Hasiera arraroa, babes falta eta etorkizun zaila

Andoni Urbistondo 2020ko urr. 3a, 09:00
Ikasurte berrian protokolo zorrotza bete behar da ikastetxe guztietan.

2020-2021. ikasturtea martxa hartzen hasita dagoela, lau irakasleren iritzia bildu nahi izan du Aiurri astekariak, ikasturtea nola hasi duten jakiteko; ziurtasun falta antzematen da lau protagonisten ahotan.

Covid 19-ak sektore asko kolpatu ditu gogor, ostalaritza batez ere, baina irakasletza ere ez da atzean geratu. Irakasleek haurrak dituzte euren ardurapean, eta 20-25 ikasleko gelatan neurri bereziak hartu behar izan dituzte, pandemia ikastetxeetan ez zabaltzeko. Neurriak hartu, edo hartzen saiatu, ez baitute irizpide zehatzik jaso. Ahal moduan ari dira, euren kabuz. Eskertuko lukete erakunde publikoen babes gehiago, baliabide alorrean, batez ere, eta etorkizunaz galdetzeak halako zalantza sorrarazten die. Beldurra hitza aipatu gabe, zalantzaz, ziurgabetasun handiaz mintzo dira Xabier eta Maddi Irastorza, Aizpea Goenaga eta Uxue Urdangarin irakasleak.

Hiru galderako inkesta

  1. Zer moduz joan da ikasturteko lehen hilabetea?
  2. Erakundeen babesa sentitu duzue?
  3. Zein etorkizun sumatzen duzu?

Xabier Irastorza Donostiako Maria Reina ikastetxeko irakaslea

1 Ikasturteko lehen hilabetea nahiko arraroa izaten ari da. Bai haurrak, eta bai irakasleak egokitze prozesuan gaude. Gauza asko aldatu dira. Ikastolara sartzeko momentua zeharo aldatu da: sarrerak leku desberdinetatik egin behar dira, tenperatura hartu, eskuak garbitu behar dira, ikasleek eta guk, gelako lana ere erabat aldatu da. Guk Amara Berri hezkuntza eredua erabiltzen dugu Maria Reinan, eta lan egiteko modua aldatu da. Heziketa sistema horretan geletan lau txokotan egiten da lana, txoko bakoitzean lan desberdina, eta zikloka. Adin desberdinetako ikasleek elkarrekin egiten dute lana, talde lana sustatzeko, eta ikasle zaharragoek gazteagoei laguntzeko. Mahai guztiak ere sakabanatuta daude, eta oraindik egoera berri honetara egokitzen ari garela esango nuke.

2 Galdera horri erantzutea ez da erraza. Egia da Jaurlaritzak osasun eta protokolo irizpide batzuk plazaratu dituela, baina era berean eskola bakoitzari bere errealitatera egokitzeko aukera eman zaio. Eskola bakoitzak bere protokoloa aurkeztu du, Jaurlaritzak onartu du, eta ari gara, saiatzen, arauak betetzen. Babesari buruz, Jaurlaritzak ez du giza baliabide gehiagorik erraztu edo erabaki gure eskolarentzat, ez du espazio desberdin gehiago erabiltzeko baimenik eman oraingoz, eta egokitzen ari gara. Adibidez, irakasle bakoitzak denbora gehiago pasatzen du bere ikasleekin, burbuila-taldeak delako sistema. Bestelakoan, Jaurlaritzaren esku hartzea osasun eta segurtasun protokolora mugatu da.

3 Etorkizuna… Batek daki. Ez da erraza zer gertatuko den asmatzen. Nire gelan haur bat daukat klaseak etxetik jasotzen kamera baten bitartez, kontaktu zorrotza zelako. Gu ere egoera horretara ohitzen ari gara, eta beharko, 10-15 egun etxea egin beharko baititu gauzak normal. Kasuak errepikatuko dira, ziurrenik, horiek saihestezinak baitira. Orduan eta ordu, egun gehiago egin klasean, denontzako hobe, horrek etxean egun gutxiago egingo ditugula esan nahiko baitu. Baina zuhurtzia handia eduki behar da etorkizunaz ari garela. Zuhurtzia eta zorte apur bat.

