Elbarrenako jaiak 2019

Jaien hasierako ekitaldia Bukalai taldearen eskutik

Olatz Lasa 2019ko ira. 5a, 07:58

Iluntzeko 20:00tan eurak izango dira txupinazoa jaurtitzeko arduradunak. Igande eguerdian emanaldi berezia eskainiko dute. Bukalai taldeko kideak pozarren dauden aurtengo jaietan eskaini dieten aukerarekin.

Andramariak amaituta, Elbarrenakoen txanda da orain. Nabari al da festan jarraitzeko gogoa?

Jendea gustura egoten da Elbarrenako jaiei itxaroten. Zizurkil Goikoekin alderatuta ezberdinak dira. Oporren bukaera eta ikasturte berriaren hasiera da, horregatik jende ugari biltzen da festetan.

Eta jaia lehertzearen ardura zuena da…

Harrituta gaude, sorpresaz harrapatu baikaitu. Polita da eta pozik gaude.

Gu ez gara igoko txupina jaurtitzera, dantzariei emango diegu protagonismoa, ea animatzen diren.

Jaietako igandean eskainiko duzue dantza emanaldia plazan. Nolakoa izango da?

Ikasturtean zehar ikasitako dantzen laburpena izango da. Egun, 95-100 dantzari inguruk osatzen dute Bukalai dantza taldea, lau urtekoetatik hasita hemezortzi urte ingurura arte. Taldetan banatuta daude, eta talde bakoitzak bi dantza eskainiko ditu. Gutxi gora-behera ordubete pasatxoko saioa izango da.

Noiz eta zergatik sortu zen Bukalai dantza taldea?

Aspalditik dator, baina denboraldi batez etenaldia izan zuen jendea taldea uzten joan zelako. 35-40 urte inguru izango dira; eta berriro ere martxan jarri zela hamar bat urte. Etenaldia egon zen tarte horretan udalak dantza ikastaroak antolatu zituen euskal dantzak ikasteko eta Ibarrako Allur dantza taldeko dantzariak ekarri zituen irakasle.

Egun nortzuk dira irakasleak?

Lau irakasle bertako ikasleak dira, eta beste lau Ibarrako Alur dantza taldekoak. Irakasle batzuk herrikoak izanda, txikienek ikusten dituzte beren eredu diren herritarrak eta horrek ere indarra ematen die. Ondo legoke mutilen bat ere irakasle izatea.

Mutil gutxiago animatzen da dantzara orduan...

Askoz ere gutxiago. Txikien taldean parekatuago daude neskak eta mutilak helduen taldean baino. Helduen taldean, hamaseitik hemezortzi urte bitartekoetan, ikasketek dute eragina. Mutilak dantzara gerturatzea da gure erronka, futbolak indar handia baitu oraindik.

Gaztetxoenek nola bizi dute urtean zehar ikasitako dantzak jaietan plazan familiaren eta lagunen aurrean erakustea?

Emozioz eta urduritasunez. Izugarrizko ilusioa egiten die. Jaietan da, beraiek dira protagonista eta beren herrian daude. Familiako kideak etortzen dira; gurasoak, aiton-amonak… Gainera, igandearekin izaten da emanaldia eta horrek jende gehiago etortzea ahalbidetzen du.

Urtean zehar hiru emanaldi eskaini ohi dituzue: San Juan bezperakoa, Elbarrenako jaietakoa eta Olentzeroren eta Mari Dominginen etorrerakoa. Zein da denetan bereziena?

Ezberdina da adin tartearen arabera. Maiatza inguruan Zizurkil Goian gauez eskaintzen dute emanaldia, eta hori da helduenentzat denetan garrantzitsuena. Txikienentzat, berriz, jaietakoa da bereziena.

Bestalde, azaroan dantzari eguna ospatuko dugu. Herrikoentzako emanaldi berezia izango da, eta herri txikietako dantza taldeak gonbidatuko ditugu.

Zer dute berezi Elbarrenako jaiek?

Zizurkil Goiko jaiak eta Elbarrenakoak oso ezberdinak dira. Bakoitza bere auzoak erakartzen du, zure bailarakoak ezberdin bizitzen dira.

Elbarrenako jaien berezitasuna kuadrillen parte-hartzean dagoela esan daiteke. Kuadrilla guztiek dute jaietan egitekoren bat, oro-har, bluxa guztiek hartzen dute parte.

Gainera, Elbarrena ondo dago komunikatuta Andoainekin, Tolosarekin eta Villabonarekin eta horrek jende gehiago erakartzen du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!