Baserritik herritarren etxera, zuzenean

Alba Cabrera Jauregi 2020ko aza. 26a, 11:00
Inma Iriondo, Maite OtaƱo eta Santi Olaziregi produktuen banaketa egunean, Urnietako San Juan plazako Kontzejupean. Aiurri

Tokian tokiko erosketa sustatzea du helburu “0Km  Urnieta” egitasmoak, eta asteek aurrera egin ahala, gero eta herritar gehiagok hartzen dute parte. Baserritik herrikideen etxerainoko zerbitzua da, azkar batean egite dena.

Emakume baserritarren egunean, urriaren 15ean, bildu ziren lehenengoz Adarrazpiko, Errekaldeko, Goiburuko eta Gurutzetako baserritarrak. San Juan plazan egin zuten hitzordua, eta patez, barazki poltsez zein esnekiez bete zuten udaletxeko arkupea. “0Km Urnieta” du izena sortu berri duten proiektuak, eta bitartekaririk gabeko salerosketa da helburua, hain zuzen, Urnietako baserrietako produktuak zuzenean herritarren hozkailura salto egitea.

Konfinamendua du abiapuntu egitasmoak. Izan ere, nork bere merkatuan egiten du lan egunero, Hernanin zein Donostian. Baina itxialdian, mugikortasuna hutsera mugatzean, herri bizilagunetara joateko aukera alboratu behar izan zen. Hala, bezeroekin harremanetan jarri eta etxez etxeko zerbitzua eskaintzeari ekin zioten. Behin neurri murriztzaileak lausotuta, “0Km Urnieta” proiektua martxan jartzea erabaki zuten. Horrenbestez, beren eskaintzak Whatsapp talde batean ipintzen dituzte asteburuan, eta asteazkena bitarte dute urnietarrek nahi dutena eskatzeko, ondoren, ostegunean, San Juan plazan egiten den hitzorduan erositakoak biltzeko.

Santi Olaziregi Errekaldeko baserritarra da: “Harrera  ona izan da, jendea animatu da eta geroz eta herritar gehiago ari da etortzen”. Bat dator harekin  Gurutzeta baserriko Maite Otaño ere; herritarrek interesa dutela ikusi du: “Eskaerak igotzen doaz, eta eskatzen duten kantiatea mantendu egiten da astetik astera; beraz, gustora gaude”. Gainera, ostegunetan bertaratzen den jendeak lagunen zein senideen eskariak ere hartzen ditu, alegia, pertsona bakarrak hainbatena jasotzen du. Herriko produktuen salerosketa sustatu ez ezik, Inma Iriondok, Adarrazpi baserrikoak, uste du baliagarria izan dela ere urnietarrek baserritarren berri izan dezaten: “Proiektu horren bidez ezagutzen gaituzte, ezagutzen dituzte beren inguruan zein produktu egiten diren eta hemendik aurrera baikor izan nahi dut, harrera oso ona izan dugu-eta.”

Unean unekoa

Barazkiei dagokionean, garaian garaikoa eskaintzen dute; gaur gaurkoz, udako produktuak agurtzen eta negukoak saltzen hasiak dira. Letxua, tomatea, tipulina, porrua eta azenarioa urte guztian jaten diren barazkiak dira, eta neguko jakiei dagokionean, koliflora, brokolia, aza eta azelga daude, besteak beste.

Adarrazpiko baserritarrak artzaiak dira, eta eurentzat negua da urteko sasoirik emankorrena. Urte osoan mamia, gazta freskoa naiz Idiazabalgo gazta dute salgai, baina negua iritsi orduko, esnea, arkumea eta gazta pasteurizatuak ere batzen dira beren eskaintzara.

Urnietarren otarrean

Asteek aurrera egin ahala, gero eta urnietar gehiago dira egitasmora batzen ari direnak; ostegunetik ostegunera baserritarren produktuak jasotzeko ilara luzatu besterik ez da egin. Lagun baten bidez izan zuen Eli Unzuetak “0Km Urnieta” proiektuaren berri: “Super merkatuan erosi beharrean hona etortzen naiz. Oso pozik nago. Zaporea ezberdina da eta gainera freskoa. Apur bat garestiagoa izan arren, osasuntsuagoak dira”. Jose Miguel Ruizek ere ez zuen birritan pentsatu proiektuaren berri izan zuenean, izan ere, betidanik babestu izan du tokiko komertzioa: “Leku batean bizi nahi badugu, leku horretan bertan kontsumitu behar dugu. Zentzurik ez duena da herri batean bizitzea eta irabazitako soldata beste alde batzuetan xahutzea”.

Tokiko produktuen gaineko kontzientzia areagotzea ekarri du pandemiak. “Uste dut pentsatzera bultzatu gaituela. Azken finean, etxe inguruan egin dugu bizitza eta agian horrek eraman gaitu erostera eta balioan ipintzera inguruan daukaguna”, dio Oihane Peña urnietarrak. Bat dator harekin Unzueta ere: “Gainera, horrela, Urnietako baserritarrei babesa ematen diegu. Urnietak ez dauka baliabide askorik, baina bai, nahiago dut Urnietan kontsumitu beste herri batean baino”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!