Urnietako Udalak diru-laguntzak bermatuko dizkiete itxi behar izan duten ostalaritza eta ostatu establezimenduei

Aiurri 2020ko aza. 19a, 13:34

Eusko Jaurlaritzak azaroaren 6an argitaratutako dekretuaren bidez ateak itxi behar izan zituzten hainbat saltokik. Hala, 1.000 eurorainoko laguntzak emango ditu Urnietako Udalak, herriko ostalaritza sektorea babesteko eta sustatzeko.

Orotara 45.000 euroko partida bideratuko du. Horretarako, onuradunek baldintza batzuk bete beharko dituzte, Udalaren web orrialdean daude ikusgai. Horietan, halaber, aurkeztu beharreko dokumentazioa eta onuradunek bete beharko dituzten betebeharrak zehazten dira, besteak beste.

Eskaera egiteko epea

Eskabideak aurkezteko epea 10 egun baliodunekoa izango da, hots, deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Data zehaztu bezain laster, Udalak horren berri emango du.
Eskabideak aurkezteko bi aukera daude:

  • Urnietako Udalaren erregistro elektronikoa: www.urnieta.eus
  • Bertan herritarrentzako arreta-zerbitzua.

Eusko Jaurlaritzaren  laguntzak

Eusko Jaurlaritzak bere aldetik, laguntza zuzenen lerro bat  emango du, eta 30.450.000 euroko aurrekontua bideratu du horretarako. Kopuru horretatik, establezimendu bakoitzak 3.000 eta 4.000 euro artean jasoko ditu, langile kopuruaren arabera:

  • 1-3 langile dituzten establezimenduak: 3.000 euro
  • 4-10 langileko establezimenduak: 3.500 euro
  • 10 langiletik gorako establezimenduak: 4.000 euro

Kasu guztietan, autonomoak eta soldatapekoak kontuan hartuko dira langile guztien zenbaketan.
Laguntzak eskatzeko epea gaur goizean bertan ireki da eta abenduaren 10ean amaituko da. Informazio gehiagorako egin klik hemen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!