2019ko udal hauteskundeak

Iker Urruzolak hartu du Zizurkilgo alkate kargua

Aiurri 2019ko eka. 15a, 13:12

11:30ean izan da alkatetzarako kargua hartzeko ekitaldia Zizurkilgo Udaletxean. Herritarrak eta alkate nahiz zinegotzien familiarrak ere bertaratu dira ekitaldira.

Oposizioko alderdiei hitza eskainiz hasi du bere jarduna Iker Urruzolak. Alderdi sozialistako kide den Jose Antonio Sanchezek adierazi duenez, "orain arte jorratu dugun bide beretik egingo dugu lan. Oposiziotik konstruktiboak izango gara, eta hitz egiten jarraitzea gustatuko litzaiguke". EAJ alderditik Mari Angeles Lazkanok hartu du hitza: "Ea guztion artean elkar lanerako giroa sortzen dugun".

Jarraian, eskerrak eman ditu Urruzolak berarengan jarritako konfidantzagatik. "Niretzako benetako ohorea da Zizurkilen jaio eta Zizurkilgo alkate izatea". Taldean lan egitearen garrantziaz hitz egin die zinegotziei: "Zuen beharra lantalderako ezinbestekoa da. Kolektibotik lan egingo dugu".

EH Bilduren aldeko botoa eman zutenei ere eskerrak luzatu dizkie. Eta beste aukera baten alde egin dutenei ateak EH Bilduren jarrera "irekia" izango denaren mezua luzatu die, udaletxeko ateak zabalik egongo direla eta elkarlanerako prest daudela azpimarratuz.

Bere hizketaldian zehar euskal presoen egoera salatu nahi izan du, eta baita euskal presoei babesa emateagatik epaitzera deituta dauden 47 euskal herritarrei. "253 herritar dauzkagu ziegetan ezin dituztenak beren alkatetzak, alkategaiak babestu. Baita ere erbestean dauden milaka herritar, ezin direnak etxera itzuli. Hemendik gutxira bakearen alde lan egin duten gure 47 lagunek epaiketa hasi beharko dute, gure babesik eta indarrik sendoenak".

Kanpainan zehar EH Bilduk osatu duen herri programa ekarri du gogora. "Gure herri programa herrigintzan oinarritzen da, eta herri programa zizurkildarrekin daukagun kontratua da. Kontratu horretan betebeharrak besterik ez dauzkagu eta horiek ilusioz eta gogoz aurrera eramateko saiakera egingo dugu". Feminismotik, gazteak kontutan hartuz, merkatariei hitza emanez, ongizate politikak errotuz eta nekazalguneak errespetatuz lan egingo gehitu dio Urruzolak. "Horretarako izan oposizio, izan herritar gure ateak, gure eskuak zabalik dauzkagu elkarlanean lan egiteko eta bidelagun izan nahi baduzue hemen egongo gara. Denon artean koloreztatu dezagun Zizurkil. Eta aginte makilak dioen bezala hitza hitz eta gu hitza betetzera gatoz".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!