Ikertu, idatzi eta erakutsi

Andoni Urbistondo 2020ko ira. 6a, 09:00
Luis Mari Zaldua urnietarra

Ingurumen heziketa du ofizio, eta euskara ikertzaile afizio. Gipuzkoako herri izenen jatorria hizpide duen liburu potoloa argitaratu berri du.

Euskararen jatorria, erabilpena, etorkizuna, eta jaioterriko hainbat izen eta pasadizori buruz mintzatu da Aiurrirekin.

Pasioa dario Luis Mari Zaldua Etxaberi euskaraz, euskal izenez ari denean (55 urte, Urnieta). Gezurra badirudi ere, bestelako ofizioa dauka azken urteotan, Ingurumen hezitzaile jardunak ematen baitio eguneroko ogia. Jardun horretan egin beharrekoak egin ostean, ordea, euskal onomastika, izendegi eta testigantza munduan murgiltzen da, “lana egin eta buruan ditudan galderei erantzunak bilatzen saiatzeko”. Erantzun asko lortu ditu, eta hainbat argitalpenetan publikatu. Hiru liburu ditu idatziak bakarrik, eta azkena Patxi Salaberrirekin elkarlanean argitaratu du: Gipuzkoako herrien izenak. Lekukotasunak eta etimologia. Gipuzkoako herrien izenen jatorria azaltzen da bertan, eta 400 orrietan biltzen den informazioa bildu, egiaztatu eta osatzeko zenbat ordu pasa dituen galdetuta, “nahiago dut ez gogoratzea” erantzun du.

Euskal Filologian doktore da Zaldua, eta Euskaltzaindiko euskaltzain urgazle ere bai. Hernanin bizi da azken sei urteetan, bizitzak hara eramanda, baina urnietar peto sentitzen da: “Gure belaunaldiko urnietarroi Hernani ez zaigu batere arrotza egiten, ordu asko eman baititugu Hernanin, batez ere gazte garaian. Ez naiz arrotz sentitzen Urnietan, baina, egun, jende asko ez dut ezagutzen. Hernanin betiko jendea ikusten dut, Urnietan ez. Gertatu izan zait, norabaitera deitu, Luis Mari Zaldua naiz esan, eta bueltan: ‘Urnietakoa zara?’ galdetzea. Ez dut harrokeriagatik esaten, deigarria egiten zait urnietarrak garenok ez ezagutzea”. Bere ama Urnietan bizi da, semeak ere han ikasi du Batxilergoa hasi arte, eta harreman estua du Urnietarekin. Jaioterrian urriaren 15ean Antonio Garmendia saskigile zenaren inguruko hitzaldia emango duela gogoratzen du, hori azaltzeko: “Niretzat opari bat urnietarra izanda”. 30 urte atzera berarekin grabatutako zintak berrikusten pasa du abuztua, hitzaldia prestatzeko.

Loreak ditu ahotan Antonio Garmendiarentzat: “Nire hizkuntza ikerketen informatzaile
kuttuna izan zen, Urnietako euskara ezagutzeko aingura”. Beste izen asko bota ditu: Bartolome Uranga “Hankamotza”, Maria Arizmendi, Aierdiko Xanti Lasarte eta Angela Garmendia, izeba Kontxita… “Ekarpen handia egin didaten pertsonak dira. Euskara aberatsa eta jatorra daukate, eta pasadizo benetan interesgarriak kontatu dizkidate”.

Zalduak ingurumen heziketaz arduratzen den fundazio batean egiten du lan, gerente lanetan. “Gipuzkoan lau natur parke daude, eta natur ondare hori erakutsi, herritarrak sentikortzeaz arduratzen gara, ikastetxeekin jardunaldiak antolatu eta beste”. Lau natur parke horiek: Aiako Harria, Pagoeta, Aralar eta Aizkorri-Aratz dira; sei interpretazio gune edo parketxe daude guztira haietan. “Fundazio horretako gerentea naiz. Hori da nire ogibidea. Hezitzaile izatea ere gustatzen zait, tarteka, eta talderen batzuk hartzen ditut, baina nagusiki gerentzia lanak egiten ditut”. Parketxeetara 65.000 pertsona bertaratzen dira urtero.

