"Ez dakigu zenbat denbora iraungo dugun tentsio honekin"

Mikel Arberas 2020ko ira. 25a, 10:00

Urnietako ikastetxeko langileek hainbat neurri hartu dituzte ikasleen eta irakasleen segurtasuna bermatu eta ahal den heinean normaltasunari eusteko

Agustin Urretabizkaia, Magale ikastetxeko zuzendaria

Zein aurreikuspen zenuten ikasturtearen hasierari begira?

Ikasturte honetarako genituen aurreikuspenak, orain ditugunak baino hobeagoak ziren. Uztailaren hasieran ikastetxeko segurtasuna bermatze aldera prestaketa lanetan aritu ginen; jangela eta liburutegia egokitu, eta gune berriak diseinatu genituen, hau da, talde handiak espazio handietan sartzen saiatu ginen. Hasiera batean pentsatu genuen, gune zabalak baliatuz gero, ikasleak musukorik gabe egon ahal izango zirela. Hauxe zen gure planteamendua, baina abuztuan egoera okertu egin zen. Beraz, buruan genuena guztiz aldatu zen.

Zein izan da lehen egun hauetako sentsazioa?

Ona izan da. Sarrerak eta irteerak modu mailakatuan egitea apur bat kostatzen zaigu, baina ongi moldatzen ari gara. Antolakuntza aldetik apur bat eromena izaten ari da, esaterako, jolas garaietan, guneen banaketan etab. Halaber, irakasleak oso konprometituta ikusten ditut, izan ere, lan handia eskatzen du egoera berriaren antolakuntzak. Beraz, egoera zaila den arren, sentsazio baikorra dugu. Hori bai, ez dakigu zenbat denbora iraungo dugun tentsio eta lan karga honekin, baina behintzat ondo hasi dugu ikasturte berria.

Erronka handia izaten ari da?

Erronka izugarria da. Kurtso hasierak beti izan dira zailak, hasieran lan karga handia dugu guztia martxan jartzeko. Aipatu izan dut, ikastetxearen makinaria guztia mugimenduan jarri beharra dagoela. Aurtengo ikasturteari pandemiari dagokion guztia gehitu beharra dago, baita arlo askotan dagoen ezjakintasuna.

Zein neurri hartu dituzue?

Asko. Ordutegia zabaldu dugu, ikasleek sarrera mailakatuak egin ahal izateko lehenago hasten dira sartzen eta beranduago ateratzen. Gune berriak egokitu ditugu, esaterako, zenbait espazio ikasgela bihurtu ditugu, eta seinale berriak ipini ditugu. Antolakuntza aldetik, lehen bi jolasgarai egiten ziren, orain bost. Ordutegiak ere egokitu ditugu. Antolakuntza aldetik oso konplexua izaten ari da.

Gurasoen, ikasleen eta irakasleen artean beldurra edo ziurgabetasuna sumatu duzu?

Ez dut ikara sumatzen, behintzat, ikasleen artean; hauek gaztetxoak dira eta oso lasai ikusten ditugu, lasaiegi kasu batzuetan. Ez dakit jakitun diren bizi dugun egoeraz eta erronkaz. Irakasleak ere bare ikusten ditut, baina oso arduratsu jokatzen ari dira burutu beharreko eginkizunekin eta neurriekin. Beste alde batetik, gurasoak urduriago sumatzen ditut, noizbehinka neurriei buruz galdezka etortzen dira eta deiak jasotzen ditugu.

Koronabirus kasurik edukiz gero, zein da ezarri duzuen protokoloa?

Ikasleen artean ez dugu kasurik eduki, baina irakasleen artean positiboren bat egon da. Jakin bezain pronto martxan jarri dugu protokoloa eta hartzen ari garen neurri zorrotz guztiei esker ikasleak ez ditugu konfinatu behar izan. Hori bai, ikasle eta irakasle batzuk etxera bidali ditugu positibo eman duen norbaitekin kontaktuan egon direla medio. Egoera horri irtenbide bat ematen saiatu gara, eta egonaldian zeuden irakasleek etxetik lanean jarraitzeko aukera eduki dute.

Ikastetxeek babes nahikoa eduki dute Hezkuntza Sailaren aldetik?

Beti iruditu zaigu babes gutxi daukagula, eta egia da. Egoera batzuetan ez dakigu nola jokatu, iruditzen zaigu izugarrizko zama dugula gainean. Gainera, ikastetxean hartu beharreko neurriak oso zorrotzak dira, eta, agian, beharrezkoak dira bai, baina pentsatzen dut inguruan eta kalean aipatutako neurriak ez direla guztiz betetzen. Horrekin guztiarekin zera esan nahi dut, ikastetxeei asko eskatzen zaiela eta kanpora irtetean exijentzia  horiek asko murrizten direla. Beharbada, gainetik dauden hezkuntza saileko arduradunek, ikuskariek eta langileek bizitzen ari garen antzerako zama edukiko dute, eta, beraz, gauza asko ez dituzte argi izango.

Ez zenuten pasa den astearteko greba deialdiarekin bat egin, zergatik?

Aukera pertsonala da, langile bakoitzaren esku dago eta ikastetxean langileek erabaki zuten kasu honetan grebarekin bat ez egitea. Nik uste dut, jakitun zirela kurtsoa hasi besterik ez dela egin, erronka handia daukagula aurretik eta, agian, ez zela memento aproposena greba egiteko. Esanak esan, honakoa nire iritzia da, eta bakoitzak berea izango du.

Nola ikusten duzu etorkizuna?

Guztioi eragiten digun egoera da. Ikasleek erronka handia dute aurretik, izan ere prest egon behar dute ikasgela konfinatzen dutenerako edota, muturreko kasuan, martxoan jasan genuen konfinamendurako. Pandemia garaian arduratsu jokatu behar dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!