Lan bikaina eginda, Pentatloieko finalera sailkatu da Gabirondo

Jon Ander Ubeda 2020ko ira. 6a, 11:17
Gabirondo, iazko argazkian

Ezuste atsegina eman zuen Gabirondo urnietarrak, Azpeitian atzokoan jokatu zen Pentatloiaren sailkapenerako proban. Bigarren sailkatu zen, eta horri esker irailaren 26ko finalean izango da.

Segalaria maila fisiko bikainean dago, bere berezkoak ez diren probatan bikain aritu baitzen. Hamabost partaideen artean, azken txanpan lehiatzea egokitu zitzaion. Urduritasuna areagotzeko arrazoia izan ohi da, baina baita aurkarien lana begiratu eta erreferentziak hartzeko ere. Denborak ikusita, lehiakortasunean sakontzeko aukera baliatu zuen urnietarrak.

Probak bost ziren. Hurrenez hurren, honakoak:

  • Harria altxa: Hamar jasoaldi 100 Kg.ko harriari.
  • Giza proba: Bosnaka, plaza bat 400 kiloko harriarekin.
  • Aizkora: Kanaerdiko bat, eta 45 ontzako enborra.
  • Txingak: Hiru plaza, 50 kiloko bi txingarekin.
  • Lasterka: Hamar plaza.

Finalera sailkatutakoen denborak

  1. Zaldua 12:50.
  2. Gabirondo 14:04.
  3. Arria V 14:24.
  4. Peñagarikano 14:24.
  5. Errazkin 14:40.
  6. Kañamares 15:40.

Finala irailaren 26an

III. Euskal Pentatloiaren finala irailaren 26an jokatuko da, Azpeitiko zezen plazan. Gabirondo urnietarrak atseden hartu eta prestaketa saio onak egiteko aukera dauka. Denboraldi zail honetan, zukurik onena atera dio sortu zaion kirol aukerari.

 

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!