Arteterapiara hurbilpena, Zilegi Eskolaren eskutik

Aiurri 2021ko mai. 25a, 13:39

Barrura begira jartzeko beta eman nahi du Urnietako AEK-k, aurki izango den Zilegi Eskolaren bidez: "Sormen Laborategia: poesia eta marrazkia uztartzen". Hala, ekainaren 9an izanen da tailerra Urnietako AEKren lokalean, arratseko 17:30ean hasita, 20:30ak bitarte. 

Maddi Goikoetxea Juanena adituak gidatuko du hitzordua eta emozioen kudeaketa izango du hizpide, sorkuntzatik abiatuta. Irudimena zein sormena adierazpenarekin eta enpatiarekin uztartuko dira, artea tresna terapeutikoa ere badela agerian uzteko, autoezagutzarako bide dela azaleratzeko. 

Laborategi izaera du tailerrak, esperientzia pertsonala izatea du xede, inongo epairik gabe. Antolatzaileen esanetan, ez da beharrezkoa aurretik aferan eskarmentua izatea. Aitzitik, interesa duen orok du parte hartzeko aukera, "adierazpenarekin zein metaforekin jolastu nahi duten gazteek zein helduek", hain zuzen. 

Ikastaroan izena emateko, idatzi zilegieskola@aek.eus helbidera, edo bidali mezua 663 043 314 zenbakira. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!