"Sormenerako bidea ematen du inauteriak"

Alba Cabrera 2021ko ots. 12a, 09:00

Elena Diez Urnietako Topatu taldeko inauterizalea da. Hauek Tolosako ostegun gizena edo Iturengo joaldunak bezainbesteko sona izan ez arren, azken urteetan, indarra hartu dute Urnietako inauteriek

Inauteri jaien larunbatean egun osoko egitarauaz gozatzeko aukera izan ohi dute herritarrek, hainbat talderen ekimenak medio. Topatu taldekoa da Elena Diez.

Zer dela eta hasi zineten Urnietako inauterietan ikuskizunak muntatzen?

Nire etxean senarragatik ekin genion mozorrotzeari. Izan ere, bizikletatik erori berritan zen eta errehabilitazioan zegoen. Hala, inauterietan mozorrotuta joateko eskatu zioten. Horrelaxe hasi zen guztia: 2007. urtea zen, eta Shrek pelikula atera berritan zen. Lau gauza hartu nituen etxetik eta Fionaz, pelikulako printzesaz, mozorrotu nuen. Oso ondo gelditu zen.  Hori dela eta, eskolako festara Shrek pertsonaiaz mozorrotuta joan nintzen, bainu-txanoa buruan eta kuxina tripan. Horiek horrela, hurrengo urtean, ea zertaz joateko asmoa genuen galdegin ziguten askok. Ondorioz, urtero-urtero hasi ginen mozorrotzen. Kuadrilla bildu ginen eta mozorrotzea ez ezik koreografiak egitea ere ideia ona zela pentsatu genuen.  Urte batean Grease pelikulaz mozorrotu ginen, beste batean Drag queen-ez...

Ohitura bilakatu da orain behin inertziaz hasi zena.

Hasiera batean kuadrillan egiten genuen. Baina urte batean Paqui Navasekin elkartu nintzen, eta Michael Jacksonen Thiller bideoklipa muntatu genuen. Urte horretan jende asko atera zen gurekin dantzatzera: hogei kidetik gora bildu ginen, helduak zein haurrak. Ondorioz, taldea sortu genuen eta askotariko kuadrilletako jendeak hartzen du parte. Urtero, zertaz mozorrotuko garen pentsatzen dugu, eta nork bere jantziak egiten ditu. Oro har, ez dira erosten, eta biltzen garenean ideiak partekatzen ditugu, elkarri laguntzeko.

Zeren arabera aukeratzen duzue mozorroa?

Jai Batzordeak erabakitzen du gaia, eta gu horren arabera mozorratzen gara. Joan den urtean, esaterako, zirkua izan zen gaia eta gu The Greatest Showman pelikulaz mozorrotu ginen. Urtero, herrian adostutako gaiera batzen gara. Urtetik urtera indarra hartzen ari da taldea, batzen ari da jendea gurera. Esaterako, Salestarrek iragan urteko festa herrian bertan egitea lortu genuen. Eguraldiak ere asko baldintzatzen du jaia; interesgarria litzateke leku bat izatea festa gauzatzeko.

Zenbat denbora lehenago hasi ohi zarete dena prestatzen?

Gabon partean prestatzen dut nik koreografia, gutxi gorabehera, une horretan zehazten baitugu zertaz mozorrotuko garen. Urtea ekitearekin batera hasten gara entseguekin; lehen, udalak uzten zigun lokala, baina, tramite-kontuak medio, alde batera utzi genuen aukera hori. Mikel Francoren Wutaoh aretoan elkartzen gara, zeren bera baita musikaz arduratzen dena. Pakik, aldiz, atrezzoa egiten du, karroza, gehigarriak. Igande arratsetan biltzen gara lokalean, harik eta inauteriak iritsi arte.  Batzuetan beste hainbatetan baino hobeto gelditzen da azken emaitza. Alabaina, ondo pasatzea da gakoa.

Oso inauterizalea al zara?

Oso gustuko dut. Sormenerako bidea ematen dute mozorroek, inauteriak. Eta oso gustuko dut nik hori. Ikuskizuna prestatu ez ezik, polita da lagunak egiten dituzulako. Hainbat kuadrilla biltzen gara bertan. Oso ondo pasatzen dugu guzitok batera. Jendea ezagutzen duzu, eta elkarrengandik ezberdinak izan arren, elkar ondo ulertzen dugu. Azkenean, kuadrilletatik at dagoen taldea sortu dugu, eta inauterietako larunbata batera igarotzen dugu.

Jende askoren festarako azken aitzakia izan ziren iragan urteko inauteriak. Izan ere, jarraian etorri zen pandemia. Ondorioz, aurtengoak, oso bestelakoak izango dira.

Aurten, bertan behera gelditu dira. Pena handiz hartu dugu albistea. Gainera, pentsatuta genuen ideiaren bat edo beste. kalera ateraz gero, nik uste dut jendea mozorrotuta irtengo dela. Egoeraren arabera zerbait inprobisatua egingo dugu.

Zer da gehien botako duzuna faltan?

Batez ere, entseguak bota ditut faltan. Aurten ez gara bildu. Ez dira bakarrik inauteriak, festa egun horiek dakartena ere faltan botako dut. Aurten hori ez da posible izango beste hainbat gauza lez, baina beno, garrantzitsua da jendea animatzea. Garrantzitsua da herrian bizia egotea, gauzak antolatzea, ez izateko askok dioten bezala, “lo egiteko herria”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!