Elbarrenako jaiak 2019

Erraldoiak dantzan, buruhandiak eta haurrak korrika

Ainhoa Arozena 2019ko ira. 8a, 22:12

Erraldoi eta buruhandien konpartsak Zizurkilgo kaleak zeharkatu ditu gaur arratsaldean. Haur, gazte eta heldu, jende ugari bildu da kalejiran. Zizurkilgoak ez ezik, Amasa-Villabona, Añorga, Lasarte eta Goizuetako erraldoiak ibili dira kalez kale; Zizurkil nahiz Amasa-Villabonako buruhandi eta ipotxez lagunduta.

Erraldoiak dantzan eta buruhandiak haur eta gaztetxoen atzetik korrika. Doinu alaiez lagundutako kalejira izan da, koloretsua eta polita. Amaieran, konpartsa bakoitzak bere emanaldia eskaini du Joxe Arregi plazan. Guztiek batera dantzan amaitu dute saioa.

Berrikuntza gisa aipatu, Zizurkilgo bi emakumeen erraldoiak bi emakume zizurkildarrek ekarri dituztela plazara dantzan lehenengoz. Maite Amenabar eta Ainhoa Urruzolak euren saiakeragatik txaloak jaso dituzte.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!