"Ezer gutxi zuena esku hutsik dago orain Haitin"

Alba Cabrera Jauregi 2021ko urr. 17a, 10:56

Axel Jauregi Maroto ingeniaria Haitin izan da sei astez, topografia lanak egiteko helburuarekin. Dena dela, herrialdean gertatutako lurrikarak bidaiaren norabidea aldatu zuen.

Errealitateak fikzioa gainditzen omen du zenbaitetan. Bada, horrelako egoera baten lekuko izan da orain gutxi Axel Jauregi Maroto urnietarra. Abuztuaren 15ean abiatu zen Haiti aldera, Iker Gastaminza Unanue lagunarekin eta lankidearekin batera. WE Architects enpresaren proiektu bat medio, topografia-lanak egiteko asmoz joan ziren ozeanoaren beste aldera, sei astez.

Alabaina, inork gutxik aurreikusitako berri desatsegin bat jaso zuten hegazkina hartu baino lehen: 7,2 puntuko lurrikara gertatu berri zen Haitin. Azken datuek diotenez, 2.248 hildako, 329 desagertu eta 12.763 zauritu utzi ditu ezbeharrak. Eta, gutxienez, 136.800 eraikin kaltetu edo suntsitu dira. Gauzak horrela, azken ordukoak eragindako urduritasunaz, eta gogo biziz bezain ezjakintasunez, lur hartu zuen Kariben urnietarrak. Kaosaz, aurrera egin beharraz eta atsekabeaz.

Zerk eraman zintuen Haitira?

Iker Gastaminza lagun eta lankidea eta biok izan gara Haitin. Biak ala biak gara dronen zale amorratuak, eta, orain gutxi, horiekin topografia-lanak nola egin aztertzen hasi ginen. Bere aitak, Patxik, WE Architects enpresan egiten du lan, hemen, Bartzelonan nahiz Haitin. Azken horretan orain hamarkada bat hasi ziren lanean, eta aipatu zigun etorkizunean eraikiko diren eskolen topografikoak egin nahi zituela bertan. Horrela murgildu ginen proiektuan: abuztuaren 15ean abiatu ginen Haitira, sei aste igarotzeko.

Landa-eremua zapaldu duzue, hegoaldea, herrialdeko tokirik txiroena.

Ministerioarentzat nahiz Munduko Bankuarentzat egiten du lan enpresak. Hala, beren erabakiz, eskolen topografia-lana egitera joan ginen Haitira, alegia, lurraren irakurketa egitera, ondoren, eraikitze-lanak egiteko. Iparraldean zein hegoaldean aritu behar ginen lanean; azkenean, sei aste horietan hegoaldean izan gara soilik. Datorren larunbatean, bi asterako itzuliko gara, iparraldeko lanak egiteko.

Izan ere, ezusteko desatsegin batekin egin zenuten topo bidaia hasieran...

Ez geneukan hegaldi zuzena, hots, Santo Domingora (Dominikar Errepublika) joan behar genuen, lehenik. Madrilen hegazkina aireratu baino lehen jakin genuen 7,2 graduko lurrikara izan berri zela Haitin. Giza trajediagatik atsekabea sentitzeaz gain, ezjakintasuna sortu zigun horrek, eta amorru handia, proiektuak denbora luzeko prestaketa eskatzen baitu. Are gehiago, uste nuen iritsi orduko itzulerako hegazkina hartu beharko genuela zuzenean. Ez genekien zein egoeratan aurkituko genuen herrialdea; ez dut sekula lurrikara bat bizi izan, baina banekien albo-kalteak agerikoak izango zirela.

Gogoan al daukazu herrialdean lur hartu zenuen eguna?

Dominikar Errepublikan izan ginen, hasiera batean: gauez iritsi ginen eta biharamunean hartu genuen Haitira joateko abioneta; hiriburura iritsi ginen Port-au-Princera, hain zuzen. Hortaz, gorputza hasi zen aldaketara ohitzen, nahiz eta bi herrialdeak elkarren ezberdinak izan. Ez dute zerikusirik, hala ere, gure errealitatearekin alderatuz gero, bada bietan aldaketa. Port-au-Princen du enpresak egoitza nagusia; baina, hegoaldera sei bat orduko bidaia dagoenez gero, etxe batean izan gara.

Astetik astera, herrialdeari erreparatzeko modua aldatu al zaizu?

Bai, jakina. Ohitu egiten zara eta bizi dituzun egoerak normalizatu egiten dituzu denborarekin. Hasieran, ez zara egoeraren jakitun: ez non zauden, ez zein den bertako bizimodua. Guztiak harritzen zaitu.

Asko aldatu al zituen zuen planak ezbehar naturalak?

Bai, goitik behera. Haitiko lehen egunean, bilera egin genuen Munduko Bankuarekin zein Ministerioarekin. Lurrikararen albo-kalteen neurketa egiteko proposamena luzatu zien lankidearen aitak, dronekin filmatutako aireko irudien bidez, horrela, lurrikara aurreko egoerarekin alderatzeko. Begi onez hartu zuten eta, beraz, hegoalderantz jo genuen bigarren egunean.

Kaltetutako tokiak zeintzuk ziren jakinarazi zizkigun Munduko Bankuak. Nolanahi ere, bidean suntsiketa handiko guneekin topo eginez gero, horiek ere txostenean sartu ditugu.

Lurrikarak sortutako kalteen ebaluazioa egitea egokitu zitzaizuen, beraz. Dron bidez jaso dituzue irudiak. Zein balorazio egiten duzu?

