Urnietako Udal igerilekua, larunbatetik aurrera zabalik

Aiurri 2021ko eka. 17a, 12:00

Uda iristera da, eta larunbatean hasita Urnietako Udal igerileku irekiak ateak zabalduko ditu. Pandemiaren ondorioz indarrean egongo diren neurri eta protokolo bereziak beteta, noski. Udalak zabaldu duen oharraren arabera, "derrigorrezkoa izango da sarbidean eskuak garbitzea, pertsonen artean 1,5 metroko segurtasun distantzia mantentzea eta urtean sartu arte uneoro musukoa erabiltzea.

Erabiltzaile nagusiak urnietarrak izango diren arren, Buruntzaldeko bazkideek ere erabiltzeko aukera izango dute: "Igerilekura sartzeko Buruntzaldeko bazkide izatea edo udako igerilekuko abonua edukitzea lehenetsiko da. Gehienezko aforoa 250 pertsonakoa izango da, eta kontrola eramateko erreserba txanda desberdinak ipiniko dira". Hitzorduak aldez aurretik hartu behar dira, eta hauexek dira aukerak: 

  • 10:00-13:15
  • 13:45-16:45
  • 17:15-20:15

Txanda desberdinen artean dagoen ordu erdiko tartea garbiketa eta desinfekzio lanak egiteko gauzatuko da. Txandak hartzeko moduak hauexek dira:

  • Webgunea: Urnieta.eus / APP.
  • Telefonoa: 688 720 742.
  • Harrera: edukiera bete arte. Abonu familiarra dutenek kide guztientzat hitzorduak hartzeko aukera izango dute, eta aste osorako lekua erreserbatu ahal izango da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!