Orduak kontatzen

Andoni Urbistondo 2021ko aza. 26a, 09:00

Donostiako Maratoia korrituko dute urnietar zenbaitzuk igandean, Asier Martinez eta Juan Luis Gomez-ek besteak beste; 02:30ean bukatu nahi dute, eta ahal bada, elkarrekin helmugaratu.

Lau hilabeteko prestakuntza gogorraren une gaiztoenean daude bi urnietarrak; zain, ezustekoak saihesten, urduritasuna ahazten.

Jende asko ibiltzen da korrika. 10, 15 kilometroko saioak, sasoi puntu ona mantentzeko, eguneroko kargaren zama libratzeko. Ez dira hainbeste, ordea, distantzia horiek giharrak lasaitzeko egiten dituzten korrikalariak. Igandean Donostiako maratoia korrituko da, 42 kilometro eta 195 metroko distantzia, eta horiek osatze hutsak balentria izaera ematen dio ahalegintzen den orori. Markak, noski, bere garrantzia du bizi-bizi ibili zaleak direnen artean, eta horietako bi dira Asier Martinez eta Juan Luis Gomez urnietarrak.

Bi ordu eta erdian egin nahi dute maratoia. Astelehen eguerdikoa da elkarrizketa hau, eta entrenamendu lasaia egitetik datoz hitzordura. Lasaia, maratoilarien hizkuntzan: 12 kilometro, 04:25ean kilometro bakoitza. Sei egun geratzen zaizkie maratoia korritzeko, eta lasai daude egin beharreko guztia, edo egin zezaketen guztia egin dutelako. Abuztuan hasi zuten euren prestakuntza, eta lau hilabetez aritu dira jo eta su. Tarte horretan osatu dituzten zenbakiak aho bete hortz uzten du edonor. Juan Luis Gomez-enak, hitzak: “Astero 90-100 bat kilometro egin ditugu, sei egunez, eta bat atsedena hartuz”. Ñabardura Martinezek: “Ni korrika aritu naiz atsedena neukan egunen batean, ezin eutsi etxean. Eskatu egiten zidan gorputzak. Urrian egun guztietan egin dut korrika”.  
Fisikoki, beraz, prest. Eta buruz? Dudak, bien ahotan. Gomez: “Azken astea da luzeena. Azken xehetasunak lotu behar dituzu, baina lasterketan gehiegi pentsatu gabe. Azken aste hau izaten da nekatuen egoten naizena, sentsazio txarrenak ditudana. Eguna iristeko gogoz gaude, prestakuntza osoko aste zailenetakoa da”. Martinezen zereginak, honatx, azken egunetarako: “Elikadura zaindu, ez gaixotu, azken orduko ezustekoak saihestu… Eta zain egon. Gorputza zukutzeko gogoa daukazu, badakizulako ondo zaudela, eta luze egiten dira egunak. Egunerokoan zentratzen zara: lana, umeak… Bestelakoan,  irakurri edo beste gauzaren bat, etengabe maratoian bakarrik pentsatzen egotea ez delako ona. Buruko nekea eragiten dizu”.

Eta igandean zer? Gomez: “Garaiz oheratu zalea naiz bezperan, gau erdian ez esnatzeko. Esnatzen banaiz akabo, ez dut lorik hartzen berriro. Proba hasi baino hiru bat ordu lehenago esnatzea gustatzen zait. Gosaldu, prestatu, laguna jaso… Hor ja urduritasunak jota zaude. Une polita da, estrategiaz hitz egin, kafetxo bat hartu, beste korrikalariak agurtu…”.

Biek 02:30ko marka egiteko asmoa dute. Nolatan?: Martinez: “Antzeko maila daukagu biok, eta hortik etorri da batera entrenatu eta lehiatzeko aukera. Antzeko prestakuntza egin dugu, eta lehen 25-30 kilometroak elkarrekin egitea da asmoa. Hortik aurrera, ikusiko da. Litekeena da batek besteak baino egun hobexeagoa eduki, eta azkarrago joatea. Hala bada, bakoitza bere martxan joaten da. Gauzak normal joanda, batek bestearengandik oso gertu helmugaratu beharko genuke, eta elkarrekin iritsiko bagina, eskutik helduta izatea nahi genuke, hori perfektua litzateke. Elkarri laguntzeko aukera dugun bitartean, lagundu, eta ondoren bakoitza bere martxan, ez dago arazorik geure artean”.

