"Ikasi duguna besteei erakustea gozamena da"

Andoni Urbistondo 2022ko urt. 7a, 09:00

Olatz Odriozola Bizikleta.com taldeko ziklo-kroslaria da. Eskarmentu handiko txirrindularia da, eta oraindik ere egurrean aritzeko gogoz dago. Ikasitakoa gazteei erakusten gozatzen ari da.

Datorren aste bukaeran jokatuko den Espainiako Txapelketa prestatzen ari da Andoainen bizi den urnietarra, baina 38 urterekin, emaitzari baino gozatzeari ematen dio lehentasuna; kirola egitea ezinbestekoa baitu egunerokoan hobeto moldatzeko.

38 urte eta ezin lokatzari, euriari, hotzari iskin egin. Olatz Odriozolak bizikleta zikintzen jarraitzen du asteburuetan. Euskadiko Txapelketan bigarren postuan sailkatu zen Paula Suarezen atzetik, eta podiumean sartzen saiatuko da asteburuan Xativan, Valentzian jokatuko den Espainiako Txapelketan, zirkuitua berarentzat onegia ez bada ere. Lehiaketaz, adinaz, ziklo krosaren egoeraz hitz aspertu luzea eduki du Aiurri-rekin.

Zer moduz doa bizitza, Olatz?

Beti bezala. Lana eta bizikleta partekatuz.

Nola moldatu zara ditxosozko pandemiarekin?

Pandemiak ez du eragin fisikorik sortu nigan, beste edozein herritar bezala izan da nire egunerokoa: etxeratzean etxean egon, lanera joateko mugak nola edo hala pasa… Kirol arloari dagokionez, niregan ohikoa zen seriotasuna bazterrean utzi dut apur bat. Lehen entrenamenduak finago osatzen nituen, baina oso lasterketa gutxi egon ziren, noraezean dena, eta horrek, nahi gabe ere, sasoi puntu ona kaltetzen du. Nire kasuan, sasoi ona lasterketetan estutuz hartzen dut, ez hainbeste entrenamenduetan, eta egutegia egonkortu denean, hobeto aritu naiz.

Nola eraman duzu ziurtasun falta hori?

Beno, gorputza bera erosotu egiten da. Hasiera batean denboraldia osatzeko asmorik ere ez neukan. Gipuzkoako Federazioak deitu zigun, teknifikazio ikastaro batzuk emateko. Animatu egin nintzen. Ikasi duguna besteei erakustea gozamena da niretzat, teknika eta beste. Orain arte ez zegoen ezer arlo horretan. 30-40 neska mutilekin aritu ginen, eta horrek arra sortu zuen bueltan nigan. Oso kirolzalea naiz, behar dut zerbait egin, eta bizikleta ez balitz, beste zerbait izango litzateke. Behar fisikoa eta mentala da, zure hobe beharrez egiten duzuna. Estutu bat eman gorputzari, eta hobeto bueltatzen zara etxera. Errazena sofan etzanda geratzea litzateke, telebistan serieak ikusten, baina horrek niri ez dit batere mesederik egiten. Ohe batean egona naiz, luze, istripu baten ondoren, eta oso gogorra izan zen. Pertsona aktiboa naiz, askatu egin behar dut. Etxeratzea ondo eraman nuen, sukaldean ere ondo moldatzen naiz, eta gustura. Gorputza bizkorra da, ohitu egiten da gauza onera, etzanda egotera. Sufritzea ez zaio inori gustatzen, ezta gorputzari ere.

Adinean ere gora egin duzu. 38 urte, dagoeneko. Nabaritu duzu?

Aldatu egiten zara. Ez da lehen bezala. Lehen euritan irteten zinen, zikintzeak bost axola, lokatzean bueltaka… Denerako prest! Orain ja, nagiak jota nago. Istripua eduki nuenean, 2017ko San Fermin egunean, nire buruari esan nion: ‘kitto, hau bukatu da!’, baina bueltatu egin nahi nuen. Bukle antzeko batean sartu nintzen gazteekin izandako ikastaroetan, eta bueltatu naiz.

Zer ikasi zenuen istripuarekin?

Zorte ona izan nuen, atera nintzen. Gauza batzuk ez daude zure esku. Ondorio aberasgarriak ekarri dizkit. Istripua gabe ez nuen ondoren ateratako indarrik erakutsiko, mundialera joan, Espainiako Txapelketan hirugarren sailkatu izan. Barruan amorrua neukan, indarra, eta atera egin nahi nuen. Baita atera ere. Orduko indarrik ez daukat orain, dena den.

Eta noiz arte jarraitu nahi zenuke lehiatzen?

Ez dakit, ez baita lasterketa kontua. Horietan aritu gabe ere kirolarekin lotuta jarraituko dudala esango nuke.

Bigarren izan zinen Euskadiko Txapelketan, Paula Suarezen atzetik. Emaitza bikaina da.

Maila apala da oso. Ez da normala ni bigarren izatea. 38 urte ditut, bizikleta lanarekin partekatzen dut… Sasoi puntu onean nago, gazteei egurra emateko gai naiz, irabazteko borrokan sartzeko gai, baina maila oso apala da. Ez nuen espero bigarren izatea, alabaina sufritzen ikasi dut urteen joan etorrian. Lokatz gehixeago egon izan balitz… Deigarria da ni garaipenerako lehian aritzea. Borrokarako, irabazteko grina falta da. Proba hasieran buruan jarri nintzen, pentsa… Pozik nago, dena perfektu egin bainuen. Askotan gertatu izan zait, irabazi eta hain gustura ez geratzea.

Maila oso apala dela esan duzu. Kritiko zara emakumezkoen ziklokrosak bizi duen egoerarekin, ezta?

