Baso-ekosistema zaintzeko proposamenak egin diztuzte Urnietako ikasleek

Aiurri 2021ko eka. 17a, 11:35

Buru-belarri aritu dira lanean ikasturte honetan Urnietako bi ikastetxeetako ikasleak: "Eskolako Agenda 2030" programa medio, Urnietako basoak, mendiak eta zuhaitzak zaintzeko proposamenak egin berri dizkiote Urnietako Udalari. 

Artelatz Ingurumen Zerbitzuaren eskutik herriko ikastetxeetan garatzen den programa da: eskola komunitateak ingurugiroaren aldeko kontzientzia eta ohitura desberdinak bereganatzea du xede, baita herritar gisa hausnartzera eta parte hartzera bultzatzea ere. Aurten gainera, berrikutza batekin etorri da programa, izan ere, azken urteetan landuriko "Eskolako Agenda 2"1 programa "Eskolako Agenda 2030" bihurtu da.

Agenda berri hori, Nazio Batuetako Erakundeek adosturiko garapen jasangarrirako 17 helburuetan oinarritzen da, eta horien harira gauzatu da lanketa ikastetxeetan. Aurten egindakoari dagokionez, 15. helburua izan dute abiapuntu: lehorreko ekosistemetako bizia, hain zuzen. Helburua zedarritze aldera, basoak izan dituzte ikergai.

Hasieran, gaia ezagutzeko askotariko motibazio-jardueral egin zituzten ikasleek; hala nola, bideoen, ipuinen eta jolasen bidez gaira gerturatu, hausnarketak burutu, galdetegiak egin, eta ikastola inguruko eremu berdeak aztertu. Halaber, "Basoak ernatzen" proiektuaren barruan ezkurrak biltzen eta modu desberdinetan ereiten saiatu ziren, eta, beranduago, haritz-landareak landatu zituzten.

Urnietako egoeraren diagnostikoa egiteko zenbait irteera gauzatu dituzte, besteak beste, Berrasoeta parkera, Fatima ermitaren ingurura eta Adarra mendira. Horrela, makina bat zuhaitz  aztertzeko eta identifikatzeko aukera izan zuten, baita urtaro bakoitzean itxura nola aldatzen duten ikustekoa ere.

Ikastetxe guztiek ikasturtean  egindako lanketa ikasleen foroan partekatu zuten eta zenbait ondorio atera zituzten. Esate baterako, naturari dagokionez, Urnieta oso gune aberatsa dela eta ibilbide zoragarriak dituela. Bestalde, hobetzeko proposamenen atalean, ikasleen aburuz beharra dago eremuak ezagutzera emateko, eta gune berdeak hobeto zaintzeko. Hobekuntza horiek gauzatzeko proposamenak luzatu zizkioten Udalbatzarrari. Hala, kontuan edukitzeko eta herriko basoak nahiz eremu berdeak zaintzeko konpromezua adierazi zuen alkateak.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!