[KIROLA PANDEMIA GARAIAN]

"Partidak jokatzeko gogo biziz gaude"

Mikel Arberas 2020ko urr. 30a, 07:16

Albert Fuentes Samaniego UKE futbol taldeko koordinatzailea pozik dago udan entrenatzaileekin eta taldera etorri diren jokalari berriekin sortu den dinamikarekin

Federatu mailako futbola noraezean ibili da, pandemia iritsi zenetik. Aurreko liga bapatean bukatu zen, eta denboraldi honetan Urnietako gizonezkoen Gorengo mailako taldeak soilik egin du debuta. Albert Fuentes baikor agertu da eta datozen hilabeteetan egoera hobetzearekin batera txapelketarekin jarraitzea espero du.

Ekin diozue lehiaketei, gogotsu al zaudete?

Aurreko astean hasi behar zuten Emakumezkoen Ohorezko eta Gizonezkoen Gorengo mailak jokatzen, baina azken hauek hasi ziren soilik. Nesken taldeko bi jokalarik kontaktu zuzena eduki zuten positibo batekin, beraz, ezin izan zuten partida jokatu. Federazioarekin hitz egin eta norgehiagoka atzeratu genuen. Gizonezkoek baikor ekin zioten txapelketari eta garaipena eskuratu zuten. Aurreko urtetik hona lehen taldeak aldaketa asko eduki ditu; entrenatzaile berria du eta taldea gaztetu egin da, jokalari gazte gehiago etorri baitira. 

Emakumezkoak hasteko gogotsu daude, izan ere, iaz lehen aldia zen Ohorezko mailan aritzen zirela, gainera, ez zuten denboraldia amaitzeko aukera eduki. Hasiera batean mailara egokitzea kosta egin zitzaiela, baina erritmoa hartu ziotenean, txapelketa eten egin zen. 

Zer moduz hasi duzue denboraldia?

Gogotsu hasi dute denboraldia, entrenatzaileek eta jokalariek. Aurrekoa oso ezustean amaitu zen eta hilabeteak egon ginen ezer jakin gabe. Bestalde, udan lan asko egin genuen; zuzendaritzaren, koordinatzaileen eta entrenatzaileen aldetik lan handia egin zen entrenamenduetan eta partidatan segurtasuna bermatuko zuen protokoloa prestatzeko eta taldera jende berria ekartzeko. 

Lan talde polita sortu dugu, entrenatzaileekin eta kanpotik etorri diren jokalari guztiekin. Jubenil mailan bigarren talde bat sortu da, izan ere, jokalari asko gerturatu direlako. Guztiak jokatzeko gogo biziz daude. 

Liga bukatzeko aukerarik egongo ez balitz, zer gertatuko litzateke?

Ez dakigu zer jazoko den. Hala ere, Federazioak aukera hori aurreikusiko zuela pentsatzen dut eta, beraz, liga laburragoa egingo dute. Horretarako, lehiaketako taldeak txikiagotu dituzte. Baina erabaki asko ez direla hartu uste dut, laister hauteskundeak egingo baitira federazioan.

Kirol arloko neurri zehatzak hartu al dituzue segurtasuna bermatzeko?

Lehenik eta behin, zenbait neurri jasotzen zituen protokolo bat egin genuen. Urnietako Udalak ezarritako protokoloa irakurri ostean, neurri berriak gehitu genituen, oso beharrezkoak zirela iruditu zitzaigulako. Aldagelak ez daude eskuragarri, kirol instalakuntzatan sartzen denari tenperatura hartu behar zaio eta soilik entrenatzera datozenak sartu daitezke. Talde bakoitzak bere materiala du eta jokalari bakoitzari ur botila bat eman genion, ezin delako ezer partekatu. Horrez gain, materiala garbitzeko produktuak erabiltzen ditugu, zeharkako edozein kutsatze arriskua ekiditeko.

Bideragarria ikusten duzue partidak ikusleekin jokatzea?

Aurreko asteetan aukera hori baloratzen aritu ginen, baina kirol instalakuntzak itxi direla eta, apur bat atzeratu dugu erabaki hori. Urnietan errazagoa dela zelaiaren goiko aldetik sartzea. Hala ere, egoerara nola moldatu pentsatzen ari gara, ikusleek futbolaz gozatzeko aukera eduki dezaten. Zaila da horrelako galderak erantzutea, Urnietako kiroldegia kudeatzen duen enpresaren menpe baikaude, hau da, ez dira geure instalakuntzak. Dena dela, pentsatzen dut, datozen hilabeteetan egoera hobetuz gero, jendea sartzeko aukera egonen dela.

Taldean koronabirus kasurik eduki duzue?

Entrenatzen eta jokatzen hasi ginenean kasu bat eduki genuen. Jokalari batek koronabirusaren zantzuak zituen eta PCR testa egin zioten. Gauzak horrela, talde guztia konfinatu behar izan zen. Etxean zeudenei gomendio batzuk bidali genizkien eta Osakidetzarekin hitz egin genuen; egoera oso ondo kudeatu genuela esan ziguten. Talde osoak egin zuen PCRa eta guztiek negatibo eman zuten. Dirudienez, geure protokoloak ondo funtzionatzen du.

Bestalde, orain arte ez dugu beste kasurik eduki. Hori bai, ikastolan pertsona bat konfinatuta eduki dugu, gelakide batek positibo eman zuelako, besterik ez.

Nola ikusten duzu kirol ez-profesionala egoera honetan?

Egoera zaila da. Azken finean profesionalak euren osotasunean kirol arloan aritzen dira eta, beraz, guztia kontrolpean edukitzeko langileak dituzte. Hortaz, pentsatu, kirola geure zaletasuna izanik, egunero lanera edo eskolara joan eta pertsona gehiagorekin egoten garela kontaktuan. Ezin dugu kontrolatu birusa non dagoen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!