“Fresko nago, lasai, gozatzen; onenen pare nagoela sentitzen dut”

Andoni Urbistondo 2021ko abe. 28a, 08:00

Imanol Ansak binakako txapelketako bigarren finala jokatuko du jarraian. Ibai Martirena Uitziko semea lagun, ez zuten hain txukun ibiltzea espero, txapelketa hasi zenean, baina finala jokatuko dute ostegunean, Urriza maisua eta Jagoba Labakaren aurka. 26 urterekin, erremontearen elitean kokatu dela sinetsita dago urnietarra.

Binakako txapelketako finala jokatuko duzu, ez zen halakorik espero txapelketa hasi zenean.
Egia da bikoteen zozketa egin zenean ez gintuztela txapela irabazteko faboritoen artean sartu, baina ni Ibai Martirena bikote kidea entrenatzen ikusia nintzen, bikote moduan ondo moldatzen ginela, eta konfiantza, fedea baneukan. Akaso finala jokatzeko ez, baina bai ligatxoko fasea gainditzeko. 

Ligatxoan Endika Barrenetxea eta Javi Urriza, momentuko erremontista onenak gainditu zenituzten.
Ondo irabazi genien, gainera, eta multzo buru bukatu ligatxoa.

Ibai Martirena ez da oso ezaguna. Akaso errebotean-eta falta zaio puntu bat, baina bestelakoan nahiko neurri ona eman du.
Beno, nirekin batera debutatu zuen, eta urteak daramatza. Egia da azken urteetan, artzaina denez, ba erremontea utzi behar izan zuela lanarekin ezin zuelako partekatu. Partida berak irabazi behar badu, kosta egingo zaio, agian, baina aurrean laguntza ematen dion kideren bat badu, ondo moldatzen da. Ni 7. koadroa zaintzen saiatu naiz, berari atzean komeriak sor diezazkiokeen pilotak kentzeko, baina 7. eta 8. koadroetatik eskura datozkion pilotekin ondo moldatzen da, eta utzi egiten dizkiot. Berak mina egiten du hor, eta nik neuk ere defentsan puntu bat hobera egin dudanez, emaitza onak etorri dira.

Sakean ere ondo ari da Uitzikoa. Garrantzitsua da hori.
Bai, oso. Horretan eta azpiko posturan oso ondo moldatzen da, asko luzatzen du pilota, eta txukun ari da. 

Zu ondo?
Inoiz baino hobeto sentitzen naiz. Pasa den denboraldian, Aizpuru bikote kide nuela, emaitza onak lortu nituen, baina jokoz kamuts antzean ibili nintzen. Sufritzearen poderioz iritsi ginen finalera, Aizpuru sasoi puntu onean zegoelako. Ni pilota gutxi galtzera mugatu nintzen, laguntzera. Aurten fresko sumatu naiz, presio aldetik ere lasaiago, ze Aizpururekin arituta, bazirudien emaitza onak lortzera behartuta geundela. Martirenarekin kontrakoa gertatu da, zailagoa zirudien finala jokatzea, eta iritsi garen heinean, disfrutatu egin dut. 

Bigarren finala duzu jarraian. Endika Barrenetxea eta Javi Urriza izarrak ere menderatu dituzue, ligatxoan. Pixkanaka onenen artaldean sartzen ari al zara?
Bai. Urrizaren aurka jokatutako azken hiru partidak irabazi dizkiot, Barrenetxeari azkeneko biak ere bai, eta horrek konfiantza eman dit. Beraien parera nagoela esan gabe, egia da haiek ni gainditzeko izerdi puska bat bota behar dutela, dagoeneko. Haiei kontra egiteko gai naizela sentitzen dut, eta hori oso garrantzitsua da, lasaitasuna ematen dit. Binakakoa eta banakakoa ezberdinak dira. Binaka nire gaztetasunak, txinpartak, kantxan mugitzeko erraztasunak asko laguntzen didate Urrizaren dohainak gutxitzen. Banaka, aldiz, bera aparta da bote lasterrean, errebotean, eta hor gehiago kostatzen zait. Binaka gertuxeago nago.

Nola ikusten duzu txapela? Gertu, urrun, lortzeko moduan, zaila…
Daukatena da jokatzeko gogoa, nirea emateko grina. Finalak ez dira errazak izaten, baina gozatzen ari naiz. Orain arteko hitzordu garrantzitsuenen atarian urduri, itota sentitu izan naiz. Aurten gozatzen ari naiz egun hauetan (ondoan daukan Maite neska lagunari begiratuz esan du). Irabazi nahi horrek sufrimendu dezente sortu izan dit, baina joka zitezkeen azken bost finaletatik lau jokatu ditut, ia denak, eta horrek patxada eman dit buruz. Orain arte sentsazioa ‘gaur egin behar dut’ zen. Egun, dagoeneko, ez. Egun ‘gaur ez bada bihar izango da’ esaten diot nire buruari. 

Herriko jende asko bertaratuko da Galarretara. Gustura?
Koadrilakoak inoiz baino gehiago inplikatu dira, binakakoan, harmailetan batu eta ni animatzeko, eta oso pozik nago ematen didaten babesarekin. 

Nonbait entzun dut, etorkizuna Imanol Ansarena dela. Ze iritzi duzu, halakoak entzunda?
Beno, gazteak garenon artean Aizpuru, Juanenea, Larrañaga eta neu gaude, Urriza eta Barrenetxearen lekukoa hartzeko prest, nahiz eta Endikari oraindik urte batzuk geratzen zaizkion. Kosta zaigu gora iristea, baina orain hortik bota nahi gaituztenei asko kostako zaie gu bertatik botatzea. 

Pentsatu al duzu nola ospatuko duzun txapela, lortzekotan?
Ez, baina zeozer egingo dugu. Ospatu gabe ere gozatu egingo dut.

Telebistan ikusi dugu erremontistei mikrofonoak jarri dizkizuetela. Orain arte ezkutuan zeuden hainbat esan, sentsazio publiko egin dira. Zer moduz sentitzen zara?
Niri pertsonalki ez dit grazia handiegirik egiten. Nahiago nuke haiek gabe jokatu, egia esan behar badut. Mikrofonoak pisua du kaskoan, karga hartzen du, eta beroaldiren batean agian entzutea nahi ez duzun hitz itsusiak esan ditzakezu. Gordin-gordin entzuten da esaten den guztia, eta horrek, nola esan, jendeak guri buruz daukan irudia kaltetu dezake. Normal zaudenean esaten ez diren gauzak esan daitezke tentsio betean, eta bikote kidearekin hizkuntza edo hitz bereziekin esaten diogunak bere xarma galtzen du, entzun egiten delako. 180 bihotz taupadarekin zaudenean, esaten ari zarena neurtu beharra ere, erosoa ez. Ulertzen dut, dena den, protagonisten lekukotzak arrakasta daukaten osagaiak direla, eta kirolari bezala, telebista erakartzeko ezinbesteko osagaia dela. Akaso den-dena entzun gabe, gauza batzuk isilpean utz daitezke, ezkutuan gorde. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!