Bost proposamen jaso dira Plazido Muxika plaza nola estali erabakitzeko

Aiurri 2021ko aza. 26a, 12:34

Urnietako Udalak gaitutako teknikariei eman zien urrian txanda Plazido Muxika plaza nola estali erabakitzeko. Izan ere, eremu hori erabaki zuten urnietarrek parte-hartze prozesu honen lehen fasean. Azaroaren 21ean amaitu zen ideien lehiaketan proposamenak aurkezteko epea, eta, orotara, bost proposamen jaso dira ahalbideturiko epean.

Orain, Udalak epaimahai bat eratuko du, hiru teknikariz osatua. Hiru pertsona horiek hautatuko dituzte jasotako bost proposamenen artean egokienak iruditzen zaizkien hirurak, kalitate teknikoa, kanpoko itxura, ingurunera egokitzea, materialak eta prezioa kontuan hartuta.

Eta, azkenik, prozesu parte hartzailea amaitzeko, urnietarren txanda iritsiko da berriro. Izan ere, urnietarrak izango dira epaimahaiak hautatutako 3 aukera horien artean botoa emango dutenak, eta, beraz, 2022an Plazido Muxika plaza nola estaliko den erabakiko dutenak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!