Horixe izan da gure xede nagusia, baina sei astek gauza asko egiteko denbora ematen dute. Ondorioz, balorazioa eginda, bidaiari ekin aurretik geneukan asmoa bete genuen, hain justu ere, etorkizuneko eskolen topografikoak egitea. Lehenbizi, hegoaldeko hiriburuan egin genuen lan, Les Cayesen. Gerora, hiritik gertu dauden herrigune nagusiak aztertu ditugu, epizentrotik gertuen zeudenak Munduko Bankuak bidalitako zerrendaren arabera. Izan ere, ezin duzu herriz herri, etxez etxe joan.

Ondorioen artean honako hau izan zen nabarmenena: dardararekin hormigoiz egindako etxe bat behera etorriz gero, paretek duten pisuagatik, hiltzeko arriskua ia saihestezina da; bertan harrapaturik gelditzeko aukera ere agerikoa da. Aldiz, lurrarekin edota egurrarekin egindako etxeen kasuan, txapazko teilatuak dituzte; hortaz, errazagoa da bertatik bizirik irtetzea.

Han ez daukate eraikuntzarako teknikarik, ez dituzte ez arkitektoak, ez ingeniariak. Guztia pixkanaka egiten dute oso modu etxetiarrean, eskura dituzten baliabide materialekin zein ekonomikoekin. Hori horrela izanda, dardara txiki batekin etxeak behera erortzen dira.

Suntsipen handia ikusi dugu. Datuen arabera, 3.000 hildakotik gora utzi ditu ezbeharrak. Dena den, hori ez da arazo bakarra: ez dago errolda argirik eta zehatzik. Herritarren erdia ez omen dago erroldatuta; beraz, oso zaila da heriotza-kopuruaren kontrola ongi eramatea.

Kaleetan beldurra al zen nagusi?

Jendeak beldur handia du; etxeak mugimendu txikienarekin ere jausi egiten dira. Gainera, lurrikara baten ostean, beti daude erreplikak. Hala, jendeak kalean egiten zuen lo, izan kanpin-dendetan, izan autoan... Etxea gainera erortzeko beldurrez. Egun osoa kalean igarotzen zuten; etxean soilik beharrezkoa zenean sartzen ziren. Beren etxe zena arrisku-gune bihurtu zen.

Horrez gain, ezin aipatu gabe utzi orain hamaika urteko lurrikara... Biharamun latza utzi al zuen? Albo-kalteak nabari al dira oraindik ere?

Port-au-Princen izan zen 2010. urteko lurrikara, eta, harrezkero, adibidez, ez dute Legebiltzarra berreraiki. Gobernuak ez dauka ezer egiteko dirurik, kanpoko laguntzen bidez egin zioten aurre 2010. urteko dardarari. Jende asko, guztia galduta, hiritik joan behar izan zen, bizileku bila. Lur-eremu bat eskaini zitzaien hiria "txukundu" bitartean, bertan bizi zitezen. Bada, gaur gaurkoz, oraindik ere bertan bizitzen jarraitzen dute; beste herrigune bat sortu dute, eta ez dira hirigunera itzuli. Toki hori, gainera, uholde-arrisku handiko gunea da. Oso kaotikoa da; horrela funtzionatzen du guztiak.

Esan al genezake, hortaz, zenbaitetan errealitateak fikzioa gainditzen duela?

Egunero-egunero errepikatzen nion hori bera neure buruari.

Egin ezazu ikusitakoaren erretratua.

Harrigarria da herrialdea. Ez dago dirurik eta dagoen gutxi hori batak besteari lapurtzen dio. Kaotikoa da Haiti: bizimodu gogorrekoa, baina erresilentzia handikoa. Eutsi, eutsi, eutsi, eta beti aurrera, kexarik gabe. Lurrikara gertatu eta pare bat egunean beren egunerokoa berreskuratzeko ahaleginean hasi ziren herritarrak: "Jan egin behar dugu, eta, horretarako, lan egin beharra dago". Merkatuak irekita, trafikoa, jendea lanera, eskolara.... Eta berriro herria martxan jartzera, tartean, etxe asko goitik behera suntsituta, batek jakin zenbat denbora. Izan ere, dirua duenak soilik eraikiko du, eta urteak eta urteak behar izaten dituzte bertan etxeak egiteko.

Uharteko zirrikitu guztiak bisitatu dituzue. Nola ikusi dituzue bertako herritarrak?

Ez dute irakaspenik atera orain hamar urteko ezbeharretik, alegia, erantzun bera eman diote lurrikarari: ezer gertatu ez balitz bezala jarraitu dute aurrera. Batzuetan, badirudi onartuta dutela horrela izango dela beren bizia.

Ezer gutxi zuena esku hutsik dago orain. Oso tristea da toki kaltetuena landa-eremua izan delako, eta bertan bizi da diru gutxien duen jendea. Etxea galdu duten familia asko bizi da mendian, ezer gutxirekin, egunekoarekin; hilabetea, asko jota, 20 dolarrekin egingo dute, ziurrenik. Latinoameriketako herrialde txiroena da (dirutan), eta naturak asko zigortu izan du.

Baliabide urriak hamaika arazori aurre egiteko.

Baliabide murritzak ez; ez dago baliabiderik. Hari horri tiraka, WE Architects enpresak Munduko Bankuarekin bildu nahi du berriro: 2016. urteaz geroztik, lurrikarei zein urakanei ongi erantzuten dien eraikuntza mota bat garatu zuen GKE batek. Hala, beste erakunde batzuen laguntzarekin Haitiko zenbait tokitan eraiki zituzten etxe horiek, eta ikusi dugu oso ondo eutsi diotela dardarari. Horrenbestez, aukera ona da.

Zer sentitzen duzu begirada atzera bota eta sei aste horien errepasoa egitean?

Asko ikasi dut. Finean, bizitzaren beste ikuspuntu bat ematen dizu horrelako esperientzia batek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!