“Tatuajeak halako mendekotasuna sortzen du; ondo sentiarazten zaitu”

Andoni Urbistondo 2021ko ira. 25a, 09:00

Duela lau urte bere bizitzan gogoko zuen zerbait egiten hasi behar zuela erabaki zuen Miguel Ramos urnietarrak (28 urte). Donostiako Tatuart estudioan egiten du lan.

Egunak airean joaten zaizkio Miguel Ramosi (Mike esaten diote lagunek). 2015-16an, bizitzaz gozatzen ari zela, hausnartu, eta bere bizitzan gustuko zuen ogibideren bat bilatu behar zuela erabaki zuen. Eta tatuajeen mundua aukeratu zuen. Autodidakta, kostata bizimodu txukuna izatera iritsi da azken urte eta erdian, burujabe izateraino. Donostiako Tatuart dendan ari da tatuaje egile. 20 bat tatuaje ditu berak, eta menpekotasuna sortzen omen du. Pertsonak nortasuna irabazten omen du tatuajeekin, halako zigilu berezia lortu. Goiz batean erantzun ditu galderak, eta arratsean, argazki sesioa bete, bezero bat tatuatzen duen bitartean.

Nor da Miguel Ramos?

28 urteko urnietarra, eta tatuajeak egiten ditut.

Nola sartu zinen mundu horretan?

Beno, ikasketak osatu nituen, baina jabetu nintzen bide horretatik ez nuela aurrera egiten. Betidanik gustatu izan zait marraztea, formatua bat edo bestea izan. Tatuaje bat baneukan egina, eta horrela hasi nintzen. Youtube-eko bideo tutorialak ikusten hasi nintzen, liburuak irakurtzen, eta modu autodidaktan ikasi nuen, txapuzak egiten pixkanaka. Ikastaro batzuk badaude, baina ez ikasketa formalak, eta ikastaro horietan oso oinarrizkoak diren gauzak bakarrik erakusten dizkizute.

Zenbat denbora pasa zen gorputz batean zure lehen tatuajea egiterako?

Ba ikasteko epearekin, urtebete inguru. Zerri azalean, edo frutan aritzen zara, entseatzen. Gero nire azalean hasi nintzen tatuajeak egiten, eta azkenerako lagunekin. Jardutea da ikasteko modurik errazena, eta nik hala egin nuen. Akatsak egin, akats horiek ez errepikatzen saiatu, eta hobetu. Lehen tatuajea ez zen erraza izan. Ez dakizu makina nola muntatu, ez dakizu ezer egiten. Beste eredu batzuk ikusten dituzu, eta eskarmentua hartu. Frustrazio uneak ohikoak izan ziren garai hartan, ez baituzu nahi beste, edo nahi bezain azkar hobetzen. Blokeatu egiten zara. Bezeroak ere eskas, eta gurpil zoro batean sartzen zara. Bezerorik gabe ezin duzu hobetu, eta hobetzen ez baduzu, ez duzu bezerorik lortzen.

Zein izan zen zure lehen tatuajea?

Nire gorputzean egin nuen. Urduri nengoen. 15 bat minutu pasa nituen hasteko, beldurtuta. Baina tira, gaizki egitekotan, nire azala zen. Tatuaje kaxkar bat egin nuen, baina egin nuen. Hor hasi zen dena. Ondoren lagunek jakin zuten, haiei marrazkiak egin… Horrela hasi zen, 2016ko abuztua-iraila aldera. Ahoz-aho zabaldu zen kontua, eta jende gehiagori egin nizkion tatuajeak. Hasieran ezagunak, ondoren ezezagunak. Gurasoen etxea zen nire estudioa. Bazekiten gustuko lana nuela, eta ez zidaten arazorik jarri. Etxean jende ezezaguna sartzen hasi nintzen, deserosoa zen, eta
kitto esan nuen, estudio batera joan eta norbaitekin ondo ikasteko.

Zenbat kobratzen zenuen orduan tatuaje bategatik?

