Aniztasuna islatzen duten kolore biziak

Alba Cabrera 2021ko urr. 25a, 09:21

Kulturarteko Topaketa ospatu zuten iragan larunbatean Urnietan, Etxeberri Elkartearen eskutik. Hamaika herrialdetako jendea bertaratu zen, eta askotariko zaporeren, koloreren zein musikaren bateragune bihurtu zen Urnieta.

Horia, berdea, gorria eta urdina. Askotariko kolorez osatutako oihal batekin jolasean ekin zioten haurrek pasa den larunbatean Urnietan ospatu zen Kurturarteko Topaketari. Aniztasunari aitortza egiteko helburuarekin, hitzorduz betetiko egitarau aberatsa osatu zuen Etxeberri elkarteak, Estela Cuevas bizilagunaren gidaritzapean.

Makina bat artisau bertaratu ziren, nork bere eskaintza urnietarrei erakusteko asmoz; eta ondo erakutsi, gainera. Izan ere, herritar andana bertaratu zen, eskuz egindako lanak ikustera zein gozatzera. Afrikar jatorriko oihaletatik hasi eta burniarekin egindako pitxietara bitarte, forma, usain eta kolore ezberdinetako produktuak bildu zituen azokak.

Ildo beretik, jateko nahiz edateko tartea ere izan zen. Batetik, Marokoko tea edateko aukera eduki zuten herritarrek, musikaz zein intzensu usainez girotutako jaima berezian. Bestetik, foodtruck delakoak geldialdia egin zuen Urnietan, KM0-ko gozoak dastatzeko.

Haurrek ere izan zuten zer gozatua. Henna, ileko trenzak eta koadernoak oihal afrikarrekin forratzeko tailerrak izan zituzten. Ilara luzeak sortu ziren plazako txoko ezberdinetan, baita berdeguneetan ere: kolore askotako paraxutarekin aritu ziren ordu luzez jolasean.

Eta musika. Musikak garrantzia berezia izan zuen hitzorduan: Ugarte anaien txalaparta soinuak ireki zuen kontzertu-sorta. Haien atzetik, dantzan jarri zituen herritarrak Jenny Perlazak, aerorumbaren erritmopean. Bossa Nova estiloan aritu zen Luã Matheus, eta Zizoo Du Zooren eskutik afrorapaz gozatzeko parada ere izan zen. Aurreko larunbatean agerian utzi zuten horrelako hitzorduen premia.

_______________________________

Karime Randame eta Amal

Marokoko lurralde beroetan murgiltzeko aukera izan zuten urnietarrek, Karimeren eta Amalen eskutik. Hamaika kolorez, bertako oihalekin apandutako jaima batean tea eskaini zuten, Afrika iparraldeko musikaren laguntzaz. Beren herriko jantzi tradizionalarekin zerbitzatu zuten edaria, eta intzentsuaren usaiak herritar asko erakarri zuen.

_______________________________

Susana Arias, Junese eta Raduan

Idiazabal kaleko Casablanca harategia ere bertaratu zen Kulturarteko Topaketara. Marokoko zein Tunisiako produktuz bete zuten postua: fruitu lehorrak, eskuz egindako gozoak, datilak, ogiak, ilea tindatzeko henna, azalerako olio bereziak… Marokoko gastronomia gerturatu zuten larunbat arratsaldez Urnietara.

_______________________________

Aziz Mounpe eta Maialen Mujika

Afrikar jatorriko oihal koloretsuak abiapuntu, eskaintza zabala du Puochi nah proiektuak. Wax oihalekin egiten dute lan eta tote poltsak, alkondarak, zein estutxeak egiten dituzte, besteak beste. Postuaz gain, tailer batean koadernoak apaindu zituzten haurrek beren oihalekin.

_______________________________

Papa Lo

Produktuek gainezka egiten zuten Paparen postuan, izan are, denetik saltzen du. Arropa, motxila, galtzerdiak, toailak, batetik; baina baita argia egiten duten eraztunak, pultserak eta koilareak, bestetik ere. Jende ugari gerturatu zen ipini zuen postura, jakin-min handiz.

_______________________________

Axun Jauregi

Burnia da Axunen artisautza lanen oinarri. Joxerramon anaia aiztogilea du eta soberan den burniari bestelako erabilera ematen dio, zein baino zein bereziagoa. Soldatu egiten du, baita kolorea eman ere: eguzkiloreetatik hasi eta kandeletara bitarte, askotariko formak aurkitzen dizkio burniari.

Estela Cuevasen balorazioa

"Oso giro ona egon zen; eguraldia gure alde izan genuen, gainera. Bizilagun asko gerturatu zen; beraz, lortu nuen helburua, hain justu, urnietarrak Etxeberri plazaren bueltan biltzea. Horrez gain, askotariko herrialdetako jendea ere bertaratu zen, eta elkareragin handia egon zen postuetan.  Balorazio oso positiboa egiten dut, herritar askok galdetu didate ea noiz egingo ote dudan beste bat. Muntaian eta desmuntaian laguntza handia izan nuen, baita ezezagunen partetik ere. Ezin dut gehiago eskatu; xedea lortuta”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!