EkonoVID

“Ezjakintasuna izan da okerrena; zer, nola, noiz erabakitzea”

Andoni Urbistondo 2021ko uzt. 11a, 09:12

Maite Alkain Urnietako HK10 hoteleko gerentea da. Tunelaren bukaera sumatzen hasiak dira ostalaritzan. Hotelean ere bai, baina zuhur da gerentea, pandemia ezustean etorri zen bezala ez delako berehalakoan desagertuko.

Urte eta erdira goaz pandemia hasi zenetik. Atzera begiratu bat egin zenezake?

Oso gogorra izan zen hasiera. Ikusten genuen zerbait larria bazetorrela konfinamendua hasi aurretik. Erreserba mordoa geratu zen bertan behera, eta Bartzelona mobile feria suspenditu zenean sumatu genuen benetan ze tamainako arazoa zetorren. Hasieran langileei 15 eguneko oporrak eman eta konponduko zela pentsatu genuen, baina bai zera… Gu familia-enpresa bat gara, tsunami bat gainera datorkizula ikusten duzu, eta ezjakintasuna erabatekoa izan zen. Olatu handi horrek ez irenstea da buruan daukazun gauza bakarra, baina zalantza asko genituen, eta ziurtasunik batere ez. Inork ez zekien zer egin, ze neurri hartu, nola jokatu. Gestorian galdetu eta erantzunik ez.

Ixteko beharrean sentitzen zara gauetik goizera, eta erabaki latza da, hogei langile ditugulako hotelean.

Erakundeen partetik-eta nahiko babesgabe sentitu zineten, ezta?

Inork ez zekien zer egin behar zen, eta erakundeek ere ez, baina bai, zer egin ez genekiela sentitu ginen apur bat. Legeak etengabe aldatzen ziren, hilabetez hilabete. Arau berriak jartzen ziren indarrean, eta guk guretzat  hobeak zein ziren aztertu behar genuen zorrotz. Eromena izan zen, dena irakurri, dena zehatz aztertu.

Hotela, itxi, itxi zenuten.

Bai. Itxi zenean familia osoa etorri ginen bizitzera hotelera, mugimendu pixka bat egon zedin bertan, zeren eta abandonatua utziz gero…

Eta, zer moduz hotelean bizitzen?

Beno, bizi egin behar. Bi hilabete egin genituen bertan, maiatza arte edo. Azkenean ezinezkoa da hoteleko martxa atzean uztea, zazpi egun 24 ordu delako. Azkenerako zure etxera joateko premia larrian sentitzen zara, zure espazioa, intimitatea bilatzeko. Une hura izan zen zailena: edo etxera joan, edo dena haizea hartzera bidali, muga-mugan nengoen. Eguneko ordu batzuetan arnasa hartzeko beharra sentitu nuen, niretzako ordu batzuk, bizitza normal hori berreskuratzeko beharra.

Zenbat denbora egon zen hotela itxita?

Erabat itxita astebete bakarrik egon zen, Jaurlaritzak berehala deitu baitzigun, Adegi elkartearen bitartez, ea larrialdi edo laguntza hotela izan nahi ote genuen: lanean zebiltzanei, mediku zerbitzuetako kideei asistentzia emateko… Izan ere, dena itxita zegoen, eta bere etxetik urrun zegoen jende horrek jan, edan, lo egin behar zuen nonbait. Baiezkoa eman genuen, hobe zelako hotela irekita egotea. Prentsan kuarentena-hotela bezala definitu gintuzten, baina ez zen hala. Hotela ez zen erietxe bat. Besteak beste, ez genekielako nola jokatu. Ez zegoen musukorik, ez EPIrik, ez ezer. Ezin nion garbitzaile bati gela bat garbitzeko agindu, ez genekielako zein zen hori egiteko protokoloa. Dena zegoen itxita, baina jende pilo bat ari zen lanean, eta horiei zerbitzua eman genien: sare elektrikoetako langileak, erietxeetako mantenu teknikariak, errauskailukoak, elikadura-industriakoak, garraiolariak… Espainiako Buletin Ofizialean larrialdi edo laguntza hotelen zerrenda bat argitaratu zen, eta hor agertuta jende asko etorri zen guregana.