Uxue Urdangarin Añorgako Amassorrain ikastolako irakaslea

1 Pandemiak eragindako egoera berriaz gain, Amassorrain eskola ere esperientzia berria izan da niretzat. Jakin mina, kezkak eta beste izan ditut, baina giro ona eta elkarlana sumatu ditut. Musukoarekin dena da hotzagoa, komunikazioa zailagoa. Protokoloa ez da zehatza, oso orokorra da, eta ez dakigu ondo ari garen edo ez. Agerikoa da protokoloa idatzi dutenak ez direla eskoletan egon. Langile guztiok ahal garena egiten ari gara. Burbuila taldeek halako nahasmena sortu dute, horien artean distantzia ez zela mantendu behar esan baitziguten. Zentzurik gabeko hainbat arau daude, berandu jakinaraziak, zuzendaritza urduri dago, hasi berriok galduta… Kaos handi samarra izan da zehaztu gabeko protokolo horren erruz. Noraezean ibili gara. Ulertze aldera, urtebetetze festak ospatu genitzakeen ez digute argitu, eta horrek zalantzan murgildu gaitu.

2  Erakundeen babesa protokoloaren zehaztasun faltarekin lotuko nuke. Ez dakite zer behar ditugun. Murrizketak egon dira, eta horiek ez dute batere laguntzen kalitatezko hezkuntza lortzen. Hori saltzen dute lau haizetara, baina murrizketa eta baliabide eskasiarekin zaila da kalitatezko hezkuntza eskaintzea. Enpatia azpimarratuko nuke. Hezkuntzak jendarte batean sekulako garrantzia daukala esango nuke. Gaur-gaurkoz, baina, ez zaio garrantzia hori ematen. 

3  Ez daukagu batere argi etorkizuna. Baikor izan nahi dugu, eta egoera aldatuko delako itxaropentsu, baina ezjakintasuna handia da. Gurasoen presioa hor dago, askok lanera joan behar dute, eta ekonomiak aurrera egin. Ezin dute haurrak edozeinekin utzi. Konplikatua da. Denok behar dugu laguntza, eta denok jarri behar dugu gure partetik. Beldurra ere badugu. Eta berriz etxeratzen bagaituzte zer? B plan bat beharko dugu. Aurreko etxeratzeak ezustean harrapatu gintuen, eta gauzei etorri modura erantzun genien. Orain eskarmentua dugu, formazioa, egoerari nola aurre egin pauta batzuk. Ez ginateke zerotik hasiko, baina baliabide aldetik ez gaude prest. Ahulune asko ditugu.

    Ikasleak formatzen hasi behar dugu, txikitatik, gaitasun digitalean batez ere. Hezkuntza ere modernizatu behar da, ezin dugu liburuetan estankatu. Birus hau sistema modernizatzeko toke, ohar bat bezala ikusten dut, teknologia aurrera doalako, eta interesgarria litzateke aurrerakuntza hori hezkuntzarekin uztartzea. Gu hainbat euskarri sortzen ari gara beste etxeratze bat etortzeko arriskuaren aurrean, baina irakaskuntzan urte asko daramaten irakasleentzat ahalegin handia izan da. Gazteagoak garenok teknologia berriekin ondo moldatzen gara, baina gure aurreko belaunaldietako irakasleak ez hainbeste.

Maddi Irastorza Andoaingo Ondarreta ikastetxeko irakaslea

1  Hasiera zalantzaz betea izan zen, eta moldaketa pilo bat egin behar izan ditugu: sarreran gelen eta bileren antolaketa, mahaiak banaka jarri, materiala ez partekatzeko neurriak… Duda asko. Haurrei dagokionez, espero baino hobe moldatu dira, arau guztiak primeran betetzen ari dira: tenperatura hartu, gel hidroalkoholikoa, musukoa noski… Helduok baino gaitasun handiagoa erakusten ari dira egokitzeko. Musukoak komunikazioa eta ulermena asko zailtzen du, batez ere euskara guztiz menderatzen ez duten, edo ezpainak irakurtzeko beharra duten ikasleen artean. Arnasteko ere oso nekagarria da musukoa.

