“Irudiaren munduan bizi gara, baina ez dakigu koloreak nahasten”

Alba Cabrera 2021ko mar. 4a, 13:27

Ainara Azpiazu "Axpi" ilustratzailea eta komikigilea: “Irudiaren munduan bizi gara, baina ez dakigu koloreak nahasten”.

Haurtzarotik datorkio Ainara Azpiazu “Axpi” artistari marrazgintzarekiko interesa. Alabaina, adinean aurrera egin ahala, hainbat arrazoi medio, soziologiaren adarrari eutsi zion hasieran. Nolanahi ere, ezin izan zuen artearen bidea probatu gabe utzi, eta, egun, ogibide du, behin, zaletasun izan zena.

Hainbat euskarri darabilzkizu komunikatzeko, egunkarietako tiretatik hasi eta muraletara bitarte.

Hasiera batean, eskakizunak jasotzeari ekin nioenean, edozeri egiten nion aurre. Nire ingurukoek liburuekin egiten zuten lan gehienbat. Alabaina, erabaki nuen esparru batean soilik ez ardaztea, hortaz bizitzea helburu bainuen. Horrela, marrazkigintzaren alorrean gustuko ditudan esparruak aukeratu nituen: kartelak, eskuorriak, muralak, komini-tirak eta liburuetako ilustrazioak, tartean. Apur bat ikuspegi zabalez begiratu nion ilustrazioaren munduari. Dena den, egia da formakuntza gehienak liburuak egitera bideratuta daudela.

Non sentitzen zara erosoen?

Ez dakit zehatz-mehatz esaten. Euskarri bakoitzak bere mementoa du. Muralak oso gustuko ditut, baina urtean hiru bat egitearekin nahikoa dut. Esaterako, denbora luzez komiki batean lanean aritu banaiz, nahiago izaten dut hurrengo lana beste euskarri batean egin. Nire kasuan, normalean, nahiko tartekatuak izan ohi dira, eta gustuko dut hori, arnasa hartzen laguntzen didatelako aldaketek.

Balore jakin batzuei lotuta lan egitea gustatzen zaizu. Beraz, ez da kasualitatea Urnietako ikastaroan Mafalda izatea hizpide, ezta?

Bai. Ez da kasualitatea nik balore jakinekin egiten dudalako lan beti. Baina orain hilabete batzuk sortu zen proiektua, Quinoren heriotza medio, Donostiako Okendo kultur etxeak Mafaldari buruzko tailerra egitea proposatu zidanean. Hala, Urnietatik, espresuki, tailer hori emateko eskaera egin didate, martxoaren 8a dela-eta. Beraiek egin dute lotura hori Mafaldarekin, nahiz eta nik aurretiaz gaia jorratua izan. Aitzakia polita izan liteke pertsonaia femeninoa delako eta balore jakinak transmititzen dituelako. Gainera, lagun taldea du pertsonaiak eta ikastarora bertaratutako umeek izango dute zer aukeratu beren tira propioa egiteko.

Inoiz egin al duzu lan haurrekin?

Bai, eta oso gustuko dut. Oro har, haurrek ez dute izaten inguruan marrazkigintzarekiko sentsibilitatea duen inor. Baina gustuko duenak, oso gustuko du. Ondorioz, pena ematen du interesa duen pertsona bati bultzada ez ematea, hori nola bideratu ez jakiteagatik edota hori sustatzeko baliabideak ez izateagatik.

Gizartean ez dute garrantzirik arte bisualek. Irudiaren munduan bizi gara, baina ez dakigu koloreak nahasten: ez dakigu zer diren kolore primarioak eta sekundarioak. Ez dakigu nola funtzionatzen duen kolore batek bestearen alboan, zer den ongi konposatutako irudi bat. Arauak daude eta, horiek gure alde erabiliz gero, edozer sortzeko gai gara. Gainera, marrazkigintzak edozein ogibidetan izan dezake garrantzia, hots, gauzak grafikoki adierazten jakitea oso baliagarria da. Baina gizartean ez dauka merezi duen lekua. Denbora-pasa gisa ulertzen da eta amaitu egiten da adin batetik aurrera. Pena ematen dit ume askok dakartelako berekin arte bisualekiko interesa, baina, besteak beste, hezkuntzak, bide hori oztopatzen du, hain zuzen, garrantzirik ez duen zerbait legez ikusten delako. Bizitzarako tresna serio gisa ulertu beharra dago marrazkigintza.

Marrazki bidez kritika handiak egin litezke, ezta?

Marrazkien bidez mezu bat helarazi dezakezu segundu gutxian, eta oso boteretsua da hori. Egun, gainera, ez dugu testu bidez jasotzen soilik informazioa; edukiak irensteko era azkarrarekin bat egiten du marrazkigintzak.

Dena dela, bada komikiak haurren kontua direla esaten duenik.

Marrazki karakterizatuak haurrekin lotzeko joera dugu. Aitzitik, Mafalda ez da umeentzat, nahiz eta beraiek ere irakurtzerik duten. Ez dituzte ñabardura guztiak ulertuko politikaz mintzo delako, besteak beste. Marrazkigintza haurtzaroarekin lortzen da, garrantzi handirik gabeko kontuekin. Eta hor beste arazo bat sartzen da jokoan: ez dakit zergatik duen jendeak haurren kontuak garrantzi handirik gabekoak direlako ustea.

Bestalde, marrazteak erronka bat du; denborak luze jo behar du ongi marrazten ikasteko; ez da erraza. Patxada eta pazientzia handia behar da. Halaber, ez ditugu baliabideak eskura: artean trebatzeko zenbat ikastaro daude? Badira musika-eskolak, ez, ordea, marrazketari bideratutakoak. Gainera, jeinuaren ideia hor dago, hots, badirudi ondo marrazteko gaitasuna mirariz eskuratutako ezaugarria dela. Marrazkilari on baten atzean orduak eta orduak daude.

Zer ematen dio ume bati marrazkigintzak?

Haurrek erantzun beharreko galdera dela deritzot. Baina nire ikasleei harrotasuna eta ilusioa ematen die. Ahalmena ematen dizu paperaren lau kantoien artean mundu bat sortzeko gaitasunak, baita mundu hori kontrolatzeko gai zarela ikusteak ere. Marrazkien bidez, nork bere nahiak islada ditzake, irudimena errealitate bihurtzeko boterea ematen du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!