Umeen garapen psikoemozionalari buruzko saioa, Estitxu Fernandezekin

Aiurri 2019ko mai. 8a, 13:09
Argazkia: Xumar Altzugarai Arakues

“0-3 etapa. Haurraren garapen psikoemozionala” izenburupean, Estitxu Fernandez psikologoak eta “Gure erditzearen jabe” liburuaren egileak, hitzaldia eskainiko du maiatzaren 11n, datorren larunbatean, Zizurkilgo Zubimusu Ikastolan. Saioa irekia eta doakoa da eta 10:00etatik 12:00etara izango da. Izen-ematea zabalik dago.

Fernandezek dioenez, gurasoak galduta daude. “Badago horrelako bonbardaketa bat psikologo, pediatra eta parekoen aldetik. Hamaika liburu eta iritzi ematen da eta ez oinarri zientifikoa duen zerbait. Eta gurasoak galduta daude”.

Psikologoaren ustez, gurasoari bere buruarengan konfiantza izatea falta zaio. “Gurasoak konfiantza izan behar du, barrura begiratu eta bere buruarekin emozionalki konektatu. Bere buruarekin eta umearekin konektatu behar du. Neurrira jaitsi, fisikoki ere bai. Ikusi behar da gurasoak zer behar dituen eta umeak zer behar dituen”.

Gurasoak mugak onartu behar dituela dio Fernandezek, gurasoek mugak dituztelako lanagatik, denbora faltagatik, ezintasunagatik… “baina ezin ditugu ezintasun horiek umearen gain jarri”.

Bi konexio horiek aldarrikatzen ditu psikologoak. Norberarenganakoa eta umearenganakoa. “Galdu egin dugu bide hori. Belaunaldiz belaunaldi egiteko modu bat jaso dugu. Haurtzaroari garrantzia ematen duela gutxi hasi gara eta autoritarismo batetik gatoz. Zama hori hor daukagu. Aditu mordo batek esaten digute: Titia edo biberoia? Lo amarekin edo bakarrik?...”

Estitxu Fernandezen iritziz, inork ez luke hor sartu behar “ama izateko modu asko” daudelako eta egoerak ezberdinak direlako. Umearen beharrak nola asetu ikusi behar da. “Biberoia eman behar badiot, nola emango diot?”

Larunbateko saioan 0-3 urte bitarteko haurren beharrez arituko da, oso ezberdinak direlako garaiaren arabera. “0-1 etapan dependentzia erabatekoa da. Umeak lotura batekin edo birekin izaten du. Pertsona gehiagorekiko atxikimendua oso modu progresiboan ematen da”. Biologiari kasu eginez gero, ama da paper hori betetzen duena. “Umeak behar du amaren gorputza, amaren azala. Beste norbaitek zaindu behar badu, ikusi behar da nola egiten den baina kontuan izan behar da hor mozketa bat dagoela, umeak ez du espero zuen pertsona hori. Adin horretan kontaktua erabat sentsoriala da”.

18 hilabetetik aurrera hasten dira autonomiaren bidea hartzen, “ezezkoak ematen eta ‘ni’ esaten. Iruditzen zaigu gauzak ulertzen dituela eta mugak jartzen hasten gara”. Fernandezen irudiko, onartu beharra dago umearen beharra dela autonomia, gauzak arakatzea… “Haurrak korrika egin behar du, zikindu, bere burua lurrera bota... Mugak jartzen badizkiogu, frustrazioak agertuko direla ere jakin behar dugu”.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!