Eusko legebiltzarkideen bisitaldia Egapera

Mikel Arberas eta Alba Cabrera 2020ko abe. 10a, 11:06
Egape ikastolan bisitaldia egin eta gero, Lekaion bilera luzea egin zuten Udal ordezkariekin eta Aballarri guraso elkartearekin. aiurri

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saileko ordezkariak Urnietara hurbildu ziren abenduaren lehenean, Egape Ikastolako DBHko egungo eraikina ezagutzera. Alderdi politiko guztietako ordezkariak bertaratu ziren.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako azpiegitura ezagutu ostean, bilera egin zuten Udalarekin, Aballarri Guraso elkartearekin eta baita Egape ikastolako zuzendaritza taldearekin ere. Bilerak luze jo zuen, eta hainbat afera eztabaidatu ziren bertan.

Egape ikastolako eraikina berrikuntzarik gabe egon da denbora luzean. Eskola berri baten proposamena luzatu zen duela ia bi hamarkada. Egungo azpiegiturak ez die erantzuten langileen eta ikasleen oinarrizko beharrei: esaterako, ez dira betetzen irisgarritasun-irizpideak, ez eta mugikortasuna ere.

Bilkura amaituta, Aiurrik legebiltzarkideen iritzia jaso zuen:

Jose Manuel Gil legebiltzarkidea izan zen bisitaldian PP-Ciudadanos koalizioaren izenean: “Eskola oso gaizki dago, oso zaharra da. Ez ditu oinarrizko segurtasun- eta erosotasun-baldintzak asebetetzen, ez haurrentzat, ez irakasleentzat. Eraikina desastre hutsa da”. Harekin bat dator Isabel Gonzalez  Elkarrekin-Podemoseko legebiltzarkidea: "Azpiegitura horrekin ez dago duintasunez lan egiteko aukerarik. Ikasleek eta langileek ez lukete jasan beharko urte gehiago egoera hau”.

Aballarri guraso elkarteko kideak ere aski larrituta daude, eraikina egoera txarrean dagoela diote: “Urnietako ikasle batek eragozpen fisikoa izango balu, ezingo luke eskola publikoan sartu, ikastetxe kontzertatura jo beharko luke. Zergatik?”. Eraikinaren gabezien zerrenda luzea osatu dezaketela gehitu dute: “Jangela hirugarren pisuan egotea ez da normala, patioan ezin dira ez anbulantziak, ez suhiltzaileak sartu. Eta horrela beste hainbat gauza”.

Ibai Iriarte EH Bilduko legebiltzarkidea ere izan zen hitzorduan. “Udalak esan du lanean egon dela, baina guk mahaigaineratu dugu jarduna hain geldoa izatea harritzekoa dela. Guztiak ados gaude eraikinaren egoera ez dela ona, berritu beharra dagoela”. Gainera, PP-C's eskuineko koalizioak adierazi du eraikitzeko hogei urte behar izateak, “burokraziarekin eta gaitasun ezarekin” zerikusia izango duela ziurrenik.

Hari horri tiraka, Jorge Segurado Urnietako alkateak prozesua luzatzearen nondik norakoak adierazi ditu: “Hiri-garapenerako Plan Orokorra egin behar zen; horrez gain, Plan Partziala izatea ezinbestekoa zen, eraikin berria zehatz-mehatz non kokatu jakiteko. Denbora guztia hirigintza-tramiteetan joan da”. 

Egapeko zuzendaritza taldearen eta Udalaren arteko aferan, guraso elkarteak eztabaidara batzea erabaki zuen: “Beti egin izan dira promesak, baina iritsi da mementoa non ikusi dugun promesa horiek ez direla egiazkoak”.

Legebiltzarreko EH Bilduk eskaera zerrenda egin du: Udalak tramitazioa azkartzea; Hezkuntza Saila eraikinaren proiektua lehenbailehen egiten has dadila; eta lurraren esleipena egin ahal izateko bi erakundeen arteko hitzarmena azkar baino lehen egitea. Ildo beretik jarraituz, Isabel Gonzalez Elkarrekin-Podemoseko ordezkariak bat egin du ezker abertzalearen proposamenarekin: “Egoera jasangaitza da”.  Gauzak horrela, ezinbestekotzat ikusten du PP-Ciudadanoseko ordezkariak udalak beharrezko pausoak ematea: “Ikusi dugunagatik, Udalak du ardura eta horrelaxe onartu du alkateak”. Eraikina egoera txarrean dagoen arren, gurasoek azpimarratu dute oso ona dela eskuartean duten hezkuntza egitasmoa: “Azpiegitura eskasa bada ere, proiektu aurreratua eta egokia du Egape Ikastolak”.

Legebiltzarkideek esandakoari jaramon eginez gero, Lekaioko bileran tentsioa egon zen alkatearen eta oposizioko ordezkarien aldetik. Tentsio hori berriro azaleratu zen abenduaren 4ko batzarraldian.

Ika-mika Urnietako plenoan

Egape ikastolako zuzendaritzak DBHko eraikinaren korapiloa askatzeko ekimena hartu du, azken sasoi honetan. Ekimen hori eztabaida politikora iritsi da, eta azken egunetan bisitaldian etorritako goi kargudunak izan dira. Alde batetik, Jokin Bildarratz sailburua, eta bestetik, Eusko Legebiltzarreko hezkuntza batzordeko ordezkariak. Politikaren joko-zelaian murgildu da, eta Urnietako azken batzarraldian ika-mika gazia izan zen. Badira hilabeteak plenoan ohikoa baino tensio handiagoa dagoela EAJ-PNVren eta oposizioan dauden EH Bildu eta PSE-EEren artean. Azken plenoan, ordea, tentsioak koska bat gehiago egin zuen goruntz. Mikel Pagola alkate ohia jeltzaleen bozeramaile da plenoetan, eta abenduaren 4ko plenoan helburu argia izan zuen: Jeltzaleen kudeaketa defendatzea eta DBHko eraikinaren atzerapenari eurei egiten zaizkien kritikei aurre egitea. Azken urteetako egoeraren eta erabakien errepasoa egin zuen, eta UDAk eta PSE-EEk iraganean izandako hainbat aipamen egin zituen. Horrek Herme Gonzalez sozialistaren haserrea eragin zuen, eta Youtuben ikusgai dagoen bideoan antzeman daitekeenez, plenoa uzteko asmoa ondoriozta daiteke. Ainara De Miguel kritiko agertu zen bereziki eztabaidarako erabiltzen diren hitzartzeekin, Pagolak azken hitza erabiltzeko garaian erabili zituen argudioak gaitzestearekin batera. Alkatea eta Udal idazkaria tartean sartu ziren, Udal prozeduraren inguruko xehetasunak eskaintzeko. Ez da giro ordezkaritza duten kideen artean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!