapitain Roke Lasarte jauna azaldu zen:

—Zer pasa zaik, Iñaki?

—Motel, Beltz horrek detenitu eta Santa Kruzetik ekarri gaitik, Buruntza mendia ikusteko baimenik ez genuelako.

—Demonio eroa! Bidean zertan ez duk akabatu?

—Roke, ez nian ezer ere, makila besterik.

Antonio López horrek makinaz idatzi eta Buruntza hori ikusteko baimena eman zidan. Baina nire bi lagunak ikaratu egin ziren, eta ni bakarrik joan nintzen gizon beltz harekin.

Ermitaraino iritsi eta barrura sarturik, han ikusi nuen aita Santo Kristo gizagajoa tiroz zulatuta zeukatela. Haserreturik, honela esan nion gizon beltz horri:

—¿Qué culpa tiene el Santo Cristo? ¿Así pensáis ganar la guerra, con todo lo comunistas que seáis?

Ermitaren barruan bazeuden hamar bat lagun lasai-lasai etzanda. Gainera, mozkortuak zeudela uste dut.

Bazter batean edariak, gainera ugariak, eta bestean haragi, ogi, urdaiazpiko eta abar; ez zeukaten ezeren faltarik.

Arrazoi bainuen, ez Beltza horrek eta ez besteek kinkik atera gabe, Buruntzako joan-etorria bake-bakean egiten utzi ninduten. Buruntza mendi honek orain badauka, geroztik egina, gurutze luze eta handi bat. Baina orduan ez zuen.

Bere hegalean zeukan, eta oraindik han dago, ermita txiki bat, San Roke deritzona. Ongi gogoan daukat egun hartan eskatu niola, aitagure batez, gerra guztian aurren-aurrena osasuna emateko.

Errezo hori eginik, teilatu gainetik inguru guztiari begiraka egon nintzen. Pastor Añibarrok arrazoi handia zuela ikusi nuen, mendi hori etsaiari aurpegi emateko aukeratzea; eta, gainera, hango harkaitzetan, trintxera eta zulorik egiten lanik ez zegoela.

Baina Pastor Añibarro eta Rafael Pikabea gizagajoek, beren ustez hain xuxen zebiltzanak, ekarri dituzte Baionako estazioraino edo bi trenkada armamentu horiek. Frantziako gobernuak, no intervención zela eta ez zela, bertan geldiarazi zituen, Donostiaraino ailegatu gabe.

Bi lagun horiek nahigabe izugarria eraman zuten. Baina gizonak ez luke horren erraz etsi behar. Honekin esan nahi dut bi jauntxo horiek gero egin zutenarekin eroso bizi izango zirela. Hura ikusiagatik, ez zuten ihes egin behar, berriro ere nonbaitetik ekin baizik.

 

Bitarte horretan, Asturiasko dinamitero batzuk etorri ziren. Bost bat lagun edo. Mario jaunak ekarri zituen, guri gerra zer zen erakusteko. Mario hori militarra zen, komandantea, eta italianoa jaiotzez.

Mario jaun horrek hauxe nahi zuen: Urnietako mendi-gain guztiak zulatu, dinamitarekin bete, eta, etsaia igotzen zenean, urrutitik su eman eta mendi-gaina, harkaitzak eta etsaiak txikitxiki egitea.

Urnietako bide, bidezidor eta bazter guztiak asturiano haiei erakusteko, hiru lagun bidali gintuzten: Jose Berakoetxea, Juanito Elustondo eta ni, hirurok urnietarrak.

Hala, egun batez, asturiano horiekin ibili eta elkarrekin oso lagun egin ginen.

Hurrengo egunean ere berriro elkarrekin joan behar genuela esan ziguten, mendi haiek ikustera.

Baina guk, Urnietako gure komitera joanda, gerra denok txandaka-txandaka sufritu behar genuela eta hurrengo egunerako beste batzuk bidaltzeko eskatu genuen. Eta komiteko lehendakari egiten zuenak beste lau bidali zituen gure ordez.

Baina Mario jaun horrek, hori jakinik, bera zegoen kuarteletik lau guardia eta miliziano gu detenitzera bidali zituen. Eta han joan behar izan genuen hirurok Mario jaunaren aurrera, deklarazioa egitera.

