Odola emateko urteko lehen aukera, Urnietan

Alba Cabrera Jauregi 2022ko urt. 20a, 10:25

Urtarrilaren 28an dute urteko lehen hitzordua, eta ez dute kale egingo.  Arratsaldeko 16:30ean ekingo diote, eta ezinbestekoa izango da aldez aurretik txanda hartzea.

Garai batean, unean uneko beharrei erantzuteko eman ohi zen odola, alegia, egoera zehatzetan, Minerrek azaldu duenez: "Herrian gaixorik ipintzen bazen norbait, egoitzara joaten ziren herritarrak". Baina, behin odol-emaileen dinamika herrira etorri zenean, aldizkakotasunez ekin zioten donazioari: hasiera batean, hiru hilean behin egiten zuten. Alabaina, denboraren joanarekin, urtean sei hitzordu izatera igaro dira, hots, bi hilean behin egiten dute donazioa, lehen baino bi aldiz gehiago.

Hedabide guztien lerroburuetan iragarri da odol-emaileen falta, eta pandemiak eragindako zailtasunekin harremandu du Minerrek hutsune hori: "Jendeak pentsatzen du makina bat arazo izango dituela donatzeko, ezin izango duela. Aitzitik, behar handia dago, beti daudelako odola behar duten gaixoak".

Jada, odol-emailea zen Sanchez bere senide bat odol-premian aurkitu zenean: "Hor ikusi nuen benetan agerian donatzearen garrantzia. Inportantea da, bizitzak salbatzen dituelako". Hori horrela, dei egiten diete bi kideek belaunaldi gazteei odol-emaile bihur daitezen, "behin herrian guk hasi genuenari jarraipena emateko".

Hedabide guztien lerroburuetan iragarri da odol-emaileen falta, eta pandemiak eragindako zailtasunekin harremandu du Izaskun Minerrek hutsune hori: "Aitzitik, premia handia dago, beti daudelako odola behar duten gaixoak".

Leku aldaketa, oraingoan, Gaztelekuan

Pandemia hasi aurretik, Zaharren Egoitzan izaten zen hitzordua. Baina egoerak okerrera egin ahala, Kultur etxeko erabilera anitzeko gelara mugitu ziren. Orain, bi urteren ostean, Plazido Muxika plazako Gaztelekura lekualdatuko dira.

Usadioz, odol-ateratzeen osterako, urdaiazpiko-tortila eta xolomo ogitartekoak eman ohi zituzten, baina egoera epidemiologikoa medio, Super Amarako sandwichak izaten dira orain. Dena dela, espero dute hilaren 28an betiko ohitura berrartzea.

Diploma-banaketa ekitaldia, hilaren amaieran

Donazio-kopuruaren araberako sariak eta aipamenak egiten dituzte. Lehen saria 25 odol-ematerekin izaten da (zilarrezko intsignia). Ondoren, ezberdina da emakumeen zein gizonen artean: lehenek 40 odol-ematerekin (urrezko intsignia) nahiz 60rekin eskuratzen dituzte aipamenak. Gizonezkoek, ordea, 50ekin (urrezko intsignia) eta 75rekin. Gainera, aipamena eskuratzen dutenei, urtero eskualdeko odol-emaileekin egiten den Oianumeko bazkarira gonbidatzen dituzte.

Hilaren amaieran, honako hauek lortuko dituzte sariak, diplomak eta intsigniak: Antton Lekuona Miranda, eta Silvia Vega Sanchez 25 odol-emate kopuruagatik, eta Angel Martin Manero, Cesar Sanchez Calzada eta Martxel Usarraga Maiz herrikideak 50 odola emate kopuruagatik.

Ibilbide oparoa

Hasiera-hasieratik, 1985eko neguan eman zuten lehenengoz odola Izaskun Miner (74 urte) eta Santi Sanchez (66 urte) urnietarrek. Urnietako Udalak hitzaldi bat antolatu zuen odol-emateei buruz Donostiako ordezkaritzarekin elkarlanean, eta bi aldiz pentsatu gabe bertaratu zen Miner; egun, herriko ordezkari da: "Inertziaz ekin genion bostpasei kidek", du gogoan, "37 urtera luzatu den inertzia batez". Joskintza-ikastaroan izan zuen Sanchezek odol-emateen berri, gelakide baten eskutik, eta, harrezkero, 96 bider eman du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!