Gai berari buruzko mozioak biderkatu ziren

Jon Ander Ubeda 2021ko mai. 27a, 09:15

Maiatzaren 24ko plenoan hamazortzi aztergai izan ziren, eta arratsaldeko 19:05etan hasitako plenoa gaueko 22:10ak arte luzatu zen. Hein batean gai berari buruzko mozioak eta mozio alternatiboak eztabaidatu zirelako. Ez zen adostasun zabalik lortu.

EAJ-PNVk gehiengo osoa du Urnietan, eta horren ondorioz jeltzaleak mozioak eta aztergaiak onartzeko edo baztertzeko beharrezko diren 7 botoren jabe dira. EH Bilduk eta PSE-EEk 4 eta 2 boto dituzte, hurrenez hurren. Udal batzarralditan, ordea, hitz egiteko garaian aukera berdintasuna bermatuta dago. Nor baino nor aritu ziren Mikel Pagola (EAJ-PNV), Ainara de Miguel (EH Bildu) eta Herme Gonzalez (PSE-EE) bozeramaileak.

Aho batez onartu zen Udal langileen soldata %0,9 igotzeko proposamena, eta lehen xextra ordezkari politikoen soldata igoera proposamenarekin iritsi zen. PSE-EEko Gonzalez zorrotza izan ohi da, eta oraingoan ere jokabide horri eutsi zion. Aurka agertu zen, gobernu taldeari “ez duzue merezi” adieraziz. EH Bilduko de Miguelek berari zegokion igoerari uko egingo ziola iragarri zuen, partida hori beste zereginetara bideratu behar zela iradokiz. EAJ-PNVk igoera hori babestu zuen, eta Pagolak gogorarazi zuen iaz ez zela igoerarik aplikatu.

Preso politikoei egiten zaizkien ongietorrien harira, PSE-EEk eta EAJ-PNVk Gogoanek, Elkarbizik eta Buesa fundazioak proposaturiko mozioa babestu zuten. “Presoei egindako omenaldi publikoak amaitzea” eskaera biltzen zuen mozioak, eta baita “memoria demokratikoaren, bizikidetzaren eta indarkeriaren deslegitimazioaren balioak indartzeko tokiko guneak eta horma-irudiak bultzatzeko udal-foroak eratzea” ere. PSE-EEk erabateko babesa agertu zuen, eta EAJ-PNVk bere aldeko argudioetan honakoa erantsi nahi izan zuen: “biolentziarekin zerikusia duen inork ez duela plazarik merezi”. De Miguelek EH Bilduren abstentzioa iragarri zuen, eta bizikidetzaren alde daudela gogora ekarri: "Argi erakutsi dugu gure jarrera azken bi urteetan, eta aurreko agintaldian. Bizikidetza mahaian gaude, baina orain geldirik dago”.

Mozioa, mozioari

Plenoak aurrera egin zuen, gai berari buruzko mozioak eta mozio alternatiboak tartekatuz. Horien artean energia iraunkortasun legeari buruzkoa. EH Bilduk bere mozioa defendatu zuen, “Urnietan ez baita lanketa berezirik egin alor horretan”. EAJ-PNVk bere mozioan erakunde ezberdinei dei egiten die “ahalik eta proiektu gehien berraktibatzen” laguntzeko. PSE-EE bietan abstenitu egin zen. Oposizioko bi alderdiek, argudioen defentsan, alor honetan ideia falta leporatu zioten gobernu taldeari. Segurado alkateak, aldiz, Udal azpiegitura ezberdinetan egindako instalakuntza ezberdinak zerrendatu zituen.

Merkataritza

Egoera zaila zen lehen, eta pandemia garaian okertu egin da. Agintaldian zehar behin baino gehiagotan aritu dira Udal ordezkariak, gai honen inguruan hizketan. EH Bilduk merkataritza suspertzeko plana martxan jartzea eskatzen zuen mozioa aurkeztu zuen. Hauxe, laburbilduz, De Miguelek adierazi zuena: “Merkatarien elkarteak zail du aurrera egitea udal erakundeen babesik gabe. Udalari merkataritza mahaia sortzea eskatzen diogu eta diru partidaz gain, plan baten beharra ikusten dugu”.

PSE-EEko Gonzalezek mozioa babestuko zuela iragarri zuen: “Erabat ados gaude mozio proposamenarekin, berraktibazio plan bat eskatzen duelako. On Bizi sortzen ikusi nuen, eta hura aurrera ateratzeko plan bat faltan bota nuen Udalaren aldetik”.

EAJ-PNVren izenean Roscok hartu zuen hitza, mozio horren aurka egingo zutela iragartzeko. Plenoaren hurrengo puntuan zetorren EAJ-PNVren mozioa, eta argudioetan adierazi zuenez “merkatariekin batera egin nahi dugu aurrera, egoera zail honetan”. Bozketan, espero zen bezala, jeltzaleen mozioa atera zen aurrera eta bertan konpromiso ezberdinak zehazten ziren. Besteren artean, merkatariekin lanean jarraitzeko, eta etorkizuneko ekintzen gidari izango den Merkataritza Sustatzeko Plan Berezia martxan jartzeko.

