Gabirondo eta Zalduaren arteko apusturik ez, oraingoz

Xabier Lasa 2020ko aza. 3a, 13:14

Hutsean geratu da Julen Gabirondo eta Xabier Zalduaren arteko apustua. Aizkoran eta segan bi orduko desafioa luzatua zion urnietarrak zumarragarrari, baina nork bereari eutsi zion Azpeitian urriaren 23an elkartu zirenean. Beraz, herri kirol zaleek oraingoz ezingo dute gozatu aparteko ikusmina piztua zuen desafioarekin.   

Zalduak eta Gabirondok emozioz beteriko ikuskizun ederra eskaini zuten Azpeitian irailaren 21ean jokatu zen Euskal Pentatloian. Hartaz gero, herri kirolen munduan bazegoen halako iusioa txapeldunak eta txapeldun ordeak indarrak neurtzen ikusteko.

Julen Gabirondo izan zen lehendabizikoa pausoa ematen, Zaldua komunikabideren batean adierazi zuenean gogoz ekingo liokeela apusturen bat, aizkora eta sega uztartuz. Gabirondo halako abenturatan sartzeko irrikatan dabil, eta era horretan, erronka bota zion zumarragarrari, izendatutako tokian eta egunean bildu, eta udaberri aldera zerbait antolatzeko.

Urriaren 23an, Mendizabal jatetxean elkartu ziren biak. Baina nork bereari eutsi zion, ez zuten amore eman nahi izan, eta ezer adostu gabe hartu zuten etxerako bidea.

Gabirondoren lehen proposamena, 15 kanaerdiko lana eta gero segan bi ordu bete arte izan zen. Zalduaren kontra-proposamena, berriz, 20 kanaerdiko egurrak izatea, eta erdi bana eramanda. 20 kanaerdiko baietz, baina berak eramanda, Gabirondoren erantzuna izan zen. Zalduak, ostera, ezetz, egurra erdibana behar zuela izan derrigor.

Horrenbestez, biek beren posturekin ez zuten amore eman, eta horretan amaitu zen bilera, ordu erdiko eztabaidaren ostean.

 

Nork bere arrazoiak

Nork bere posturari eutsi zion Euskadi Irratiko Hiru Erregeen Mahaia irratsaioan, biharamunean. Gabirondok adierazi zuenez, “berak 10 kanaerdiko gogor samarrak eramanez gero, niri lanak  01:20 edo 01:30ra joango litzaizkidake, eta ondoren segan ez litzaidake denborarik geratuko galdutakoa berreskuratzeko; horrela ez daukat arriskatzeko”.

Juan Manuel Erasunek eta Joxe Mari Olasagastik 1990ean eta 2005ean egin zituzten bi apustuak hartzen ditu erreferentziatzat urnietarrak. “Orduan Erasunek eraman zituen egurrak, eta hori zer edo zergatik izango zen; 55 minutuko lana joan zitzaion bi apustutan. Pentsa, Olasagastik 10 kana-erdiko gogor samarrak eraman izan balitu, beste 15-20 minutu gehiago joango litzaizkioke Erasuni. Nik garbi daukat zein baldintzetan egin beharko genukeen apustua Zalduak eta biok, elkarregandik bost minutuko gorabeheran ibiltzeko moduan”.

Gabirondok gehitu zuen apustuetan ez daukala eskarmenturik Zalduaren aldean.

Xabier Zalduak, bere aldetik, bestelako arrazoiak azaldu zituen: “20 kanaerdikoak berak jartzearen baldintza nik ezin dut onartu; ezin dut mahaitik altxa halako abantaila eskainita. Gabirondok aitzakia jarri du aizkoran bakarrik hiru kanaerdikoan aritu dela; baina erakutsi du zer maila daukan, eta udaberria bitarte progresio handia eman dezake, entrenatuz. Nik, ordea, segan ezingo nuke egin, martxoa arte belarrik ez dagoelako. Nik amore eman diot segan, lan horretan probatu gabea naizelako, eta nire eskarmentua ez delako ikusi egundaino”.

Arrazoiak arrazoi, Azpeitiako hitzordura egundoko ilusioarekin joan arren bi kirolariak penatuta altxa ziren mahaitik. Hutsean geratu da, oraingoz behintzat, herri kiroletan zaletu ugariren ikusmina eta morboa piztuak zeuzkan aukera.  

Nolanahi ere, Gabirondok zein Zalduak sutsuki eusten diote apusturako grinari, eta beste inork tentatuz gero, ez da baztertu behar desafioren bat antolatzea udaberri aldera. Eta bietako batek zerbaitetan amore emanez gero, zergatik ez sintesi biek ere azkenean adostu dezaketela apusturen bat?

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!