Bezero horiek ordaindu egiten zuten ostatua eta mantenua, zuek larrialdi hotela izanda ere.

Bai. Salneurriak dezente jaitsi ziren, baina ordaindu egin behar zuten. Guretzat ona izan zen izendapen hori ematea. Osasun alorreko langileak etortzen ziren sarri, etxera ez zutelako joan nahi, gaitza ez zabaltzeko, eta zenbaitzuk pentsatu zuten musu truk ematen genuen zerbitzua zela, baina ezin zen hala izan. Aintzat hartu gela bakoitza betetzeak, garbitzeak ze kostu daukan, desinfekzio osoa… Guk ezin genuen gastu hori asumitu, eta Jaurlaritzak ez zigun esan gastu hori berak ordainduko zuenik. Beste komunitate batzuetan egin dute, Euskadin ez. Ez zen irabaziak lortzeko zerbitzu bat izan, hotela irekia mantendu, gastuak osatu eta beharra zeukan langileei laguntza emateko erabakia baizik. Kafetegia itxita zegoen kanpoko bezeroentzat, hotelean zeudenak bakarrik erabil zezaketen, baina gogoratzen naiz osasun langileei eta ertzainei kafea musu truk eman geniela bizpahiru hilabetez. Asko eskertu ziguten hori bere momentuan, eta eskertzen jarraitzen dute oraindik ere. Beraiek atseden pixka bat hartu, komunera joan, garbitu… halako lasaitasun eremua bilakatu zen hotela eurentzat. Une politak pasa genituen, ez uste.

Eta Covid birusetik salbu geratu zarete.

Bai, baina oso gogorra izan da. Langileen prestutasuna eskertu nahi nuke, behar zen egoerara moldatzeko prest agertu baitziren. Euren malgutasuna eta konpromisoa funtsezkoa izan da hotela aurrera ateratzeko.

Pasa den udan egoera nabarmen arindu zen. Uda ona izan zen zuentzat?

Ez, ezta gutxiago ere. Ohikoa den diru bilketaren erdia galdu genuen. Okupazioa %60-70ekoa izan zen, baina salneurriak murriztu behar izan genituen bezeroak erakartzeko. Espainiako bezeroa ibili zen, batez ere, eta horiek ez dute Europa Iparreko bezeroen aberastasun maila. Horiekin eta langile taldeekin egin dugu aurrera: paper enpresetakoak, Irizar, mantenua egiten duten taldeak, hotelean ziurrago sentitzen zirenak…

Zer izan da gogorrena, pandemian?

Ezjakintasuna. Zulotik nola atera ez dakizun une hori, ziurgabetasuna. Bertigoa. Nirea eta administrazio guztiarena. Erabakiak hartu behar ziren bata bestearen atzetik, baina guk hartu behar izan ditugu, geure kabuz, demagun aholku gabe. Eromena izan zen, benetan, zer, nola, noiz erabakitzea.

Eta erabaki drastiko horiek hartzen zer moduz moldatu zara?

Moldatu egin behar. Senarra alboan izan dut, eta laguntza handia eman dit. Erabaki asko bien artean hartu ditugu. Erabakiak zuzenak edo okerrak izan diren, dagoeneko ez da garrantzitsua. Hartu behar ziren, eta hartu genituen. Familia-enpresa izateak lagundu gaitu, ti-ta batean hartu behar izan baititugu erabakiak. Enpresa handiek arazo gehiago dituzte erabaki azkarrak hartzeko, baina, trukean, presio eragile eraginkorragoak dira. Guk, aldiz, ez daukagu erakundeak presionatzeko gaitasunik.

Kolpeak hartzen ikasi egiten al da, edo ezinezkoa da hori?

Ikasi egiten da. Gogoratzen naiz nola asesoreak eskatu zigun, halako txosten bat egiteko, bankuek eskatuta, nola moldatu ote garen pandemiara, ze berrikuntza egin ditugun eta beste. Esan nion. Ping-pong partida baten modura aritu gara. Gaur erabaki hau, bihar beste hori. Gaur langile merkatua, bihar atzerritarrena.

Eta orain zer?

