Abian da Urnietako Udalaren 'Parte Hartuz 2021'

Aiurri 2021ko mai. 5a, 19:00

Urnietako Udalak bi parte-hartze prozesu gauzatuko ditu 2021.urtean. Bat, herriko zein plaza edo parke estaliko den erabakitzeko, eta bestea berriz, hurrengo urteko aurrekontuko 150.000 euro zertan gastatu erabakitzeko.

Asteazken goizean xehetasunak eskaini zituen Urnietako Udalak. Goizean, hedabideen aurrean. Eta, arratsaldean, herritarren aurrean. Egun hauetan urnietarrek etxean jasoko dute parte hartze prozesuari dagokion liburuxka, eta baita prozesuan parte hartzeko eskuorriak ere.

Parkeak

Andoainen eta beste udalerri batzuetan egin duten bezalaxe, udalerriko zein parke estaltzeko herritarren iritzia jaso nahi du Urnietako Udalak. Esperientziak erakusten duenez, haur gehien elkartzen diren plaza edo guneak izan ohi dira bozka gehien jasotzen duten proposamenak. Urnietan berritzailea den prozesu honen baitan herritarrek zein parke estali nahi duten erabakitzeko aukera izango dute. Eta horrez gain, Udalak erantsi duenez, aukeratutako eremua nola estali erabakitzeko aukera izango dute.

Udalak hainbat gune identifikatu ditu. Hauexek: Yurramendi parkea, Etxeberri parkea, Jakutegi plaza, Azkorte parkea, Burdinbide parkea eta San Juan iturri plaza.

Aukeraketa gauzatzeko hiru fase diseinatu dituzte:

  1. Zein plaza edo parke estaltzeko bozketa abiatuko du.
  2. Parkea nola estali erabakitzeko ideien lehiaketa jarriko da martxan.
  3. Hiru aukera ezberdinen artean bozkatu beharko dute herritarrek.

Aurrekontu parte hartzaileak

Udalak aurreko urteetako bidean sakonduko du, eta berriro ere Udal aurrekontuko 150.000 euroko inbertsioa erabakitzeko herritarrengana joko du. Egitasmoak bi fase izango ditu.

  1. Herritarrek proposamenak aurkeztuko dituzte.
  2. Udaleko teknikariek jasotako proposamenen bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa aztertuko dute.

Aurreko urteetan adierazi bezala, proposamenak aurkezteko garaian baldintza batzuk bete behar dira:

Udal-eskumenekoak: Obrak, hirigintza eta mantentze-lanak.

Bideragarriak: Proposamenak gauzatzeko gehienezko kopurua 50.000 eurokoa izango da.

Iraunkortasuna: Ekonomikoa eta finantzarioa bermatuko da.

Guztientzat: Interes orokorrekoa izatea lehenetsiko da.

Orekatua: Udalerriko auzoen arteko oreka bermatuko da.

Maiatzaren 14an eta 15ean informazio karpak jarriko dituzte herrigunean. Parte hartzeko modu ugari eskaini dituzte.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!