Lana bukatzen duenean, bere zaletasunak hartzen du lekukoa,  euskararen inguruko kontuak. Euskal Filologia bukatu zuen 1988-89an, eta egun batez Arantzadi Zientzia Elkartera deitu eta Etnografia sailean parte hartzeko zer egin behar zen galdetu zuen. Bazkidea zen, ordurako. Bilera atari batean Luis del Barrio eta Josu Tellabide topatu zituen, mapa batzuk begiratzen. “Hizketan hasi ginen, eta ze ikasi nuen galdetu zidaten. Euskal Filologia esan nien, eta Donostiako Toponimia Bilketa egiten ari zirela esan zidaten, zalantzak zituztela, eta ea nola jarriko nituen nik. Saltsan hasi nintzen, eta horrela murgildu nintzen Etnografia Departamenduan, Toponimia lanetan laguntzen. Urnieta, Lasarte, Hernani, Usurbil, Zegama eta Segurako onomastika lantzen. Kasualitate bategatik. Hernanin toponimia bilketa mapa batean jartzea nahi izan zuen Udalak, eta bertako itzultzailea Hiazinto Fernandorena urnietarra zena zen. Harremana sortu zen, eta gure lana mapa batean jarri genuen. Udalak Euskaltzaindira bidali zuen, ikuska zezan. Alfontso Irigoienek ikuskatu zuen, eta berak proposatu zidan toponimiari buruz doktorego tesi bat egitea. Nik, 25 urteko gaztearen suarekin, baiezkoa esan nion”.

Bi urtez aritu zen egunero Bilbora joaten, ikastaro batzuk hartu behar zirelako. Alfonso Irigoien zendu zen eta Patxi Salaberri bilakatu zen bere tesi zuzendari. “16-17 urte eman nituen tesia osatzen, 2012an bukatu nuen”, dio, lotsatu antzean. “Doktorego tesi bat osatzeko, egunez 8-10 ordu eginez gero, bost urte behar dira gutxienez. Egunean bi edo hiru ordu eskaintzen badizkiozu, ba pentsa. Onomastika doktoretzak luzeak dira, erreferentziak lortzeko ikerkuntza lan handia behar delako, bai ahozkoak, baita idatzizkoak ere”. Doktoretza bukatu eta Euskaltzaindiko Onomastika Batzordeko kide egin zuten, bertako eta kanpoko pertsona eta tokien izenak ikertzen dituen Batzordea.

Ordurako Euskaltzaindiko aholkularia zen, eta 2018an Euskaltzain Urgazle izendatu zuten. “Urgazleak gaztelaniaz miembro correspondiente dira. Gainetik euskaltzain osoak daude, erabaki akademikoak hartzen dituzten kideek osatuko batzordea. Urgazleak horien azpitik gaude. Euskaltzain oso izateko urgazle izan behar duzu derrigor, eta euskaltzain oso izateko hautatu egin behar zaituzte, hala direnek. Ez dauka Euskaltzain oso izateko grina berezirik, “lan handia suposatzen baitu, ardura handia, eta konpromiso asko eskatzen duena. Urgazle izanda gustura nago”.

Hiru liburu argitaratu ditu

Hiru liburu argitaratu ditu dagoeneko: “Nik bakarrik idatzitakoak hiru, beste bat Patxi Salaberrirekin erdibana, eta besteek egindako lanak editatu, beste bi oker ez banago. Mapa toponimikoei dagokionez, dozena bat edo argitaratuko nituen, eta artikuluak aldizkari zientifikoetan, ba beste dozena pasatxo”. Azken urtetan onomastika alorrean aritu izan da, batez ere, ikerlaria. “Onomastika izen berezi edo propioak aztertzen dituen hizkuntzalaritzaren adarra da. Andoni, Luis Mari, Urnieta, Urumea… horiek izen propioak dira. Bakoitzak gauza bakarra izendatzen du. Luis Mari Zaldua bakarra dago, Andoni Urbistondo bakarra, Adarramendi bakarra… Izen arruntek, aldiz, gauza asko izendatzeko balio dute: basoa, zubia…