Orain ezer ez. Ezin da ezer planifikatu. Begira ze gertatzen ari den gazteekin. IMSERSO-koen deiak jasotzen ari naiz, ea hurrengo urterako ze tarifa dauzkadan, gauzak lotu nahi dituztela lehenbailehen. Esan diet, alferrikakoa dela gelak gordetzea, urtebete barru igual ezingo dugula hotela ireki. Orain arte egutegi jakin bat bagenuen: Donosti Cup, Zinemaldia, Behobia-Donostia lasterkera… Orain ja ez dago ezer ziurrik, eta azken orduan erreserba piloa uzten dira bertan behera. Baina aukera hori eman behar diozu bezeroari, eta musu truk, bestela inork ez du erreserbarik egiten.

Zenbateko galera izan duzue ekonomikoki urte eta erdi luze honetan?

Fakturazioa erdira jaitsi da. ERTE-ei esker-eta galerak murriztu egin dira, baina itxita edukita ere gastu finkoak mantendu egin dira: IBIa, IAE…

Eta buelta emango diozue?

Beharko, ez? Jan egin behar da egunero. Bankutik etorri berri naiz, haiekin askotan bildu naiz azken urte eta erdian. Tira, perspektiba apur bat eduki behar da. Gure fakturazioa jaitsi da, bai, baina aireportuak itxi dituzte, hegazkinak geldirik daude, auto fabrikak lana egin ezinik… Ekonomikoki sektore asko izaten ari dira kaltetuak, eta bankuek eta erakundeek laguntzarik ematen ez badute sistema osoa joango da pikutara. Gauzak denon artean konpontzeko erabakiak hartuko dituztelakoan nago.

Argia ikusten hasi zarete?

Bai. Uda honetan nabaritzen da mugimendua, erreserbak gora, salneurriak ere goraka… Eskertzekoa da ekitaldiak antolatzen dituztenek zeregin horretan jarraitzea. Behobia-Donostia lasterketa, adibidez. Edo Donosti Cup, Zinemaldia… Nire eskerrik beroenak horiei.

Eta berriro atzera egiteko beldurrik baduzu?

Ez da beldurra. Nire ustez pasa dena pasata, prestatuago ikusten dut nire burua. Nork esango zuen mundua gelditu egingo zenik pandemiarekin? Ba geratu egin zen. Orain akaso berriro pasako da, baina pasatzen bada aurre egingo diogu. Baikorra naiz, baina zuhurra. 2022an ez gara pandemia aurreko garaira bueltatuko berehalakoan. Prozesua mantsoagoa izango da. Egoera bera ezberdina izango dela esango nuke.

Hotela beti kotxez betea ikusten da biribilgunetik, jende asko pasatzen da hemendik, bezero onak dituzue.

Bai, jendea bertaratu da mugak muga, terraza ere beteta egoten da udan, eta eskertzekoa da hori. Gurean gauzak ondo egiten ditugunaren seinale, ez?

Zer eskatuko zenioke etorkizunari?

Atzerritarrak etortzen hastea, haiek guk baino sos gehiago dutelako. Batzuk pasa dira, eta harrigarria bada ere, Europa Iparretik autoan Portugal edo Espainia hegoaldera doazenak dira. Norvegia edo Suediako jendea, ez pentsa. Hegazkinean bidaiatzea ez da erraza izan, eta jendea autoz mugitu da Europan barrena. Frantzia osoa itxita egon zenean askok gurean egiten zuten lehen geltokia, ez baitzuten non geratu, non afaldu, eta eskertuta gaude. Ez dut aurreikuspen handirik egin nahi, pandemia gure esku ez dagoen zerbait delako, kontrolaezina. Etortzen denari aurre egiten saiatu eta aurrera.

Goizetan bulegora etorri eta harrerakoak hainbeste erreserba egin direla jakitea izango da zure eguneko unerik gozoenetakoa ezta?

Beno, azken urte eta erdian lan ezberdin asko egin ditut: gerente, garbitzaile, harrera… Eta hotelera etorri baino lehen badakit zenbat erreserba dauden. Itxaropentsua naiz. Akabatzen ez zaituenak indartsuago egiten zaitu!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!