Guk, noski, artean gazte izanik, ezer ere ez genekien militartasunaren berri. Nik orain garbi aitortzen dut geure buruzagien aginduari burla egin geniola eta oso gaizki portatu ginela.

Kuartel aurrera ailegatu garenean, hor jarri gaituzte paretaren kontra, honela esanez:

—¡Firmes!

Orduan, Berakoetxeak honela esan zidan:

—Hiltzera ekarri gaitik.

Nik erantzun nion:

—Gero ere hil beharko diagu, bai, eta gaur, nahiz eta guk erru handirik ez izan, gu izango gaituk, erdaraz esaten den bezala, los paganos. Eta hala izan dadila.

Honela, paretaren kontra gaudela, halako batez komandante jaun hori azaldu zaigu, atera digu atzeko aldeko poltsikotik pistola nueve largokoa, gerra-denboran askok eta askok ibili zutena, eta honela diosku:

—Ayer os portasteis de maravilla y hoy os habéis insubordinado. Yo no soy político, ni euskaldun, ni castellano, ni español; pero soy universal. Y cuando uno pone su corazón en algo, debe saber dar la vida.

Eta pistola petxuan jartzen zigun, gora eta behera igurtziz.

Baina azkenean honela esan zigun:

—Sois todavía jóvenes y os perdono esta vez. Pero os advierto que a la próxima os mataré.

Handik aurrera, hamar bat egunean, asturiano haiekin ibili nintzen, etxetik agertu ere gabe. Oso finak ziren eta poz-pozik nenbilen.

Bai abilak zirela bonbak egiten. Iturrietako tubo txiki edo handiekin, nahi zen eratakoekin, egiten zituzten. Nik uste dut, dinamita eta pistoia izanez gero, makila batekin ere bonba egingo zutela, makila erditik labanarekin zulatuta.

Haiekin nenbilela, andoaindar batzuekin ere ailegatu nintzen hitz egitera, eta asturiano haiengatik honela zioten:

—Alkain, Alkain, horrelakorik ez diagu egin behar. Gerra irabazia zeukaagu, geldirik egonda ere. Eta abar eta abar. Honelako itxaropena izan zen gurea.

Baina asturiano haiek zerbait egin nahi eta Leitza errekako zubia bota zuten. Hemezortziren bat kartutxo jarri ur-ertzean, zubiaren azpian, hango hondar eta lurrez estalirik pilarearen kontra; eta bazterretik su eman eta zubia putzura.

Ni, berriz, gaineko aldetik begira eta penetan, alferrik galdua inorentzako ez dela neure artean esanez.

Haien bototik, etsaiari entregatu baino lehen, etxe guztiak eta zubiak kiskalita utziko zituzten.

Arrazoi pixka bat ere bazuten. Ni ez naiz kiskali-zalea, eginzalea baizik. Baina behin gerra egiten hasiz gero, gogor saiatu behar du batek, bere burua hilik ikusi nahi ez badu behintzat.

Gu, berriz, bigunegi hasi ginen.

Asturiano haiek Donostia hartu baino lehenago joan ziren hemendik beren lurrera; eta, azken agurra egiterakoan, honela esan zidan haietan buru egiten zuenak:

—Contigo a cualquier sitio. Pero con la gente de intereses creados a ninguna parte. Y aquí no pasa sino eso.

Nik ba al nekien orduan intereses creados zer zen! Gero ikasi nuen, eta geroztik gogoan edukitzen ditut hitz horiek.

Ilunabar batez, hor azaldu da Andoaingo Jose Etxeberria, andoaindar eta tolosar mutil-talde batekin. Honela esan zidan:

—Iñaki, bazekiat herria eta inguru hau zaintzen jarri hautela. Baina ez zekiat zer doan hemen. Gu Beasain aldeko mendietan ibili gaituk, eta ez diat fundamenturik ikusten. Hire ideia zer daukaan jakin nahi nikek.

Honela erantzun nion:

—Neronek ere berdintsu ikusten diat. Etxean eta herrian egonda, etsaiari muturrekorik ematerik ez zegok.

