Etorkizunera begira jarrita, itxaropenari eusteko

Aiurri 2020ko uzt. 27a, 09:24

Portugalen debuta egitekoa zen, baina lasterketa Koronabirusagatik bertan behera utzi zuten. Joan zen uztailaren 24an, gainera, erorikoa izan eta eskumuturrean ebakuntza egin behar izan zioten urnietarrari.

Aste zailak izaten ari dira Urnietako Mikel Alonso txirrindulariarentzat. Egun gutxi dira bertan behera utzi zutela Agostinho-Torres Vedras lasterketa, antolatzaile taldeko kide batek Covid-19aren proban positiboa eman ondoren, eta Euskadi Fundazioa ondorioz ez zen Portugalera lasterketa hori korritzera joan. Kolpe handia Mikel Alonso ziklista urnietarrarentzat, esperantza handia baitzeukan proba hori korritu eta lan ona egiteko.

Zorte txarra areagotu egin da, uztailaren 24an entrenamendu saioan eskumuturrean kolpe handi samarra jaso ostean. Euskadi fundazioak emandako albistean, ebakuntza egunean bertan egingo ziotela iragarri zuten.

Mikel Alonsok itxaron egin beharko du denboraldian debutatzeko. Aiurri harremanetan jarri da txirrindulariarekin eta "ebakuntza ondo irten da. Laster bizikleta gainean jarriko naiz" adierazi du. Egun zailak izan arren, etorkizunera begira jarri beharko du. Itxaropenari eustea da gakoa. 

Burgosko Itzulia

Mikel Alonso onik izango balitz, bera egon zirekeen uztailaren 28an hasi eta abuztuaren 1ean amaituko den Burgoseko itzulian. World Tour mailako 14 talde elkartuko dira bertan, munduko txirrindulari onenentsuen parte hartze zabalarekin, eta aurtengoan Mikel Iturria eta Mikel Alonso urnietarrak ez dira hango errepideetan lehiatuko.

Euskaltel Euskadi fundazioak honako taldea eramango du Burgosera: Mikel Aristi, Mikel Bizkarra, Ruben Fernandez, Julen Irizar, Txomin Juaristi, Juango Lobato eta Gotzon Martin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!