Gutxi, 30 bat euro. Materiala ordaintzeko, irabazirik ez. Hasieran tatuaje txiki bat egiteko ordu erdi pasa behar nuen, jarri, ez jarri, lasaitu eta beste. Orain 10 minutuan egiten dut, eta dena doa azkarrago.

Donostiara joan zinen.

Bai, Donostiara eta Amasa-Villabonara. Egindako tatuaje guztien argazkiak egin, eta CV bat osatu nuen, estudioetan uzteko. Donostiako estudio batetik deitu zidaten, Gros auzoan. Oso txikia zen, eta sei hilabete egin nituen, ikasteko nahiko. Ondoren Kraken Tatto dendara joan nintzen, Egia auzora. Ordurako tatuaje egile, dagoeneko. 2018a izango zen. Ikasteko toki egokia da. Amasa-Villabonatik ere  deitu zidaten. Batean hiru egun, bestean bi… Lana egunero, astelehenetik larunbatera. Estudioz aldatu naiz, Tatuart estudioa Donostiako Amara auzoan, Arco gunean. 21 urte daramatzate martxan, eta estudio ezaguna da. Oso gustura nago, maisu onak ditut.

Zein lan izaera duzu?

Autonomoa naiz, eta tatuaje bakoitzagatik portzentaje bat eskuratzen dut. Nik bezero batzuk ditut, eurek beste batzuk ematen dizkidate, eta zerrenda bat osatzen dugu.

Eta zenbat tatuaje egiten duzu astean?

Batez beste 15 bat tatuaje astero, aste onenetan 24 egin izan ditut. Tamainaren arabera. Txiki bat egitea, esaldi bat, hizki bat, erraza da. Ordu erdian egiten duzu. Handiak, baina, ordu asko dira. Egunean bat egin dezakezu gehienez, 6-7 ordu behar direlako.

Zenbat balio du tatuaje batek?

Pieza bakoitzeko kobratzen dugu. Txiki bat 80 eurotik aurrera. Eta handia, bizkarrean, edo besoan izan, ezberdina da. Bezeroarekin hitz egiten da. 300-500 bat euro, baina tatuajea konplikatua bada, gehiago.

Bezeroak askatasun osoa du, aukeratzeko, edo zuk aholkatzen diezu?

Normalean ideia jakin batekin etortzen dira, interneten ikusi duten argazkiren batekin, eta nik aholkuak ematen dizkiet. Horrela jarriko nuke, edo beste modu honetan… Tatuaje berezia, bakarra bilatzen dugu, ez internet-en ikusi duen hori, jende guztiak berbera edukiko bailuke bestela. Baten batek aholkua eskatzen badu, bere nahien arabera funtzionatzen dugu. Esaterako, niri garezurrak gustatzen zaizkit, baina jendeari ez. Euren gustuak zein diren galdetzen diegu, eta horren baitan proposamenak egin.

Zergatik erakartzen du hainbeste tatuajeak?

Norberak ondo ikusten du bere burua tatuaje batekin. Bat egin eta bestea egiten du jendeak. Bakarra egin duen jende gutxi ezagutzen dut. Damutzen direnak ere badaude, baina etxean bere kabuz aritu den jendea da. Tatuajeak nortasuna, izateko modua erakusten du, arropa berria jartzen duzunean bezala. Plus bat da, eta bizitza osorako. Istorio bat dauka atzetik, kontatu dezakezuna… Tatuajea luxu bat da, kapritxo bat, bitxi bat erostea bezala. Ez duzu behar, baina erosi egiten duzu. Halako menpekotasuna sortzen duela esango nuke. 

Bizitza osorako dela esan duzu. Egia da ezin dela kendu?

Ez, kendu daiteke, baina laserrarekin egin behar da, sesio asko hartu, mingarria da… Tatuajea egitea baino gehiago. Cover bat egin dezakezu, tatuaje berri bat zaharraren gainean, baina ez da berri bat egiten baduzu bezala geratzen.

Lehen tatuajeak bazeukan halako irudi txarra jendartean. Orain hori desagertu egin da.