Bi korrikalariek 10-11 urte daramatzate elkarrekin korrika, eta ondo ezagutzen dute elkar. Gomez: “Badakit Asier nola doan, berak ere bai ni nola noan, eta hori gauza ona da. Ondo dago ondoan konfiantza daukazun norbait egotea. Talde batean zoazenean bultzadak daude, talkak, arazoak sor daitezke batek erreleborik ematen ez duelako… bizikletan bezala. Nik badakit Asierrek ez didala halakorik egingo, konfiantza ematen dit”.
Maratoiko estrategia garbi dute. “Erbi batekin korrituko dugu biok, eta lehen maratoi erdia 01:14:30 denboran osatu nahi genuke, bigarren maratoi erdirako minutu edo minutu eta erdiko tartea utziz. Nekeak ez du barkatzen bigarren hogei kilometroko zatian eta kilometro bakoitza egiteko segundo gehiago behar dituzu”. Maratoietan matematikak ez omen dira zehatzak, “baina 02:31 denboraren bueltan ibil gaitezke, estrategia betetzen bada”. Kilometro bakoitza ze erritmoan den aise egin du kalkulua Gomezek: 03:32. Horrela 42 kilometro! Proba egin nahi duenarentzat, hortxe datua.

Maratoietako horma famatua

Maratoiek badute korritzen dituenak bakarrik ezagutzen duen oztopo ikusezina: horma antzeko bat, 32-35. kilometrotik aurrera agertzen dena. Zergatia sinplea da. Maratoia korritzen dutenek 30-32 kilometroko entrenamendu saioak egiten dituzte, gehienez, langa hori gainditzeak nekeak bueltarik ez edukitzea suposa dezakeelako. Gomez: “Existitzen da, bai. Korrikalari bakoitzari kilometro ezberdinean agertzen zaio. Niri iaz 37. kilometroan agertu zitzaidan. Horma horretan ez pentsatzea da onena. Norberak lasterketa estrategia jakin bat dauka buruan, eta horrekin segitu behar du. Horma gaizto hori azaltzen zaizula? Ezin duzu ezer egin, gainditzen saiatu”. Martinezek ez du horma hori ezagutzen, egiten saiatu den bi maratoiak ezin izan dituelako bukatu, lesioen erruz: “Azken bost-zortzi kilometroek derrigor izan behar dute gaiztoak, gorputza ez dagoelako ohituta. Ez dut ezagutu horma delako hori, eta nahiago nuke ez ezagutzea”.

Ostirala, larunbata eta igande goizaldea geratzen zaie, egurrean hasteko. Lau hilabeteko sufrikarioak atzean utzi eta egurra! Eta ezusteko zerbait gertatuko balitz zer? Gomez: “Kolpe handia litzateke, noski, baina bideari ere garrantzia ematen diot. Esan nahi dut, lagunarekin egindako prestakuntza nola gozatu dudan, adibidez. Gero, lehiaketa egunean mila faktore daude: eguraldia, sabeleko arazoak, nerbioak…”. Martinez: “Behobia edo maratoi erdia egingo banu, ze denbora egingo dudan asmatuko nuke, minutu edo minutu eta erdiko tartearekin. Maratoian ezinezkoa da: jan egin behar duzu, edan, bi ordu eta erdiz gorputza zigortu… Faktore asko sartzen dira jokoan".

Eguraldiaz mintzatu dira biak, eta iragarpena petrala da, euria eta hotza: “Hotza pasatzeko beldurra dut”, aitortzen du Martinezek. “Euria eta hotza konbinazio txarra dira guretzat. Aintzat hartu gorputza fisikoki muga-mugan dugula iristen garela maratoiko egunera (62 bat kilotan dago). 5-6 gradu, eta hasieratik tximu-tximu eginda… Ona ez. Haizeak baino gehiago arduratzen nau hotzak, gorputza blokeatzen zaizu, eta horrek ez dauka bueltarik”. Gomezen azalpen gehiago: “Gorputzak kitto esaten badizu, geratu egin behar zara, egoskortzen bazara lesio larriren bat eduki dezakezulako. Gorputza ondo ezagutzen dugula esango nuke. Familia daukazu, eta astelehenean lanera bueltatu behar da. Ezin da txorakeriarik egin”.

Maratoia bukatu osteko bazkari oparoan ere pentsatzen hasi dira biak. Maratoia bukatu edo ez. 02:30ko erronka lortu edo ez. Bideak ere balio duelako!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!