“Izugarri ikasten da umeekin”

Alba Cabrera 2021ko uzt. 16a, 09:00

Irune Gozalo eta Nagore Huizi Eguzkitan Blai udalekuetako begiraliak dira. Adin tarteka banatuta eta protokolo zorrotzez ari dira lanean. Hala ere, elkarrekin udako goizez gozatzeko aukera dute, askotariko ekintzak egiten baitituzte.

Ikasturtea amaitu dute berriki Urnietako haurrek. Hala, udari ekitearekin batera eman zitzaien hasiera udalekuei. Goizero-goizero batzen dira, eta aukera paregabea dute umeek lagun berriak egiteko, bai eta askotariko hitzorduez gozatzeko ere.

Nagore Huizi eta Irune Gozalo andoaindarrak bertan dira lanean.

Eguzkitan Blai udalekuetako begiraleak zarete biak ala biak.

Nagore Huizi: Eguzkitan Blai lau adin tartetan banatzen da: txiki-txikiak (3-5 urte), txikiak (5-6 urte), ertainak (6-8 urte) eta handiak (8-12 urte). Nork bere begiraleak ditu, eta taldeka egiten ditugu ekintzak.

Irune Gozalo: Interesgunea daukagu, guztientzako abiapuntu komuna, Kukurbita txorimaloa.

N.H.: Txoriak gustatzen zaizkion txorimaloa da Kukurbita; astero-astero, haurrei bere mezu bat irakurtzen diegu. Hori horrela, misterio kutsua emateko istorioei, begiraletako bat Kukurbita dela esaten diegu umeei, eta egunero-egunero saiatzen dira asmatzen ea gutako zein den txorimaloa.

I.G.: Herriko zenbait tokitan egiten ditugu ekintzak. Nagore eta biok Saroben gaude, ertainak, ostera, Lourdes Iriondo musika-eskolan, handiak Egapeko Bigarren Hezkuntzako eraikinean, eta, azkenik, txikiak eta txiki-txikiak Egapeko Lehen Hezkuntzan. 6-8 bitarteko adineko haurrekin egoten gara gu.

N.H.: Begirale gisa lanean lehen aldia dugu Irune eta biok. Lehenago, praktiketan aritu izan gara. Nire kasuan, Urtxintxaren "Parketarrak" proiektuan ibilitakoa naiz, baina oso bestelako formatua daukate.

Aurtengo uda, koronabirusa medio, berezia izaten ari al da?

N.H.: Aurreko urtean egin nituen nik praktikak, pandemia bete-betean, hain justu. Ondorioz, neurri oso zorrotzak genituen; esaterako, taldeak adinka banatu beharrean, familiaka banatu genituen. Hala, burbuilak ere seikoak ziren. Igerilekura-irteera eta tankerako txangoak ezin genituen egin. Aurten, aldiz, malguagoa da: astero igerilekura joaten gara; horrez gain, Leitzaranera, Ekogunera eta beste zeinbait tokitara irteerak egiten ditugu. Taldeei dagokienez, elkarrekin jolasak egiteko aukera handiagoa dugu. Musukoaren erabilera, besteak beste, oso barneratuta daukate haurrek, bai eta hamaiketakoan segurtasun-tartea manentzeko ohitura eduki ere.

Neketsua bihurtu al du eguneroko jarduna pandemiak?

N.H.: Gure kasuan, positibo bakarra izan dugu, begirale batek eman zuen. Alabaina, aurrez ezarrita daukagu protokolo jakina, eta, beraz, ez zen arazorik egon. Neketsua ez nuke esango, egoera oso barneratuta dugulako.

I.G.: Niri ere ez zait zamatsua egiten koronabirusaren egoera lan egiteko, alegia, ez da traba izaten ari. Musukoaren erabilera da oztopo handiena, baina positiboen agerpenarekin ez gaude kezkaturik. Aldez aurretik, gainera, Nagorek esan bezala, protokolo bat daukagu egoera konplexuei erantzuteko.

N.H.:  Musukoaren erabilera derrigorrezkoa da. Horregatik, gutako inork positibo emango balu, kutsatze-arriskua oso baxua litzateke, segurtasun-tarteak ere errespetatzen baititugu.

I.G.: Gainera, oro har, kalean egoten gara. Egoera ez da arriskutsua. Esaterako, begiraleak COVID-19an positibo eman zuenean bere haur-taldea ez zen etxeratu, ez zirelako kontaktu zuzenak izan.

Goizero-goizero hitzartzen zarete haurrekin. Nola ikusten dituzue?

I.G.: Ume batek aipatu zidan egoera honetan udalekuak aspergarriagoak direla, hots, pandemia aurreko egoeran gauza gehiago egiten zituztela, eta dibertigarriagoa zela. Nabari da haurrengan pandemiaren eragina.

N.H.:  Oso aktibo daude. Antolatu izan ditugu erlaxazio-tailerrak, baina gure taldean, adibidez, ezinezkoa da, izan ere, oso aztoratuta daude.

Udalekuak aukera ederra, hortaz, lagunekin egoteko eta hamaika plan egiteko.

N.H.:  Hiru txandatan banatuta dauzkagu antolatuta udalekuak, eta gurasoek libreki aukeratzen dute zein txandatan etorriko diren haurrak gurera. Ondorioz, mugimendua dago, haurrak joan-etorrian daudelako, eta horrek talde-antolaketa aldatzen du astetik astera. Horrela, beraiek ere taldekide berriak ezagutzen dituzte.

I.G.: Hori ez ezik, taldeen artean ere ekintzak egiten ditugu batera, eta aberasgarria da hori, elkarreragina sustatzeko eta haurrak elkarren artean ezagut daitezen.

Zer ematen dizue zuei udalekuetan lan egiteak?

N.H.:  Umeekin lan egitea oso gustuko dut. Izugarri ikasten da umeekin; espero ez dituzun gauzak egiten dituzte; haurrengandik badugu zer ikasi, oso aberasgarria da eurekin lan egitea. Haurren jarrerak pizten dit niri udalekuetan lan egiteko gogoa.

I.G.: Bizitasuna ematen dute haurrek, energia asko dutelako. Oso gustuko dut haiekin hitz egitea, galderak egitea eta beren burutik zer igaro den jakitea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!