Bai, bai, erabat. 88 urteko aiton bati egin izan diot tatuaje bat, pentsa. Tatuajeak edukitzea gizartea normaldu egin dela esango nuke, eta egun arraroa tatuajeak ez dituen norbait ikustea da.

https://aiurri.tok-md.com/argazkiak/GyK/cache/704_tattoo1_tokikom_700x700.jpg

Nola egiten da tatuaje bat?

Nik lehen paperean marrazten nuen dena, baina orain tablet-ean marrazten dut. Inprimatu, kalko bat egin, tamaina kalkulatu, azalean itsatsi, eta kalkomania bat balitz bezala, kalkoa egiten hasi. Gidak dauzkazu erreferentzi gisa, eta tatuajea errepasatzen hasten zara. Tatuajea egiten ari zarenean bezeroak lasai egon behar du, ze mina egiten du. Belaunak, saihetsak eta burua dira gune sentikorrenak.

Zer sentitzen du tatuajea hartzen duen bezeroak?

Gauza ezberdinak. Nire kasuan azala erreko balitzait bezala sentitzen dut. Jasateko modukoa da, ia inork ez du martxa egiten tatuaje erdian. Mina egiten du, eta nekatu samar buka dezakezu, baina bizpahiru egunera mina desagertu egiten da. Tatuajea bukatuta plastiko bat jartzen duzu, babesteko, eta bi astetan halako krema bat eman behar du bezeroak azalean. Hori egin eta listo. Tatuajea hor geratzen da betirako.

Zein kolore erabiltzen duzu gehien?

Gipuzkoan beltza dela esango nuke. Gero Bilbo aldean-eta kolore gehiago erabiltzen da. Ez dakit arrazoia, akaso gure nortasuna da.

Zenbat tatuaje dituzu zuk gorputzean?

20.

Eta zein duzu gustukoen?

Animalia asko ditut, emakumeak, nire tatuajeak egiteko makina… Ez dut arrazoi berezirik, gustatu egiten zaidalako jartzen dut.

Eskatu dizuten ze tatuajerekin harritu, poztu zara?

Ba nik neuk egindako diseinuren bat, akaso. Poz berezia ematen dizu horrek. Bada ideia bat ematen dizuna, suge bat garezur batetik ateratzen, adibidez, baina zure marrazki bat eskatzea da politena.

Eta arraroena?

Aurpegian marihuana hosto bat marrazteko eskatu izan didate, baina ezezkoa eman diet, marrazki horrek pertsona horren etorkizuna baldintzatuko baitu erabat betirako. Ez dute inon kontratatuko lana egiteko. Eskuan tatuajea egitea ere ez da erraza.

Askatasuna duzu ezezkoa emateko?

Bai, badago kontu etikoa hor, ezetz esateko. Buruan edo eskuan egiten diren marrazkiak… Batzuetan alferrik da, jende hori ideiak garbi dituela etortzen delako guregana, eta zuk egiten ez badiozu beste norbaitek egingo diolako.

Herriko jende askori egin diezu tatuajeren bat? Ezaguna zara dagoeneko herrian?

Baietz esango nuke, jendeak badakiela tatuajeak egiten ditudala. Herri txikia da Urnieta. Tatuaje dezente egin ditut Urnietan, asko. Bada Urnietako jendea Donostiako estudiora agertu, ni ikusi, eta orduan jabetzen dena ni naizela tatuaje egilea.

Bizimodua ateratzen duzu tatuajeak egiten?

Bai, baina lana ondo doakidalako orain. Lanik gabe, dena bezala, zaila. Ni orain urte eta erdi hasi naiz nire kabuz bizi ahal izaten, lehen hiru urtetan ezin izan nuen. Zortekoa sentitzen naiz 28 urterekin burujabe izateaz, lehiakortasuna handia delako. Donostian estudio asko daude, eta pribilegiatua sentitzen naiz.

Urnietan estudioren bat jartzeko asmorik baduzu, edo momentuz ez?

Ez, oraingoz ez. Donostiako estudioan gustura nago. Zer ikasi asko daukat oraindik, nire estudioa irekitzeko, eta Urnietan estudioa jartzea loteriaren antzeko zerbait izango litzateke.

Miguel Ramos, Instagram: @attic9tattoo.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!