Txapela egun bikaina

Ainhoa Gil 2019ko mar. 11a, 15:30

Alatzne Etxaburuak hunkituta jaso zuen herrikideen omenaldia. Arratsaldetik gauera, ekitaldi ezberdinak izan zituzten gozagarri Zizurkilen.

Txapeldunen mus txapelketak eman zion hasiera egitarauari. 12 bikote elkartu ziren Zentroan eta, arratsaldeko 16:00etan hasita, giro ederrean aritu ziren.

17:30etan, Intxaur pilotalekuan bildu zen jendea. Bukalai dantza taldeko kideek saio bikaina eskaini zuten, bertaratutakoen txalo artean. Merienda goxoa janez amaitu zuten arratsaldea dantzari gazteek.

Iluntzean, herri-kirol saioa egin zuten Zimiterioan. Alatzne Etxaburua izan da aurtengo txapela jasotzeko aukeratua, eta haren omenezko saioa antolatu zuten. Nerea Sorondo eta Itxaso Onsalo aizkolarien arteko lehiak eman zion hasiera saioari. Hiru kanaerdiko ebaki zituzten eta oso lehia estua izan zuten. Azken enborrean erabaki zen txapelduna. Nerea Sorondok lortu zuen garaipena. Herriko emakumeak hasi ziren lehian gero. Lokotxak biltzen, zaku-lasterketan, korrika, sagarrak biltzen eta aizkoran lehiatu ziren bi taldeak. Berdinketan amaitu zen norgehiagoka, eta soka-tiran amaitu zuten arratsaldea.

Trikiti doinuek lagunduta gerturatu zen jendea Plaza Etxeberri jatetxera. 80 pertsona inguru gerturatu zen afaritara eta, Unai Mendizabal eta Oihana Iguaran bertsolariek bertso umoretsuak eskaini zituzten. Afalostean, Xabier Pellejerok txapela jarri zion Alatzne Etxaburua aurtengo omenduari. Hunkituta eta esker-onez jaso zuen txapela. Berak botako du Amabirjin jaien hasiera iragarriko duen suziria.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!