Eskolarteko bertso finalaren kronika

Aiurri 2021ko eka. 4a, 09:00
Aizpurua, Garate, Tolaretxipi, Arrizabalaga, Isusi eta Mendiluze bertsolariak, Oiarbide eta Jauregi gai-jartzaileekin, Sarobe arte eszenikoen gunean. (Argazkia: Aiurri)

Ekain Tolaretxipik, Jon Mendiluzek, Nerea Isusik, Joar Garatek, Amets Aizpuruak eta Naia Arrizabalagak jokatu zuten Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finala, Sarobe antzokian.

Eresti Oiarbide gai jartzailearen esanetara jarri zen seikotea, bertsotan. Epaimahaikide gisa, berriz, Leire Beloki, Zigor Leunda eta Amaia Otxotorena aritu ziren. Poliki aritu ziren sei gazteak, eta orohar, egoki eutsi zieten bertsolaritzaren ofizioak dauzkan berezko zailtasunei: hala nola, buru-azkartasuna, arrazoi zorrotzak botatzeko trebezia, errimetarako egokitasuna...

Bertsolaritzaren transmisioak osasuntsu segitzen duela islatu zen Urnietan, eta atal horretan, azpimarratzeko datua ere bada Aitor Mendiluzeren semea, Jon, kantuan aritu zela. Aitak plazarako daukan patxada eta berezkotasunetik asko erakutsi zuen semeak. Lau lan puntuagarri egin behar izan zituzten: zortziko txikian bertsoa osatzea, lau oinak emanda; zortziko handiko lanak, ofizioka, bina bertso; zortziko handiko lanak, ofizioka, bina bertso; eta, bakarka, aurrena puntuari erantzunez, eta ondoren gaia emanda bertsoa osatzea.

Lau oinak emanda, bertsoa osatzeko ariketan, hona Mendiluzek kantatu zuena.

Oinak: musika, jarrita, kritika, hasita.

Gazte gehienen eran

maite dek musika,

ta edukitzen det logelan

nik sarri jarrita.

Altuegi dagola

aitaren kritika,

ta horregatik nago

nazkatzen hasita.

Zortziko handiko ariketan, hona, segidan, bi bertsoaldi.

Joar Garate, Ekain Tolaretxipi

Gaia: “zuen gurasoek arropa denda daukate, eta jubilatzera doaz. Zuei proposatu dizute dendarekin jarraitzeko. Joar ados zaude. Ekainek ez du nahi”.

Joar Garate:

Hirurogei ta bost urte eta

jubilatzear ba, jada.

Ta gure denda maite horrekin

zer egin behar da, hara.

Eta gure Ekain, izanez bere

oinordekotzakok gara,

denda horrekin segitzea, ba,

gauza oso polita da.

Ekain Tolaretxipi:

Gai honek ni re orain utzi nau,

bada, nahikoa erreta.

Eguneroko nire agenda

eduki ohi det beteta,

gainera ez det inportantea

dana ikasteko beta.

Alkandora ta kamixeta re

bereizten ez dakit eta.

Joar Garate:

Zu lasai egon horregatikan,

azkar moldatuko zera.

Baina jadanik baietz esanda

segi dezagun aurrera.

Ze gurasoek eman digute

ja lanerako aukera.

Adin honekin lan egitea

beti ondo etortzen da.

Ekain Tolaretxipi:

Zure teilatun utziko det nik

une honetan baloia.

Pasareletan ea noizbaiten

jo beharko dezun goia

Ta espero det ez ematea

oraintxe zuri bajoia.

Erretiratu ingo naiz eta

to zuretzako marroia.

Naia Arrizabalaga, Jon Mendiluze

Gaia: "Zuek herriko gazte taldean hartzen duzue parte. Udalak dio aurten ere ez direla festak ospatuko, eta beraz ez duela ekitaldirik antolatuko. Zuk, Naia, uste duzu gazteek antolatu behar zenuketela herritarentzat. Jonek uste du hobe dela ezer ez egitea”.

Naia Arrizabalaga:

Duela hiru urtetik martxan

dago gazte asanblada

gazteak hemen gustora dabiltz

beti hona eta hara.

Festarik ez da ordea, nazkau

samar gaude denok jada.

Zer egiteko badago eta

hortarako behar gara.

Jon Mendiluze:

Udalak in du aurtengo hontan

festa egiteaz paso.

Zu jarri nahian zabiltza hemen

zenbait zirko eta pailazo.

Ideia ona irudituko

zaizu nerea, akaso:

onurak dauzka oso gutxi ta

badauzka mila arazo (bis)

Naia Arrizabalaga:

Bai badakit Jon, berez ez degu

antolatzeko erraza

Ta udala ez degu izan

horretarako kapaza.

Bi pailazoek baietz bat eman

gazte guztiei arnasa.

Ta ezin degu beti besteen

zain denbora luze pasa (bis)

Jon Mendiluze:

Nere ideiekin zimurtu dira

asanbladan hainbat mutur.

Baina lasaitu, enabil gaizto.

Lasaitu, enabil makur.

Utzi ditzagun heldu guztiak

behingoagatik zurt ta lur.

Ta izan gaitezen herri honetan

txukuntasunaren ikur (bis)

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!