2  Zuzendaritzari helarazi dizkiegu zalantzak, eta haiek Jaurlaritzara. Momentuz ez dute erantzunik eman. Pasa den ikasturtean ordenagailuak ikasle denentzat egongo zirela agindu ziguten, baina ez dira iritsi. Bigarren jangela bat egokitu behar izan da espazioak mantentzeko. Mahaiak eskatu dira, baina ez dira iritsi, Udalak eman ditu. Termometroak ere azken unean iritsi ziren. Laguntza pertsonalari dagokionez ere pasa den ikasturtean bezala gaude, beraz laguntza askorik ez dugula jaso esango nuke.

3  Ikasturte hau arraroa eta ezberdina izango da. Kasu batzuk agertu dira gela batzuetan. Gela osorik ez dugu itxi, momentuz. Errepikatuko den pauta izango dela esango nuke, eta gu ere etxeratzeko unea iritsiko zaigulakoan nago. Ohitu egin behar. Etxean ordenagailuak dituzten ikasleak badira, ez dago arazorik, baina gure ikasle askok ez dituzte. Amara Berri hezkuntza sistema erabiltzen dugu, eta gaur-gaurkoz sistema ezin da indarrean jarri, eta horrek jarduera indibidualistak dakartzala uste dut. Horrek ekarriko dituen zehar kalteak zenbatekoak diren ikusiko dugu, baina izango du eragina. Oraingoz distantziak mantendu behar dira, eta talde lanean oinarritutako hezkuntza sistema ezin da indarrean jarri.

Aizpea Goenaga Donostiako Maria Reina ikastetxeko irakaslea

1  Ahal den moduan. Zailtasun dezenterekin topatzen gara lan egiterako orduan. Protokoloak aplikatzeak klase orduak murrizten ditu. Protokoloak bete beharrak irakasgairako dugun denbora murriztu digu, zereginak gehitu baitzaizkigu: tenperatura hartu, gelara sartzerako eskuak garbitu, komunera banaka joan, beste taldeak sartu edo ateratzean itxaron.... 

Ikasleen ahotsa entzutea kosta egiten zaigu musukoarekin. Gelek aireztatuak egon behar dutenez leiho eta ateak irekita eduki behar dira eta soinua entzuten da, eta haize eta euriarekin ezinezkoa da klasea ematea, euria gelara sartzen delako eta ateak dantzan jartzen zaizkigulako. Ikasleenganako gertutasuna lortzea ere zailagoa da. Aurpegiko keinu guztiak ez ditugu ikusten, eta begiak bakarrik ikusita, zer gertatzen zaien jakitea asko zailtzen da. Ikasleengana gerturatzean ere kezka handiagoa duzu, zer ukitu edo zer ez.

Guraso bilerak egiteko ere 10 pertsonako taldeak eduki ditzakegu gehienez, beraz bilera guztiak bikoiztu edo hirukoiztu egin zaizkigu. Arau xelebre xamarra, hori, klasean 26ko taldeak ditugula ikusita. Nik neuk etxean egon behar izan dut egun batez eta etxetik eman dut saioa ikasleak gelan zeuden bitartean. Baina ikasleek ezin dutenez bakarrik egon, nire lankideei lana bikoiztu zaie, norbaitek beti egon behar baitu gelan.

2  Nik ez dut babesik sentitu, erantzukizunak gehitu zaizkigula esango nuke. Esate baterako, tenperatura hartu eta hamarren bat gehiago badu hor hasten gara termometro ezberdinekin frogak egiten... Etxera deituz gero badakigu horrek familiari eragingo diola, eta familia bakoitzeko egoera oso ezberdina da.... Zenbat eztul egin behar du etxera deitzeko? Ez dugu ez lankide gehiago, ezta gela gehiago ere. Protokoloak garatzeko erabili behar den material guztia eskola ari da ordaintzen oraingoz, eta ez dakit laguntza ekonomikorik jasoko dugun edo ez. 

3 Zailtasun handiko kurtsoa izango dela iruditzen zait. Guk behintzat zailtasunak ikusten ditugu, baina aurrera segituko dugu. Etxeratuak egon ginenean ere aurrera egin genuen egoera ezezagun horri aurre eginez. Orain ere gauza bera egingo dugu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!