Desiderio Garcia urnietarra amiantoaren biktimatzat jo dute

Xabier Lasa 2021ko mai. 11a, 11:07

Gipuzkoako Segurtasun Sozialeko Institutuak aitortu duenez, 2020ko ekainaren 25ean hil zen Desiderio Garcia urnietarrak amiantoarekin eta minbiziaren sortzaile diren beste zenbait sustantziekin lan egin zuen urtetan, eta horiek arnastu izanak gaixotasuna eta heriotza eragin zioten. Amiantoren biktimen aldeko Asviamie elkarteak salatu duenez, Osakidetzak Garciari ez zion bere gaixotasunaren jatorriari buruzko ezer jakinarazi, legea urratuz era horretan.

Gipuzkoako Segurtasun Sozialeko Institutuak berriki egindako aitortza ofizial horren eraginez, Garciaren familiari alargun eta heriotza pentsioak gehitu egin beharko zaizkio.

Desiderio Garcia Palentzian jaio zen. Gaztetan nekazaritzan jardun ostean, 60ko hamarkadaren hasieran Urnietara heldu zen. Hernaniko Pedro Orbegozo-Acenor lantegian fundizioko eta laminazioko sailetan lanean hasi zen 1962ko irailean. Urtetan, amiantoarekin, ke metalikoekin eta minbiziaren eragile diren beste zenbait sustantziekin etengabe kontaktuan aritu zen; eta bien bitartean, lantegiko zuzendaritzak inoiz ez zion arnasketarako babesik jarri eskura, ezta ohartarazi ere osasunarentzat arriskutsuak ziren sustantziekin lanean ari zela. Horixe adierazi du amiantoaren biktimen eskubideen alde ari den Asviamie elkarteak.

1987an, Garcia, Lan Sustapenerako eta Aurre-jubilaziorako Funtsan sartu zen, langile gisa bere ibilbidea amaituz era horretan. 

2019ko martxoan, berriz, Osakidetzak bronkio eta biriketako karzinoma eta lodiune plerala diagnostikatu zizkioten. Patologia horiek argi uzten dute Desiderio Garcia lan baldintzen ondorioz gaixotu zela.

Asviamie elkarteak salatu duenez, “eskandalua eragiten du Osakidetzako profesionalek Garciari aditzera eman ez izana bere gaixotasuna lantokian bizitutako lan baldintzek eragindakoa izan zitekeela. 1299/2006 ebazpeneko 5. Dekretuak argi dio: “(…) Osasun Sistemako fakultatiboek euren lan jardunean baldin badute lanbide-gaixotasuntzat jo daitekeen edo lanean jatorria duen gaixotasun baten berri, jakinarazi egin beharko diote, dagozkion ondorioetarako, erakunde kudeatzaileari…”. Gure kasuan, Osalan da dekretuan aipatzen den organismo hori”.

Praktika hori ohikoa dela azpimarratu du Asviamie elkarteak. Eta horrexegatik, “Osakidetzari ebazpen hori bete dezan exijitzen diogu, ez dezala kolaboratu lanbideak eragindako minbizien ezkutatzearekin”.

Lanean jatorria duten gaixotasunak, eta bereziki biriketako minbizia ezkutatzeak “lantegietako lan arriskuen prebentzioari iruzur egitea” dela salatu du elkarteak. Eta ez hori bakarrik, “gainera, osasun publikoa hondatzen du; izan ere, beregain hartzen ditu Kontingentzia Profesionalera bideratu beharko liratekeen gastuak”. Azkenik, gaixoei eta bere familiei Segurtasun Sozialetik dagozkien prestazioak ukatu egiten zaizkiela ere salatu du Asviamie elkarteak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!