Izen bereziak etiketak dira, eta hizkuntzalaritzan tratamendu berezia ematen zaie, esanahia jakin gabe ere. “Ahoj hitza esaten badut, ez didazu ulertuko (agur, txekieraz). Aldiz, Iban esaten badizut, identifikatuko duzu norbait, Iban izenaren esanahia jakin gabe ere. Gauza interesgarria da hori, erabiltzen den hizkuntzako izena izan gabe ere, hizkuntza horretan funtzionatzeko gaitasuna baitu”. Donostian gaskoien garaiko hainbat izen daudela dio Zalduak: Miramon, Urgull, Monpas, Sagues… “Donostian gaskoia ez da erabiltzen egun, baina izen horiek esan eta jendeak tokiak identifikatzen ditu. Toki eta pertsonen izenek denbora asko iraun dezakete”. -Ama atzizkia, hurrengo adibidea: “Badira adibide gutxi batzuk gurean: Zegama, Beizama, Arama, Ezama… Duela 2.000 edo 2.500 urte atzera beste kultura indartsuak bazeuden Iberiar penintsulan, euskaldunez gain: zeltiberiarrak, iberiarrak… eta euskaldunek haiekin harremana izan zuten”.

Toki izenek asko iraun dezaketenaren lekuko dira. “Izen horiek guri iraganeko euskararen informazioa ematen digute, garai hartako hizkuntza nola zen jakin ahal izateko. Denbora asko irauten badute, aldatu egin direla esan nahi du eta hori da hizkuntzalariok aztertzen duguna, gure informazio iturria, nolabait esan”. Eta Urnietako kasu esanguratsu bat azaldu du, Antonio Garmendiak emandakoa. “Berrasoeta auzora igotzeko aldapan, errepidea gurutzatu eta bazegoen aska edo erreka bat. Han Antoniok egurrak urpean edukitzen zituen. Galdetu nion ze izen ematen zion, eta Txutxoko erreka esan zidan. Nik izena entzun eta aho bete hortz geratu nintzen, ze jakina, izena berezia zen, iluna zirudielako. Geroago, Udaletxeko Miguel Mari Iraolak artxibo eta eskrituretan begiratu zuen. Bilatu zuen, eta idatzizko forma zaharra Zubitxo zen. Zubitxo, Txubitxo, Txuitxo eta azkenerako Txutxo. Gure lana da, idatzizkoak ez ezik, ahozko lekukotzak jasotzea, ahozko testigantzak garrantzitsuak direlako, erabili egiten direlako, eta informatzaileek beti jakiten dutelako izen hori ze tokiri dagokion”.

Beste adibide bat: Amuela, Pardakiko hankamotzaren sorlekua, Adarramendi atzealdean, Urumea aldera. “Urnietan, garai batean, Amuela gaurko gazteentzat Mordor denaren parekoa zen, oso urrun zegoen lekua. Amuela berez Amunola da,’amonaren etxola’. Ola hitzak berez ‘etxola’ esan nahi du. Amuela Amunnola bezala agertzen da 1178ko dokumentuetan, beste hainbat saroirekin batera: Urhumea, Ançiz (Antxista), Legarralde, Zuloeta… Ikerkuntza lan hori egitea da gure eginkizuna, gustuko baduzu lan polita benetan”.

Gauzez konturatzea sentsazio oso atsegina omen da, zerbait berria bilatu izana, ezkutuan zegoena aurkitzea: “arrastoren bat, datu bat, erreferente bat… Jende batek esango du, pitzatuta gaudela, baino tira… Hiru bat urte eman ditugu azken liburua osatzen. Milaka erreferentzi daude, zortzi mila datu. Datu bakoitza bere ikerketarekin. Gipuzkoako 89 herri eta beste 80 herri izandako aztertu ditugu: Igeldo, Zubieta… Horien idatzizko lekukotzak, artxiboetan, eta ahozko lekukotzak www.ahotsak.eus funtsean. Urnietako jendea ere azaltzen da. Informazio pila ematen da, eta guk lekuen aipamenak bilatzen ditugu, beraz, orduak eta orduak eman ditugu entzuten. Asto lanetik asko du, gureak”.