Gero, Roke Lasarteren mendean nengoela esan nion; eta berak, nire herri eta inguruetan mutil sail bat bilatzeko eskatu zidan.

Gau hartan Urnietako batzokian lo egin zuten, eta hurrengo goizean Azpeitiko Loiola aldera irten ziren.

Nik, berriz, nire herrian egonda, onik ez neukan; baina agindua hala zen eta egon beharrez gertatu nintzen.

Bitartean, etsaia beti aurrera. Beasain, Ordizia eta Tolosa harturik, Andoaineraino ere etorri ziren.

Hala ere, gu lasai, armamentua Txekoslovakiatik etortzekoa zela eta. Bi hilabetez aurretik Nafarroa aldera geure eskopeta zaharrekin eta aitzurrekin irten izan bagina, nafarrak beren lekuan sartuko genituen. Baina Txekoslovakiara begira geunden...

Hurrena Urnieta zetorren. Hamabost egun barru hartu zuten.

Hartu zuten egunean, etxera joan nintzen, aita eta senideak agurtzera eta arropak hartzera.

Orduantxe zetozen erreketeak Buruntza menditik. CNTkoak eta kalean «viva el comunismo» eta «viva Rusia» deiadar eginez ibiltzen zirenak, lasterka eta korrika etorri ziren Buruntzatik behera, beldurrak airean, atzera begiratuz.

Haietako bi gure baserriko ataritik pasa ziren, abaila ederrean, gainera.

Eta gure aita, hain zen jeniozkoa, etsaia artean urruti zegoela eta haiek korrika ikusirik, atarira irten eta honela diotse, besoak gora altxata:

—¿Ganar con vosotros la guerra? ¡De ninguna manera!

Ni, komuneko leihotik Buruntzako hegalera, nahiz aparte samar izan, artean ere tiroka ari nintzen nire italiano fusil badaezpadakoarekin; eta, hura entzunik, honela esan nuen neure artean:

—Hori duk arrazoia aitarena!

Hala, nire arreba Elixabetek fardela arroparena preparatu artean, tiroka jardun nintzen.

Gure baserriko etxe atzean intxaur handi bat zen, eta haren azpian nire lagun bat, Migel Isasa, zain neukan. Nire aita eta senideak ere han bildu ziren.

Nire fardel hori harturik, denoi agur egitera inguratu naiz. Senideena eginik, hurrena, jakina, aitarena egin behar. Eta honela diost:

—Semea, ba al hoa etxea utzita?

Nire erantzuna:

—Aita, joan egin beharko dut. Aurrera samar sarturik ibili naiz, notizia txarrak datoz Goierri aldetik, eta hiltzeko gogorik ez daukat nik oraindik, gaztea naiz eta.

Eta aitak honela erantzun zidan:

—Bien, motel, semea! Dena bazekiat. Baina nahiago diat hil haizela entzutea, gaur edo bihar hor atarian orain pasa diren horiek bezain kobardea haizela entzutea baino. Orain heldu iezaiok honi, zortzi duro hauei. Besterik ez zeukaat. Gehiago baneuzka, emango nizkiake.

Orduan honela esan nion:

—Aita, ni gaztea naiz. Hiltzeko arriskutan jartzen dut neure burua, eta ez dut diru beharrik. Horrenbesteko familiarekin geldituta, zortzi duro horiek zuretzat gehiago balio dute, niretzat baino. Gerra galtzen badugu, diru beharrik ez dago; eta irabazten badugu, berak ekarriko du zerbait.

Eta, era horretan aita eta senideak agurturik, han zegoen lagunarekin eta fardelarekin, artasoro tartetik Hernani aldera irten nintzen.

 

Erredakzioaren oharra:

"Gerrateko ibilerak" liburua Iñaki Alkain eta Antonio Zavalaren artean idatzi zuten, eta berriki Hauspoaren bitartez argitaratu zen. Urnietako bertsolariaren ibilerak bildu eta argitaratu zituen Zavalak, ahozko lekukotzatan oinarriturik. "Alzamiento Nacional"aren urteurrenean, irakurtaldi aproposa izan daiteke. Liburua salgai dago Aiurriko erredakzioan, Andoaingo Arantzibia plazan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!