2019ko udal hauteskundeak

"Alkategai izatea herrigintza egiteko beste formula bat da"

Aiurri 2019ko mai. 23a, 07:40
Iker Urruzola, Zizurkilgo plazan

Iker Urruzola Aizpurua EH Bildu

Erronka eta ohore moduan ikusten du Iker Urruzolak norberaren herriko alkate izatea. Ekimen ezberdinetan Udaletik gertu ibili izanak, egoerari aurre egiteko lasaitasuna ematen dio

 

Herrigintzan aritzetik alkatetzarako jauzia eman duzu...

Gustuko dut herrigintza eta aspaldidanik, herri mailan sortzen ziren ekimenetan parte hartzeko prest agertu izan naiz beti, lanerako gogoz. Orain arte bultzatu ditudan ekimenetako gogo eta ilusio berarekin, izugarriarekin, aurkitzen naiz erronka berriaren aurrean. 

Alkategai izatea herrigintza egiteko beste formula bat da eta gogotsu nago.

Zer diozu Udalak aurreko legealdian egindako lanaren inguruan?

EH Bildu sartu zenetik, herri-giroa sortu eta lortu dela uste dut eta horrek asko laguntzen du edozein proeiktu aurrera eramateko, bai hirigintza, kultura, kirola, aisialdia, ongizate eta beste arloetan. Herria piztu egin da, lan egiteko gogoa dauka. Azken zortzi urteetako balorazio oso positiboa egiten dut. Hirigintza aldetik ikusi besterik ez dago, baina batez ere ekonomikoki egin den esfortzua aipatuko nuke. Zorrak herenera jaitsi dira eta hala ere ekimen ugari eraman da aurrera: plazaren eraberritzea, futbol zelai berria, kultur mailako ekimenak, eta abar.

Zer falta du Zizurkilek?

Merkataritza arloa gehiago jorratu behar da. Horren harira konpromisoa hartu dugu merkatariekin maiztasunez elkartu, gabeziak aztertu eta irtenbideak bilatzeko. Martxan diren proiektuei jarraipena eman behar zaie. Adibidez, Plazida OtaÒo liburutegiko ikasgela birmoldatu beharko genuke eraginkorragoa izan dadin. Hirigintza aldetik, Bulandegi-bideko ingurua irisgarriagoa egin nahi dugu, oztopo arkitektonikoak ezabatuz eta kale hori herritartuz. Herrigunean kultur gunea botatzen dugu faltan eta helburu horrekin erosi zen Plaza Etxeberri. Herritarrekin batera aztertu nahi dugu nola antolatu. Gazteei etxebizitzak alokatzeko erraztasunak eskaintzeari ere lehentasuna emango diogu.

Zuen programako ildo nagusiak lirateke horiek...

Bai. Herritarrekin eta elkarte ezberdinekin elkartuta osatu dugu herri programa, haiek sentitzen dituzten beharretatik abiatuta. Proposamen guztiak zehaztasunez ezagutu nahi dituenak www.zizurkil.ehbildu.eus webgunean aurkituko du herri programa osoa. Proiektu guztia eta gure ardatz nagusia euskara eta feminismoa dira. Bi zehar lerro horietan oinarrituta hartuko ditugu erabaki guztiak.

Herritarrei mezurik?

Orain arteko lanaren ondorioa da hautagaiok EH Bilduko zerrendan aurkeztea. Gure zerrenda herrigintzan lanean ibili den herritarrez osatuta dago, lehenengotik azkenera. Orain artean, herritarrengandik gertu aritu gara lanean eta hala jarraitzeko helburua daukagu. Erakunde batean egotea ez da oztopo, alderantziz, lagungarri da.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!