2019ko udal hauteskundeak

"Zer hobetu asko dago eta ona da hori, herria bizirik dagoelako"

Aiurri 2019ko mai. 23a, 07:50
Jose Antonio Sanchez, PSE-EEk Zizurkilen duen egoitzan.

Jose Antonio Sanchez Almaraz PSE-EE

Zizurkilgo udaletxean oposizioan aritu da aurreko legealdian. Herriaren alde lanean jarraitzeko gogoz aurkezten du bere burua berriz ere, oraindik ere zer hobetu asko dagoela sinetsita

Zergatik erabaki duzu berriz ere PSE-EEko alkategai aurkeztea ? 

Beti interesatu zait politika eta Zizurkilen, oraindik ere, lan handia dagoela iruditzen zait. Zizurkildarren konfiantza jasotzen badugu, herritarren bizi kalitatea hobetzeko helburuarekin arituko gara lanean, ilusioz beti. 

Zein irakurketa egiten duzu azken legealdiaren inguruan?

Gai batzuetan aurreratu egin dugu. Elkarbizitza mailan, esaterako, duela lau urte baino hobeto gaude. PSE-EEko zinegotzia zizurkildarra izan eta bertan bizitzeak egoera hori erraztu egin duela uste dut. Beldurra galdu da ezberdin pentsatzearen inguruan. Herritar askorengan haserrea sortu zuen atez ateko sistemaren inposaketarekin abiatu ginen eta, legealdian zehar, haserre hori baretzea lortu dugu. PSE-EE, Udaleko oposizio bakarra izan gara, EAJ ez baita ia agertu ere egin. Pena da, lau zinegotzi edukita, beste oihartzun bat izan beharko zuketelako. Ni bakarra izanda, herriaren alde lan egiten saiatu naiz, proposamenak egiten. Udal gobernuak hartu dituen hainbat erabakiren aurrean kritiko agertu arren, konstruktibo izaten ahalegindu naiz. Oposizio eraikitzailea egitea garrantzitsua iruditzen baitzait.

Zein dira Zizurkilerako dituzuen proposamen nagusiak?

Bulandegi-bidea egokitu eta oztopo arkitektonikoak kendu behar direla esaten ari naiz aspaldian eta ikusi dut beste alderdiek ere euren programatan sartu dutela orain. Bestalde, ikastetxe barruko nahiz kanpoko ekintzak gauzatzeko, OtaÒo eskolako pilotalekua egokitu behar dela uste dugu. Era berean, Danena futbol zelaiaren ondoan beste kirol instalakuntza bat egitea aspaldidanik eskatzen ari gara, baita bertako aparkalekuak egokitzea ere. Udala eta herritarrak eskatzen ari garen biala burutu bitartean, arazo horri irtenbidea eman nahi diogu beste bide bat eginez eta trafikoa bertatik bideratuz. Noski auzoen arteko harremana ere bultzatu nahi dugu eta baita, besteak beste, herriko merkataritza ere. Zer hobetu asko dago Zizurkilen eta ona da hori, herria bizirik dagoela esan nahi baitu.

Zein emaitza eskuratu nahiko zenukete?

Gure helburua beste zinegotzi bat gehiago lortzea da eta aurreko legealdian egindako lana kontuan izanda, merezi dugula uste dut. Hauteskundeak eta gero, negoziatzeko prest gaude, beti ere herria hobetzen laguntzeko helburuarekin. Alderdi mailan EAJrekin lehentasuna izan arren, EH Bildu entzuteko ere prest gaude. 

Aurrena, ordea, bozkatu egin behar da. Oso garrantzitsua da herria nork gobernatu erabakitzea eta bozkatzera joateko deia egiten diet herritarrei.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!