Adarramendiren jatorrizko izena

Adarramendik ere beste izen bat omen zuen, eta oso atzera egin gabe, iraganean: “Urnietan izen ezaguna da Lekaio. Dokumentazio zaharrean azaltzen da, XVII. gizaldian, Adarramendi mendiari izena emateko. Hankamotzak ezagutzen zuen izen hori. Zer esanahi zuen galdetu nion, eta ‘ujua’, ‘oihua’ esan nahi omen du. Loturak egiten hasi ginen, eta Adarramendiri horrela zergatik esaten zitzaion galdetzen hasi geure buruari. Ez da adarra itxura duelako. Xanti Aierdikoak eta Pardakiko hankamotzak esan zigutenez, ehizan ibiltzen zirenean adarrarekin tutua jotzen omen zuten, piezak harrapatzen zituztenean. Abisu bat emateko moduan edo. Kultur Etxeari izen hori jarri genion”.

Gipuzkoako toponimian latinetik datozen hainbat izen omen daude. “Urnietan Probintzi (Florentzia) edo Miraballes baserriak daude, erdal jatorriko toponimoak. Era berean,
erromatarren garaiako leku izenak badira Gipuzkoan: Gabiria, Cabilius izena zuen norbaiten jabetza zen. Lazkao Lascus izena zuen norbaitena. Zestoa Sextus izena zuen norbaitena. Lekaio hitza ere erromatar garaian jarritako izena dela esango nuke, Lacceius izeneko norbaiten jabetza, hain zuzen ere. Andoain Antonianusen jabetza izena da. Izen hori orain 1500 edo 2000 urte jarritakoa da”.

Urnietarekin zalantzak dituztela onartzen du Zalduak. “Urni ez da gardena. Jendeak burnirekin lotzen zuen, Burnietatik ote zetorren, baina erdarazko hierro euskaraz ez da burni esaten, burdin baizik. Urdineta edo Burdineta izango zen, izatekotan. Urarekin ere lotu izan dute, Ur hasiera horregatik, baina hori ere ez da jakite ziurra”. Ez jakiteak lasaitasuna ematen die, “ezin baita dena jakin, eta dakiguna oso parte txikia da. Lasai esaten dut ez dakigula. Agian belaunaldi pare bat pasatzen denean arrasto edo dokumenturen bat bilatuko dute, non Urnietaren jatorria bilatzen duten”.

Erromatar jatorriko hitzak aipatu dituenez, haiek gure aberrira iritsi ez zirela diote zenbaitek. Zalduak egon zirela dio, ez dagoela zalantzarik: “Euskaldunok, salbuespenak salbuespen, ez dugu gure historia idatzi, besteek idatzi dute. Baina halere, neurri batean behintzat, bereziak gara, gure kulturak eta gure hizkuntzak ez dutelako ahaide ezagunik munduan. Ideia hori dela-eta, tranpa batean jausi garela esango nuke, berezitasun hori gure nortasunaren zati garrantzitsu bihurtu baitugu, gure kaltetan. Ez gara ahaide ezagunik ez duen hizkuntza bakarra, beraz ez gara hain bereziak, hala garela pentsatzen badugu ere. Besteek, gu, zerbait berezi bezala tratatzen bagaituzte, galtzeko daukazu dena, normalak edo arruntak diren besteek dituzten eskubiderik ez daukazulako. Beste edozein bezala bagina edo hala hartuko bagintuzte, beste guzti horien eskubide eta eginkizunak ez izateko aitzakia gutxiago egongo litzateke. Bereziak garenez, gure kontra erabili dute hori, gure kontra egin dute argudio hori erabiliz”.

Euskal toponimiak erromatarren sekulako ondarea omen dauka, eta gauza aberasgarria da hori Zalduaren ustez, “kanpoko hizkuntzek egin diguten ekarpenari esker, edo hartu ditugun hitzei esker baitakigu euskararen iraganari buruz dakigunaren asko. Euskarari buruz jakintza handia daukagu euskal jatorririk ez duten hitzen bitartez. Toki izen bat ez da euskalduna jatorria bertakoa duelako, euskaldunek erabili eta bere hizkuntzara moldatu dutelako baizik. Zegama, esaterako, euskal hitza da, ez dago besterik inon. Zerain ere berdin, eta ez dute euskal jatorririk. Euskal jatorririk gabeko euskal hitzak dira. Andonik ere latin jatorria du. Euskaldunek euren hizkuntzara moldatutako forma da, eta moldaketa horrek bilakatzen du euskal hitz edo izen”.