EAJ-PNVren mozioari erantzunez, PSE-EEk “autokritika” egitea eskatu zien jeltzaleei. Laguntza lerroak bere osotasunean gauzatu gabe geratu direla gogorarazi zien. Sozialistek bezala, EH Bilduk ere merkatariekin eseritzeko eskaera luzatu zioten gobernu taldeari. EH Bilduk, gainera, udaletxean merkatarien erroldarik ez izatea leporatu zion gobernu taldearei. Roscok iragarpena egin zuen: “Udaletik plan bat egin nahi dugu, diagnostiko batetik abiatu eta ekintza lerroak izango dituena. Plan bizia izango da, eragile guztiekin batera aurrera eraman nahi duguna”.

Eztabaida hona iritsita, eta EAJ-PNVren eta EH Bilduren bi mozioak eztabaidatuta, PSE-EEko Herme Gonzalezek honako hausnarketa egin zuen: “Merkatariei 13 botoen babesarekin lagundu beharko genieke”. Aho batez onartuko litzatekeen mozioa edo adierazpenaren beharra jarri zuen mahai gainean.

Caritas, Gurutze Gorria

Pandemiak familia batzurengan eragina izan du, eta beharra dutenen artean banatzen zen janariaren inguruan mozioa aurkeztu zuten EH Bildu eta PSE-EE alderdiek, elkarrekin. Dagokion batzordean eta bozeramaileen batzordean aztergai izan ondoren, eta eragile ezberdinekin hitz egin eta gero, bi alderdiek Caritasek lehen egiten zuen funtzioa berreskuratzeko eskaera luzatu zuten. Astigarragako eredua adibide modura jarri zuten. Urnietako Udalak, antza denez, Gurutze Gorriarekin lan egiten du eta garai batean Caritasekin zegoen lan ildoa geratuta dago. EH Bilduk mozioa irekia zela defendatu zuen, adostasun zabalagoa bilatzeko borondatea agertuz. PSE-EEk gaia bideratzea Udal arduradunen betebeharra zela defendatu zuen, eta Urnietatik bideratzea eskatu zuen “gure bizilagunak elikagaien bila Andoainera joan ez daitezen”. Jeltzaleek keinu bidez ukatu egin zuten hori horrela gertatu denik, baina sozialisten bozeramaileak eutsi egin zion baieztapen horri.

EAJ-PNVren izenean Pagolak mozioaren puntu askorekin bat zetozela adierazi zuen, “baina puntu guztiekin ez". Eta euren botoekin mozioa onartu gabe geratu zen. Iragarpen bat egin zuen, halere, “Gurutze Gorriarekin lantzen ari ginen proposamena gerarazi egin dugu. Gaia landuko dugu”.

DBHko eraikina

Gaueko 22:00ak iristen ari ziren Egape ikastolako DBHren eraikina aztertzeari ekin ziotenean. Gai berari buruzko mozioa eta mozio alternatiboa aurkezten ziren laugarrena zen. Horrek, beraz, gai berari buruz birritan hitz egitea eskatzen du. Plenoak eskatzen duen formalismoa hautsi eta bi mozioak batera eztabaidatzen hasi zen Pagola, mozioak banan-bana eztabaidatzea saihestuz. Oposizioak aspaldi ekin zion gai honen inguruan presioa egiteari, eta gobernu taldeak lanean diharduela erantzuten die. Eusko Jaurlaritzak hainbat prozedura martxan jarri ditu, eta urte luzez kateatzen ari den gaiari irtenbidea eman nahi diete denek. Baina politikagintzan gertatu ohi denez, elkarren artean xextran aritu ohi dira.

Oposizioko bi alderdiek mozio bateratua aurkeztu zuten, eta mozioa erregistratu eta plenoa iritsi zen denbora tartean hainbat puntu bideratu zirela aitortu zuten. Orubea Jaurlaritzaren esku egoteko tramitazioa azkartzea eskatzen du oposizioak, eta baita gurasoen bileretara informazio osoa eta kontrastatua ematea ere. Jeltzaleek, ildo horretan, beste hitzekin antzeko ideiari eusten zioten euren mozioan. Hori gauzatzeko proposamen berria luzatu zuten: “Proiektuaren kudeatzailea Urnietako Udala izanik, guztiok proiektoaren nondik norakoak ezagutu ditzagun, hilean behin bozeramaileen batzar bereziak antolatzea proposatzen dugu gaiaren jarraipena egin genezan”.

PSE-EEko Gonzalezek gurasoen elkartearekin “argiago eta garden” azaltzearen beharra jarri zuen mahai gainean. Eusko Jaurlaritza gai honetan aurretik doala erantsi zuen, eta Urnietatik baliabide guztiak martxan jartzea eskatu zuen. Bestalde, EAJk aurkeztu zuen mozioarekin haserrea adierazi zuen: “Konpromisoa eskatzen digu EAJ-k bere mozioan. Oso kezkatuta nauka horrek. Gure alderdiak hogei urtetik gorako konpromisoa erakutsi baitu, gai honekiko”. Gonzalezek berriro ere adostasunaren beharra aipatu zuen: “Tamalgarria da hamahiru botoak batera ez agertzea”. Gai berari buruzko bi mozioak bozkatu ziren eta ez zen ezustekorik izan. EAJ-PNVren mozioa onartu zen, eta oposizioko bi alderdiena baliorik gabe geratu zen.

Zuzenean ikusi ez zuenarentzat, hiru orduz luzatu zen Udal batzarraldia ikusgai dago Urnietako Udalak Youtuben duen kanalean:

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!