Ramon Atxaga alkate ohiak hartu zuen protagonismo osoa

Aiurri 2021ko uzt. 31a, 09:23

Jorge Seguradok Ramon Atxaga alkate ohia gogoan hartu zuen astearteko plenoan, galde-erreguen atalari hasiera eman aurretik: "Uztailaren 23an hil zen, 1963 eta 1973 urteen artean alkate izan zelako, eta hura gogoan hartu eta senideei doluminak helarazi nahi dizkiogu". 

Aurreko egunetan alkate ohiaren aldeko eskela agertu zen egunkari batean, "Urnietako Udaleko Alkatea, Zinegotziak eta Langileak" sinadura zeramana. Udalaren webgunean, bestalde, Atxagaren aldeko hitzak agertu ziren artikulu batean.

Seguradoren hitzei jarraipena eman zioten, gainerako bozeramaileek.

Ainara De Miguel EH Bilduko bozeramaileak hartu zuen hitza, gaiari segida emateko: "Ikusi dugu egunkarian eskela argitaratu dela eta doluminak ematen dizkiogula alkatea, zinegotziak eta langileen izenean. Udaletxearen webgunean eransten da egindako lan guztia eskertzen diola. Hemendik doluminak eman nahi dizkiogu familiari, baina testuinguruan jarrita Francisco Franco aipatu behar dugu. Diktadura garaia, eta garai hartan Euskal Herrian sufrimendu garaia zen. Beldurraren garaia izan zen. Beldurraren garaiak ez ditugu txalotuko. Ez dugu Diktadurak egindako lanik goraipatuko. Memoria egingo dugu, berriz gerta ez dadin. Gure izenean garai hartako lan bat txalotu duzue, guri galdetu gabe. Memoriaren izenean, ez gatoz bat gure izenean argitaratu duzuen testuarekin".

Herme Gonzalez PSE-EEko bozeramaileak ildo beretik sakondu zuen: "Nekatuta gaude, maiz esan dugu, gure izenean hitz egiten duzuelako. Oso larria iruditzen zaigu, udaletxean nahi duzuena egin eta zuena balitz bezala jokatzen duzuelako. Errespetu osoa merezi digun pertsona da Atxaga, baina prentsan haren balioak nabarmendu dituzue eta udalerrian denak ez datoz bat iritzi horrekin. Ez diguzue idatziarekin ados edo aurka agertzeko aukerarik eman. Larria da, eta ez dugu horrelakorik onartu behar. Ezin duzue gure izenean hitz egin. Argitaratutakoa kontsentsu bidez erabaki behar zela uste dugu. Errazago zenukete alderdi bezala, EAJ-PNVk, balioan jartzea Atxagak egindakoa. Eta hortxe nahi duzuena jar dezakezue".

Mikel Pagola EAJ-PNVko bozeramaileak "Alkate izandako pertsona bat, udaletxean gauden ordezkari bezala, haren inguruko oroitzapen bat eduki nahi izan dugu. Hori izan da jokabidea. Hortik aurrera, zein garai izan zen hura, pertsona guztiek bat egiten zuten errejimenarekin edo ez... gure artean eztabaidatu genezake. Beste eztabaida bat dela deritzogu. Gure artean ez da inolako intentzio txarrik egon, sinpleki, alkate lanetan aritu zen pertsona gogoan hartzea. Ez dugu asmatu? Ikusiko dugu hurrengo batean nola jokatu".

Memoria Historiko eta Demokratikoaren Euskal Legeak aurrikusten duena

Plenoa egin zen goiz horretan bertan, Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren gobernu bilera egin zen eta bertan Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren Lege-proiektua onartu eta Legebiltzarrera igorri zuela iragarri zuen. Lege-proiektua da oraindik eta Eusko Jaurlaritzak 1936ko kolpe militarraren biktimak omentzeko urteko egun bat aurreikusten du, baita frankismoa goraipatzeagatik 10.000 eurorainoko isunak ere. Lege proposamena laster iritsiko da Eusko Legebiltzarrera, bertan eztabaidatu eta onartu dezaten.

Garai hartako buruzagi eta agintarien inguruan, lege-proiektuak bere 24. artikuluan honakoa dio: "Euskadiko Memoria Historikoaren eta biktimen duintasunaren aurkakoa da 1936ko estatu-kolpea eta diktadura frankista, buruzagiak edo haiek sostengatu zituzten erakundeak goraipatzea edo goratzea".

Lege-proposamena hauxe da: EUSKADIKO MEMORIA HISTORIKOAREN ETA DEMOKRATIKOAREN LEGEAURREPROIEKTUA

 

Ramon Atxaga eta Francisco Eizagirre, Frankismo garaiko azken bi alkateak

Urnietako Erretratu Zaharren liburuan Frankismo garaiko azken bi alkateei aipamena egiten zaie.

Ramon Atxaga Fernandez Urnietako alkate izan zen 1963. urtetik 1973. urtera bitartean.

Francisco Eizagirre Azpiroz “oriatarra genuen, urnietarra Oria Urnieta zen garaikoa, eta herriko alkate izan zen 1973. urtetik 1979. urtera lehen udal hauteskundeak egin ziren arte. Bi alkate hauek dira, hain zuzen ere, frankismo garaian izendatutako azkenekoak. Jakina da, diktaduran alkateak gobernadore zibilak izendatzen zituela, ez zituela herriak hautatzen, alegia”.

 

Agintariak Azkorte Eskoletara (1971)

Urnietako Erretratu Zaharren liburutik: “Azkorte eskolak 1971. urtean zabaldu zituzten, 1907. urtean Pedro Biteri Arana filantropoari esker jaso zen Herriko Eskolaren eraikinaren ondoan. Garrantzi handiko obra eta azpiegitura zen herriarentzat eta, jakina, bere inaugurazio ofiziala izan zuen, Madrileko gobernu ordezkaria tarteko".

Argazkian ageri dira, besteak beste, Patxi Eizagirre Azpiroz, Florentino Ugalde Baztarrika, Ramon Atxaga Fernández, Jose Maria Mujika, Martxiel Garmendia Aranburu edota Jose Maria Altuna.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!