Euskararen etorkizunaz hausnarketa

Erdarazko esaera bat ekarri du solasaldira Zalduak: Hombre enfermo, hombre eterno edo mujer enferma, mujer eterna. “Botila erdi betea edo erdi hutsa ikus dezakezu. Urnietan garbi ikusi dut ikastetxeetan erdara asko entzuten dela. Irakasleak, neurri handi batean, egoera horren biktimak direla esango nuke, sekulako ahalegina egiten baitute umeek euskaraz hitz egin dezaten. Galdera zera da, umeek zergatik ez duten euskara egiten? Zenbait gurasok, ez denek, seme alabak D ereduko ikastetxeetara bidaltzen dituzte euskara ikas dezaten, baina ez dute handik kanpo erabilpena sustatzeko inolako interesik erakusten. Arazoa ez da ikastetxea, erabilera apala dela baizik. Gutxi ala gehiago, gaztetxoek badakite, baina askok ez dute erabiltzen, euren etxeetan ez dutelako euskara erabiltzeko jarrera egokirik, bultzadarik. Ume horrek hitz egingo du euskaraz ikastetxean dagoen orduetan bakarrik, etxean edo kalean dagoenean ez. Klaseak hartzen dituen bospasei orduetan bakarrik entzuten edo lantzen badu euskara, euskara ulertuko du, baina ez du espresatzeko gaitasunik izango. Eta gaitasunik ez baduzu, errazena erdarara jotzea da, ondo dakizun hizkuntzara”.

Egun, dena den, euskararen kurba positiboa dela dio hizkuntzalariak, “pasa den gizaldiko 50. hamarkadan oso egoera zailean egon baitzen euskara, desagertzeko zorian. Guraso euskaldun askorentzat lehentasuna semeek erdara ikastea zen, eta ez euskaraz hitz egitea. 70. hamarkadan kurba gaizto hori eten zen, batez ere EAEn. Egun edozein karrera euskaraz ikas daiteke ia, doktorego tesi asko osatu. Jakintza, literatura, musika, komunikabideen maila gorenean dago euskara, inoiz ez bezala. Euskaldun kopuru absolutua ere inoizko handiena da”. Kasu gutxi daude historian gurea bezalako hilzorian zen hizkuntza bati buelta eman zaiona. “Mirari bat egin da. Euskara batua adostu da. Ondoko beste hizkuntza gutxitu batzuk ez dute, eta guk bai, eta baliabide hori, ikastolak sortzearekin batera, egungo egoerara eraman gaituzten bi baldintza garrantzitsuenak izan dira zalantzarik gabe. Jauzi handia eman da, eta desagertzeko arriskutik kanpo gaudela esan genezake, gipuzkoar baten ikuspegitik esana”.

Euskara espezie endemikoa dela dio: “Alegia, toki bakarrean dagoen espeziea, eta ondorioz espezie ahula. Hiztun kopuru apala duen espezie endemikoa da, eta adi egon behar da. Nola erakarri gazteak euskarara? Kalitatezko produktuak eskainiz. Musika ona egiten duten taldeak daudenean, jendeak kontsumitu egiten du, baina ez euskaraz ari delako, kalitatezko musika eskaintzen dutelako baizik”. Jendarteari omen dagokigu euskara zaintzea, “baina ez gurea den zerbait eta bakarra delako, baizik eta gizateriaren altxorra, ondare delako. Kasualitatez gure herrian daukaguna. Nik beste toki batzuetan katamotzak hiltzen ari direla ikusten dudanean, pena hartzen dut, nire herrian gertatzen ez bada ere. Gure ondarea da euskara, baina munduko ondare gisa ikusi behar dugu eta ikusi behar dute, munduko hiritarrek euskara bere sentitu, bere egin, eta bere iraupenaren alde egin dezaten”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!