Hemengo maila ezin da atzerrikoarekin konparatu… 70-80 neska lehiatzen dira atzerriko probetan. Hemen, Euskadiko Txapelketan, bospasei elitekoak atera ginen, eta 10 bat jubenil. Denak ezagutzen gara elkar. Arreta ematen dit neskek eta inguruak zer pentsatzen duten, podium bat lortzen dutenean, sekulako lorpena balitz bezala, ez denean.

Asteburuan Espainiako Txapelketa jokatuko da Xativan. Ze asmo?

Ez ditut aurkariak ezagutzen. Ibilbidea teknikoa da, hareagatik. Eskailerak ere badauzka. Faboritoek kale egiten badute postua hobea izango da. Karrera onak egin izan ditut, nazioartekoak batez ere. Aurrean ibili naiz, atzean aterata. Ez dut emaitza txarrik lehorrean. Hara joan eta disfrutatzea da nire asmoa. Podiuma oso zaila ikusten dut. Datorrena etorrita, eta gustura geratzen ba naiz, ederki. Akatsik ezin da egin. Jende asko abiatuko gara, irteera urduria izango da oso.

Munduko Txapelketan aritu zinen 2018an. Errepikatzeko asmorik bai aurten?

Ezinezkoa da. Parametroak aldatu egin dira. Munduko Txapelketa hasi aurretik Munduko Kopako hiru proba korritu behar dira, derrigor, eta Top 30ko postuak lortu. Gastuak zuk ordainduta, noski. Espainiako hiru onenen artean egon behar zenuke, baina azken erabakia pertsona baten esku dago, hautatzailearen esku. 36. postuan bukatu nuen 2018n; ez naiz itzuliko.

Bitxia da Munduko Kopako hiru proba korritu behar izatea exigitzea, baina diru laguntzarik ez ematea horretarako. Nola da posible hori?

Ez daukat erantzunik, eta atzerrian korritzeko gastuak handiak dira. Furgoneta bat behar duzu, materiala, 10 orduko bidaia, gasolina, laguntzaileak, mekaniko gu geu, eta ostatua. Furgoneta bakarrik 1.000 bat euro izango dira. Eta lau egun behar dituzu! Profesionala ez bazara ezinezkoa da. Ahal izanez gero hegazkinean joango ginateke, baina ezin. Esango nuke Espainiako Txirrindularitza Federazioa gauzak zailtzen joan dela, ez zaiolako gustatzen Espainiako ziklo-kroslariak Munduko Kopara joan eta emaitza kaskarrak lortzea… Munduko Kopa batean lehiatzeko gutxieneko maila eduki behar da, bukatu, gutxienez. Bukatzen ez baduzu, onena ez joatea da. Atzerrian lehiatuz jabetzen zara nazioartean ez daukazula mailarik. Frantziako Kopa korritzea da horretaz jabetzeko aukera ona, eta gertuago dugu. Han bai ondo! Maila ikaragarria da. Lehiaketa mailan, antolakuntzan eta abar. Nik ikaragarri gozatu izan dut Frantzian, eta gazteei bide hori gomendatuko nieke.

Federazioko lizentziarekin ere komeri franko izan dira. Zikloturista foroetan ere jendea haserre dago, 160 euro balio duelako federatu txartelak. Ze iritzi duzu egoeraz?

Lizentziaren kontuak estresa sortzen du, federazioak ez du lanik errazten, tramitazioarekin-eta beti berandu, Gabonak dira. Errepideko profesionalak lizentzia egitera behartu dituzte Euskadiko Txapelketa korritzeko. Zer esango dute profesionalek? Itxuraz dirua jasotzea da helburu bakarra. Txapelketa ofizialetan lehiatzen garenok ia 300 euro ordaindu behar dugu lasterka egin ahal izateko, lizentzia eta esfortzu proba. Jendea uxatzen ari dira, erakarri ordez. Kadete bati hori eskatu eta zer pentsatuko du ba? Gastuak handiak dira ziklokrosean, bestela ere, eta nik esaten diet gazteei: gustatzen bazaizu, segi, baino bestela ez. Matxurak, bizikleta garbitu eta prestatu behar. Etxean egin badezakezu, hainbestean, baina lasterketa guztiak bukatuta bizikleta dendara eraman behar baduzu. Gero, ziklo-kroslariok bi bizikleta behar ditugu! Egia da Gipuzkoako Federazioak aurten bigarren bizikleta bat jarri duela ziklo-kroslarien eskura, hori gauza ona da. Eguraldia gurean ere ez da bidai lagun ona. Txarrarekin, zer? Hotza, lokatza. Kirol asko daude merkeagoak, sufrimendu gutxiago sortzen dutenak.

Teknifikazio ikastaroak gazteei ematen aritu zara. Zer balantze egiten duzu?

Entzungo ez balute bezala sumatu nituen, estralurtarrekin hizketan ariko banintz bezala. Gero lehiatzen hasi ziren, eta kolpe latza hartu zuten. Negarrez, hatzak mugitu ezin hotzarekin, miseria asko.

Iritzi jantzia duzu, eskarmentu handia. Ez al duzu pentsatu ardura posturen bat hartzea federazioan?

Ez. Asko hitz egiten dut dagoeneko antolatzaile eta federazioko kideekin. Urte pilo bat daramat borrokatzen, esan behar nuena esaten, ezagutzen naute. Lehiakide asko niregana etortzen dira babes eske, baino esaten diet euren txanda dela, nik hitz egin dudala nahiko, eta gainera, ez didate kasurik egin. Gehiegi entzun naute. Saiatu naiz gauzak egiten, baina alferrik. Dagoeneko ezin dut gidari izan. Gazteek hartu behar dute ekimena, helburu argi batekin: txirrindularia zaindu.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!